«Neure buruaren autokritika eginez, kritika zabalago bat ere badago»

Juan Luis Zabalak 'Txistu eta biok' kaleratu du, ibilbideko bosgarren nobela, Irun Hiria literatur sariduna. 'Ate osteko itzalak' plazaratu du Asier Serranok, poesian sarituriko lana

Asier Serrano eta Juan Luis Zabala, 2015eko Irun Hiriko Kutxa Literatur saridunak, nor bere liburuarekin. JON URBE / ARP.
Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2016ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Sekula ez dio utzi idazteari Juan Luis Zabalak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963), baina aitortu du bere burua idazle modura «agortuta bezala» sentitzen hasia zela. Oraintsu arte kazetari lanetan aritu da BERRIA egunkarian, eta egun itzultzaile gisa ari da. Blog-egunkari moduko bat ere aldika elikatu izan du Inon izatekotan goiburupean. Eta izenburu horrekin plazaratu zuen narrazio liburu bat, 2006an. Orduz geroztik, haur eta gazte literaturako hainbat lan eta Maltzeta, soinu bete bihotz(Trikitixa Elkartea, 2012) biografia ere plazaratu ditu. «Egunkari moduko hori idazten nuen, baina ez nion forma literariorik ematen. Ez zitzaidan ateratzen ez poesia moduan, ez ipuin, ez nobela».

Baina gertatu zen idazteko molde literarioarekin berriro topo eginarazi zion ausazko egokiera kateatze bat. Garrantzitsuena, eta horregatik ekarria du izenburura ere, Txistu txakurrari gaitza diagnostikatu zioten eguna. «Espondilitisa diagnostikatu zion albaitariak, eta egun horretan hasten da BERRIAko kazetari hau idazten: 'Hau berri txarra da niretzat, baina zenbateraino da berri txarra? Ze azken finean txakur bat da, nire familiako edo etxekoa da, baina txakurra da'. Horrela abiatzen da idazteko prozesua».

Idazten zuen hura nobela forma hartuz joan zen apurka: «Pertsonaiaren izenik ez da agertzen liburuan, baina, ni orduan bezala, BERRIA egunkariko kazetaria da, eta, nik bezala, txakur bat dauka etxean.Txakurraren kontutik hasita, prozesu horretan gauza gehiago sortuz joango dira: tartean, gogoeta asko dago gauza askoren inguruan. Politikaz, linguistikaz, feminismoaz eta matxismoaz, literaturaz...». Behin amaituta, Zabalak Irun Hiriko Kutxa Literatur Lehiaketara aurkeztu zuen lana, eta saritua izan zen euskarazko nobelaren alorrean. Algaida argitaletxeak plazaratu berri du liburua, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian. Hamasei urte igaro dira, bere aurreko nobela, Agur, Euzkadi (Susa, 2000) kaleratu zuenetik.

Autofikziotik oso hurbil

Liburua zehazki autofikziotzat har litekeen zalantza egiten du Zabalak, «egilearen izena ez baita aipatzen», baina liburuko protagonista eta kontalaria idazlearen alter-ego bat dela inolako eragozpenik gabe aitortzen du ; «disimulu gutxi dago, biografikoki ere nigandik oso gertu baitago, eta oso erosoa egin zait horregatik». Idazketa hori erabiltzeko «bereziki lagungarri» izan zitzaion garaitsu hartan irakurritako Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat liburua.«Ikusarazi zidan idatz nezakeela autofikziotik gertu dagoen zerbait. Berak bere liburuan gainditzen zituen traba asko nik ere gaindi nitzakeela ikusi nuen, eta bide batzuk ireki zizkidan». Eta idazketa moldean beste zenbait aztarna ere jaso zituen Jon Alonsoren Zintzoen saldoa liburutik. Trama poliziako bat da liburu haren oinarria, «baina kontalariak tarteka jarduten du honetaz eta hartaz, pentsatzen duenaz halako excurso batzuk eginez; horrek ere askatasuna eman zidan». Txistu eta biok liburuan ere badago trama poliziako bat, «nahiz eta ez den batere landua eta biribildua, nahiko trama poliziako patetikoa da, kutrea».

Arte garaikidearen inguruan azken urteetan duda asko izan ditu Zabalak, «egun badirudi edozer gauza izan litekeela-eta arte garaikidea», baina, paradoxikoki, arte garaikidean dagoen askatasunak ere eman dio biderik liburua idazteko orduan: «Arte garaikidean badago askatasun bat egun literaturan ez dagoena. Orduan pentsatu nuen, nik libre idatziko dut eta gero gerokoak...».

Kulturaz eta kulturaz nagusitzen ari den ikusmoldeaz kritiko ageri da Zabala liburuan. Honela dio pasarte batek. «Kultura, egun eta hemen, hamarretik bederatzi eta hiru laurdenetan gutxienez, merkataritza, turismoa eta erakunde ofizialen propaganda da; edo, onenean, denbora-pasa entretenitu, atsegin eta kontsolagarria norbanako desaktibatu, desartikulatu eta atomizatuontzat. Denok esaten dugu, aho betean, kultura oso aberasgarria dela guretzat eta gure gizartearentzat, baina errege hori biluzik ikusten dut nik, gero eta biluziago, inor ganoraz janzteko gero eta ezinduago». Zabala saiatu da bere bosgarren nobelan «barne miseriak» agertzen, «baina pertsonalak ez ezik, uste du «sozialak» ere badirela: «Nire barrura begiratu eta nire alderdirik ilunenak ateratzerakoan, gaur egungo gizartea ere islatzen da neurri handi batean, eta, bereziki, nire belaunaldiko gizonak eta itxuraz ezkertiarrak direnak. Neure buruaren autokritika eginez, kritika zabalago bat ere badago».

Poesiaren «ukendua»

Autokritika eta kritika ditu tonu nagusitzat Zabalaren kontaketak,eta idazketa terapeutikoaren fereka erabili du, aldiz, Asier Serranok Ate osteko itzalak poema liburua ontzeko; hark irabazi zuen iazko Irun Hiria Kutxa Literatur saria euskarazko poesiaren sailean; Algaida argitaletxeak berak plazaratu du. «Oso min pertsonal batetik abiatutako poemarioa da», egileak berak atzo egindako aurkezpenean azaldu zuenez. Maitemina du gai nagusitzat, «denok pasatu dugun edo pasatuko dugun maitemin hori, zerbaitegatik du hitzak berak min hori bere baitan».

50 poema inguru ditu liburuak, eta «guztiek dute itzalen bat, bai kontakizunean eta baita izenburuan ere». Honela dio, esaterako, Ez dagoenaren itzala poemak. «Ondoan zauzkat lo/ eta esango nuke/ zuk egiten diozula enbarazu / nire gogoan kokatu den itzalari». Serranok «momentu pertsonal gogorrean, krisi betean» zela idatzi zituen poemok, eta terapia gisa erabili zuen idazketa: «Itzaletik argi zuloak bilatu nahian ibili naiz, eta idazketa bera ukendua izan da niretzat». Urtebete inguruko kontaketa egiten da liburuan, eta, azken poeman, Ate aurreko itzala-n «argirako bidea ageri da; oraindik ere maitemintzeak merezi duela, alegia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.