Galiziako bozak. Noa Diaz. PSdeGren diputatugaia

«Galizian, ezkerreko alderdi politikoek elkar ulertzen dute»

PPGko buru Alberto Nuñez Feijooren sostenguez galdetuta, Diazek argi du erantzuna: «Ezer egiten ez duena ez da inoiz nahasten». Ziur da, hala ere, eskuina atzean uzteko gai izango direla, hura baita «gainditu behar den aurkaria».

ANDER PEREZ ZALA.
ander perez zala
Santiago
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun

Noa Diazek (O Saviñao, Galizia, 1974) Santiago de Compostelako alde zaharraren erdigunean jarri du elkarrizketarako ordua, leku «lasai batean». Airas Nunes kafetegia da: «Kafe oso ona dute». Ordea, kafetegia oraindik itxita dagoenez, ondoko lokal bat proposatu du; ez da edonolakoa, kasino zaharraren eraikina baita. Egun, azpiko solairuan taberna bat jarri dute, eta hori ere bada toki lasaia; bezero bakarra dago.

Diazek kanpainako ekitaldi baten bezperan hartu du BERRIA: egun, hiriko zinegotzia da, eta datorren igandeko hauteskundeetara aurkeztuko da, PSdeG Galiziako Alderdi Sozialistaren Coruñako zerrendako bigarren postuan. Hain justu, bere alderdiaren eskumutur batekin agertu da elkarrizketara.

Zer moduz doa kanpaina?

Ondo. Gero eta ilusio handiagoa dugu, eta gero eta biziagoa izaten ari da. Jendeak parte hartzeko gogo handiagoa du. Alderdi politiko guztiek genuen kezka zen egunotakoa ez zela kanpaina bat izango, baina azkenean betiko kanpaina bat da. Hori bai, tristeagoa da, publikoak gutxiengo distantzia bat mantendu behar duelako, maskarak soinean dituztela. Besarkadarik ere ez dago.

Hauteskundeen kanpaina ezkerreko hirukoaren eta Alberto Nuñez Feijooren artekoa bilakatu da.

Bai, ezkerra eskuinaren kontrakoa bilakatu da. Gobernatzen esperientzia dugu, eta uste dut [koalizioak] funtzionatuko duela. Feijooren 11 urte oso gogor izan dira galiziarrentzat. Ez du ezer egin. Inork ez du ongi ulertzen non dauden Galiziako aurrekontuen 10 mila milioi euroak, ez baitute ezer egin.

Asteleheneko eztabaidan, ezkerreko alderdi politikoetako hiru buruzagiek harreman ona eta elkar ulertzea erakutsi zuten. Hala da benetan, ala saio horretarako estrategia bat izan zen?

Galizian, ezkerreko indarrek elkar ulertzen dute. Parlamentuan, esaterako. Aldaketa bat beharrezkoa da, eta, noski, gauza batzuk zehaztu beharko ditugu. Gainditu behar den aurkaria eskuina da.

Ezkerreko koalizio posibleaz, berdin du nor izango den horien artean lehena, PSdeG edo BNG Bloke Nazionalista Galiziarra?

Guk lehena izan nahi dugu. Baina, noski, desberdina izango da [Gonzalo] Caballero bada liderra edo hura ez bada. Baina lehenak izango gara.

PPG ala BNG, zein da zuen aurkari nagusia parlamenturako hauteskundeetan?

PPG, hori da aurkari bakarra. Eskuineko gobernuak amaitu egin behar du.

BNGrekin eta Galicia en Comun-Anova Mareasekin harremanak zer-nolakoak dira?

Onak dira. Ni berria naiz politikan, aspaldidanik militatu dut alderdian, baina maila honetan berria naiz, eta iruditzen zait aspaldidanik direla onak. Are gehiago, kontuan hartuta ados jarri behar dugula herrialde honek aurrera egiteko helburuan.

Inkestak eta Feijooren jarrera ikusita, badirudi okerrago zegoela pandemiaren aurretik orain baino.

Ezer egiten ez duena ez da inoiz nahasten, eta Feijook ez du ezer egin. Batetik, harriak bota dizkio Espainiako Gobernuari, esanez ez zuela eskumenik egoerari aurre egiteko; baina badu. Bestetik, pandemiaren kudeaketa udalen esku utzi du; guk udalen %55etan gobernatzen dugu, eta pandemiari aurre egin behar izan diogu. Hori egiten jakin dugu, baina beti Xuntaren laguntzarik gabe.

Ez duenez ezer egin, litekeena da nahastu ez den pertzepzioa egotea, baina, egiaz, ez du ezer kudeatu. Halere, uste dut galiziarrak horretaz konturatzen ari direla: protestak daude, hezkuntza sektorea borrokan ari da eta Galizia erkidego bakarra da eguneko zentroak oraindik ireki ez dituena.

Badira asko zentro horiek behar dituztenak beren tratamendua jasotzeko. Hezkuntzan ez dute ezer egin, eta eskolek oraindik ez dakite irailean zer egoeratan hasiko diren.

Ziur naiz Feijoo kudeaketa lanetan hasiko dela [hilaren] 13an, 14an edo 15ean; orduan jakinaraziko ditu hezkuntzarako protokoloak. Zergatik ez ditu orain jakinarazten? Hezkuntza sektorekoak borrokan hasiko direlako.

Feijooren hauteskundeetarako afixetan ez da ageri PPren siglarik.

Feijoo Feijoo da, eta bera da aurkezten dena. Argi dut haren helburua ez dela Galizia, Madrilera joatea baizik. [Pablo] Casadoren politikek lotsa ematen diote, eta hura izango du aurkari. Madrilera joan nahi duenez, siglak ezkutatzen ari da, lotsa duelako. Gainera, Feijoo ez da moderatua, Madrilera joateak ez du esan nahi alderdiko moderatuena bilakatuko denik. Oraintxe, distantzia bat nahi du bere alderdiarekin.

Boto emaileen %30 zalantzati daude. Kopurua handia da. Beldur zarete mobilizaziorik ezaz?

Demokrata bat beti kezkatzen du abstentzioak. Baina uste dut azkenean jendea bozkatzera joango dela. Finean, zalantzati direnak ezkerrekoak dira; ez zalantzatiak direlako, erabakitzeko prozesua gogoeta handikoa delako azkenera arte. Ziur naiz %30 horiek ezkerreko gobernu baten alde egingo dutela.

Asko pasatu da eskumen berriak jaso zenituztenetik. Agintera iristen bazarete, gehiago eskatzeko asmoa duzue?

Lehenik zehaztu egin beharko genuke Galiziako eskumenen mapa. Hasteko, eskumen horiek erabili behar ditugu, hori da guk nahi duguna; egungo gobernuak ez ditu baliatu. Industrian, esaterako, hemen ez da ezer egin. Eskumenak erabili ostean, orduan bai, pentsa dezakegu ea gehiago behar ditugun.

Baina gustatuko litzaizuke eskumen gehiago izatea?

Ez dakit zein nahiko nituzkeen. Federalista naiz; beraz, uste dut erkidegoen eskumenek beste modu batera egon behar dutela definituak. Halere, ez dut uste Galizian hori denik egungo eztabaida; ez gehiago nahi ez ditugulako, baizik eta lehenik orain ditugunak erabili behar ditugulako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.