Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Sakontzeko pausoa NUPen

2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Erizaintza ikasketak euskalduntzeko bidea hasi du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak: irailetik aurrera, euskaraz egin ahalko dituzte Erizaintza graduko lehen seihilekoko ikasgaiak. Lehen pausoa da euskarazko adarra sortzeko: unibertsitateak «borondatea» azaldu du gainerako mailetan ere ikasgaiak euskaraz emateko. Hizkuntza eskubideak bermatzeko pausoa da, urteetako aldarrien ondoren lortua, eta aintzat hartzekoa: ikasleen hizkuntza eskubideak betetzen hasiko dira, eta, are, ikasketak euskaraz emanda, oinarria jarriko dute osasun arloan hizkuntza eskubideak berma daitezen.

Pauso garrantzitsua da, baina euskararen esparruan urrats gehiago egiteko premia larrian dago NUP. Bi gradu soilik ikas daitezke osorik euskaraz: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza. Beste gradu batzuetan ikasgai solte batzuk egin daitezke; beste batzuetan, batere ez.

Euskarari galga jartzeko asmoz, argudio gisa maiz erabiltzen dute Nafarroan «errealitate soziolinguistikoa», esan nahirik bidegabea dela euskarari tokia egiteko neurriak hartzea. Aurkakoa gertatzen da NUPen. Azken euskara plana 2017koa da, eta datuak argiak dira: unibertsitateko hiru ikasletik batek badaki euskaraz, selektibitatea euskaraz egiten du lautik batek, baina euskaraz bi gradu soilik egin daitezke, eta ikasgai solteak zenbatuta, bostetik bat. Euskalduntzeari galga jartzen dio egungo eskaintzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.