urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Hizkuntzen lehia

2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
New Yorkeko jatetxe batean zerbitzariak espainieraz ari zirelako sumindutako bezero baten bideoak oihartzun handia izan du. Biral bihurtu da, Bill de Blasio alkateak gaitzetsi du gertatutakoa, aniztasunaren indarra aipatu du eta gogora ekarri 200 hizkuntza baino gehiago egiten direla hirian, «denak dira newyorktarrak eta hemen ongi etorriak».

Brexit-aren erreferendumak eta Donald Trumpen agintaldiak nazionalismo baztertzaile eta arrazista hauspotu dute; belarri elebakarrei mingarri zaie beste edozein hizkuntza entzutea. Apirilean espainieraz egiteagatik jipoitu zuten emakume bat Londresko metroan, eta polonieraz egiteagatik ere hainbat laguni eraso diete Ingalaterrako hirietan. Itsukeria ez da atzerritarren aurka soilik: Galesko jatetxe bateko nagusiak kontatzen zuenez, behin baino gehiagotan kexatu zaizkio bezero ingelesak zerbitzariek galesez egiten zutelako. «Ele bitan ditugu menuak, eta galesezkoak zorura botatzea gerta izan zaigu, eta iruzkin itsusiak egitea». Erresuma Batutik eta AEBetatik kanpo, Irlandan ere hala gertatzea biziki penagarria da: iazko irailean gaelikoaren aldeko elkarteek Corkeko pub baten protesta antolatu zuten, nagusiak zerbitzari bati lanean gaelikoz egitea debekatu ziolako.

New Yorken gertatutakoak badu berezitasunik, Euskal Herritik begiratuta: gurean mendetan hizkuntza jaso eta dotorea zena, hura txarto edo euskal kutsuz egitea burlarako erabiltzen zen hizkuntza, nola kokatzen den arlotearen rolean munduko herrialde boteretsuenean. Egiazko emakumeek kurbak dituzte film ederrean, Los Angeleseko nerabe baten istorioa kontatzen da. Ikasle ona da, baina amak eskolatik atera eta oihal lantegira joatea nahi du. Une batez irakaslea familiaren etxean agertu eta aitarekin espainieraz hasten da, baina hark «badakit ingelesez» esan eta solasaldia ingelesez da aurrerantzean. Hau da, ingelesez jakin zein ez, bazuten espainieraz jarraitzea solasaldia, baina eszenak agerian uzten du zeinek daukan boterea eta zein erabiltzen den besterik ezin denean. AEBetako edozein jolas-parketan ikusiko dituzu guraso latinoak espainieraz eta seme-alabak ingelesez elkarrekin, baita gurasoengana ingelesez zuzentzen ere sarritan. Berriki antzeko zerbait ikusi nuen Gibraltarren: denek dakizkite biak, baina gurasoen artean llanitoz egitea da ohikoena —Cadizko azentudun espainiera, Gibraltargo hitzak tartekatzen—, eta umeentzat ingelesa da lehen hizkuntza. Alderantziz ere gertatzen da: Amerika Erdialdeko Karibean, Nikaraguatik Panamaraino gutxienez, Antilletako jatorria duten beltz komunitateek ingeles jamaikarrari eusteko eginahaletan dihardute, etorkin kriollo espainiera hiztunen eta bizi diren estatuen hizkuntza eta hezkuntza politiken aurrean.

Beti dira interesgarriak hizkuntzen mekanismoak, espazio berean bizi diren bi hizkuntzaren artean dagoen lehia zelan gauzatzen den aztertzeko. Eta legeak, berak bakarrik, ez du eragin handirik horretan. Ezaguna denez, AEBetan ez dago hizkuntza ofizialik. Egon dira ahaleginak konstituzioa aldatzeko baina ez dute egundo lortu. Maila federalean, alegia, 30 estatu inguruk, erdiek baino gehiagok, ingelesa ofizial izendatu dute, eta bik, Hawaiik eta Alaskak, hawaiiera eta Alaskako hogei hizkuntza indigena ofizialdu dituzte. Baina izendapenak ez ditu hizkuntza horiek automatikoki indartu, ez dago paper publikorik edo bide seinalerik ez ezer, aitortza sinbolikoa da nagusiki. Hawaiin urrats interesgarriak egiten ari dira XX. mendeko hondamendiaren ostean —1890 arte hawaiieraz bizi zen lurralde independentea zen, eta 70 urte beranduago hizkuntzaren transmisioa etenda zegoen—, baina herritarren ekimenak dakar legedia egokitzea. Era berean, AEBetan ingelesa ofizial ez izateak argi uzten duena da idatzi beharrik ere ez dagoela, sorreratik ingelesez funtzionatzen duen herrialdea baita. Katalunian bide hori proposatu zuten batzuek, espainierak koofizialtasunik behar ote zuen planteatzean: hizkuntza ofizialik gabeko errepublika sortzea, katalana estatu-hizkuntza izango zuena, eta unearen eta lekuaren arabera ebatziko zuena beste zein hizkuntza erabili. Frantsesak Hego Euskal Herrian bultzada berria beharko lukeela mahai gaineratu da berriki. Ez dago txarto herritarrek lau hizkuntza jakingo dituzten errepublika bat irudikatzea, baina errepublika horrek egiaz zein hizkuntzatan egingo duen, hegemonia zeinek izango duen landu beharko litzateke. Eta inork aipatu gura ez duena: egun hegemonia daukan hizkuntzari zelan kendu, galarazi rol hori, zure hizkuntzak har dezan leku hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.