Katixa Dolhare-Zaldunbide.
HIRUDIA

Urte berri on, bake eta zorion!

2016ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ohiko moduan, 2016a hasten dela eta, urte berri on opatuko dizuet, zutabekide eta irakurleok. Halako ahala banu, denbora librea eskainiko nizueke, gustuko irakurketak egiteko, hatsa hartzeko eta maite dituzuen presonendako behar dukezuen asti guzia eduki dezazuen. Zoritxarrez, ez dut horrelako podererik: bakoitzak ahal bezain ongi kudea dezan lanetik kanpo geldituko zaion denbora, hori opatu baizik ez diezazueket egin.

Telebistarik ez daukagu etxean, baina adiskide batek erran daut frantsesezko emankizun batean berriki galdekatu dutela lan sistematik nahitara ateratu jendea: ahalgerik gabe aitortu du behin antolatuz geroz etxekoen oinarrizko beharrak segurtatzeko —auzokoekin trukadan arituz, baratzea eginez eta kabala batzuk haziz—, lehen baino anitzez urosagoa gertatzen dela, batez ere irakurtzeko, ikasteko eta gogoetatzeko denbora sortu baitzaio. Horra Proust eta Saizarbitoria eritu gabe gozatzeko aterabidea...

Lan denbora eta indarjalearen gaiak Itxaro Borda idazlearengana eramaten nau, hainbat liburutan doinu trufakorrez aipatzen duelako. Haren azken eleberria, Ultimes déchets (Maiatz, 2015) elebidunez plazaratu du, eta hortaz hitz egin nahiko nizueke aldi honetan.

Iparraldeko idazle-irakurlegoa hartuko dut kontestutzat, hori dudalako hobekien ezagutzen. Jadanik azpimarratua nuen kronika batean autoitzulpengintzaren gaia; horri lotu daiteke Ultimes déchets bezalako obra elebidunen argitaratzearen erronka. Pentsatzen dut gisa horretako obrak, Iparraldeko euskal irakurle eta idazle gehienentzat, euskal nortasunaren eta idazle funtzioaren ukazioa, edo berdin frantses kultura zapaltzailearen garaipen seinale direla; eta kultura frantsesean hain itoak garenoi beharrezkoak zaizkigulako hatsa hartze guneak, logikoa dela literatura hizkuntzaren oasi salbatzaile eta salbagarritzat ikustea. Ildo horretatik, erran daiteke Itxaro Bordaren azken nobela euskal literaturaren hondakina besterik ez dela, euskal literaturaren noblezia sakrifikatu dukelako irakurlego zabalagoaren biltzeko. Euskara desagertzekotan dela eta, ez ote luke irakurlegoak euskara ikasten ahal, euskaraz irakurtzeko gisan? Ez ote da jendea alferkerian usatzen, frantsesezko bertsioa euskaraz denaren parean proposatuz? Eta ez ote da euskaraz hatsa hartu nahi duenaren airea kutsatzen frantsesezkoaren bista ezarriz? Ultimes déchets bezalako «hondarrak biltzea, gaztigua [ote da]» literaturzale euskaldunarentzat?

Bizkitartean, nahi ala ez, mundua ez da garbia, «sinetsi ezinezko hondarkin puloa» da, menturaz «birziklatu ezina». Kultura eta mintzairek ere bat bestea etengabe kutsatu eta kutsatzen dute. Egia erran, plazer hartu dut euskarazko bertsioa irakurri arau frantsesezkoa ere leitzea, neurtzea bakoitzaren literariotasuna, moldaketez ohartzea, asmakuntza linguistikoak atxematea, bi hizkuntzen arteko harreman baketsuaz gozatzea.

De la grammatologie saiakera famatuan, Jacques Derridak idatzi zuen gauzen jatorria erdietsi ezinezko ideal bat baizik ez zela. Gure kasuan ere, aitortzekoa dugu aniztasun kultural-linguistikoan haziak gaudela: idazle euskaldunek, euskaraz idaztean ere, aniztasun horren bahetik dukete egiten, kontzienteki ala ez. Ultimes déchets bezalako liburuek errealitate hori dute soilik irudikatzen, bai eta gonbidapena luzatzen ere hizkuntzen artean baketsuki ibiltzera.

2016an, a priori-ak birziklatuz jakin dezagun bakea aitzinarazten eta urte berria literaturaren bidez bederen zoriontsu iragan dezagun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.