Inigo Astiz
ANALISIA

Eredu 'povera' bat

2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bi hilabetez koronabirusak eragindako zailtasunekin lehian aritu ostean, aurreko astean hil egin zen Germano Celant arte historialari eta komisario italiarra. Sorterrian bisitatzen zituen hango eta hemengo erakusketetan, artistei behin eta berriz igartzen zien baliabide merkeak baliatuz arte ofizialetik urruntzen zen joera hari arte povera izena jartzeko azertua izan zuen 60ko eta 70eko hamarkadetan. Artean, 27 urte besterik ez zituen orduan, baina itu-ituan jo zuen hitzarekin. Kontzeptuak gerora izan duen hedapen eta ibilbide oparoa kontuan hartu besterik ez dago hori baieztatzeko, eta, haren heriotzari buruzko testuetan ere, hedabide guztiek nabarmendu dute datu hori, gerora egindako gainontzeko lan eta ekarpen guztien gainetik, eta akaso ez da kasualitatea, krisi egoera berrian Celanteren asmakizun hark balio dezakeelako hemendik aurrera etor daitekeen kulturgintzak ere ezaugarri berriak izango dituela gogoratzeko.

Eredu baten azkena heldu ote den aipatu du egunotan prentsan, esate baterako, Manuel Borja-Villel Madrilgo Reina Sofia museoko zuzendariak. «Erakusketa handiak iraganeko kontua dira», esan du. «Mundu horrek bizia du bere gorena. Jadanik pasatu da. Agian krisi honek bizkortu egingo du jadanik hor zegoen joera bat». Eta ez dirudi, beste diziplinetan ere, handitasuna sasoirik onenean denik.

Agintariek oraingoz ezarritako osasun baldintza minimoekin, bistakoa du amaiera, adibidez, musika jaialdi jendetsuz zipriztinduta egon ohi den udak. Aste honetan bertan geratu dira bertan behera Azkena Rock jaialdia eta BBK Live festibala, eta Donostiako Heineken Jazzaldiak ere muturreko erabakia hartu du: lokala eta txikia bilakatuko da azken urte luzeetan nazioarteko eta erraldoi izan den festibala.

Biraz bira mundu osoa hainbat bider gurutzatu ostean hartu zuen Coldplay pop taldeak mundu mailako bira gehiagorik ez egiteko erabakia iaz. Alarma ekologikoa aipatu zuten erabakia hartzeko argudiotzat, azaldu zutenez, ez zutelako ingurumenari kalte egiten jarraitzeko asmorik. Azaroan egin zuten publiko erabakia, eta, ordutik honako tartean, ezinbesteko arau kolektibo bilakatu da mundu osoko sortzaileentzako hasieran talde ingelesak autopromozio handiz hartutako ezohiko erabaki indibidual hura. Eta abisu moduko bat ere izan daiteke anekdota. Koronabirusari aurre egiteko orain hartutako neurri hauek, agian, atarikoa baino ez baitira izango gerora klima larrialdiari aurre egiteko ezarriko diren neurrientzat.

Grosso modo, aldibereko bi joera orokor ikus daitezke bista azkarrean azken hamarkadetako kultur ohituretan. Alde batetik, ordenagailu pantailaren neurrira moldatu da kultur esperientzia, mila ezpal indibidualetan zatikaturik. Eta, beste aldetik, polarizatu egin dira kultur eszena gehienak ere, erdibideko punturik gabeko superizarrez eta sortzaile-ezezagunez osatutako bi muturreko eredu bat sortuz. Badaude jende asko-asko biltzen duten sortzaile gutxi-gutxi batzuk, batetik, eta jende gutxi-gutxi biltzen duten sortzaile talde handi-handi bat dago, bestetik. Eta, oro har, zaila da bigarren multzotik lehenengorako igarobidea. Batez ere, genero, diziplina artistiko, hizkuntza eta jatorri geografiko jakin batzuetako sortzaileen kasuan.

Musikagintzan, «klase ertainaren amaiera» deitu zion polarizazio horri Jon Eskisabel kazetariak duela urte sorta bat egunkari honetan bertan, eta arrazoia eman dio denborak. Ez soilik diziplina horretan, gainera.

Euskarazko sorkuntzan, terminoa Celantek asmatu zuenik ez dakitenek ere, praktika hutsez, ongi ezagutzen dute Arte povera hitz bikotearen esanahi zehatza. Zirrikituak izan ditu bizitoki luzez. Urteekin eta kultur eragileen etengabeko salaketa, eskari eta esfortzuarekin, pixkanaka zabalduz joan da euskarazko sorkuntzaren presentzia Euskal Herriko kultur eskaintzan. Partez behintzat. Diziplina batzuetan sikiera. Kupo bat osatzeko behinik-behin. Gehigarri huts modura askotan. Eta munduko baina guztiekin, nahi bada. Baina zabalduz, halere. Eta egia da, noski,euskal herritar askoren buruan, eta kultur programatzaile ez gutxiren garunean, oraindik ere alde batetik kultura dagoela, ahots normalez esanda, eta gero euskal kultura dagoela, euskaldunen azentuaz barre egiteko erabiltzen den trufa ahotsez esanda. Inpresioa da konpromiso pertsonalen araberakoa izan dela emaria handiagoa edo txikiagoa, baina, salbuespenak salbuespen, egiturak nekez egokitu direla euskararen alde.

Apendize moduko bat izan da euskarazko sorkuntza kultur programa gehientsuenetan.

Antzoki sarea erdarentzat diseinatuta dagoela esan zuen Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, adibidez, 2017an egindako analisian. Antzoki pribatuetan negozioa publikoak ematen duelako, eta, hemen ere, salbuespenak salbuespen, erdarazkoa izan delako negozioa egin ahal izateko bezainbesteko bolumena eskaini duen publiko bakarra. Eta erakunde publikoen kasuan ere, orokortutako joera izan da denboraldiko arrakasta jasotako bisitari kopuruetan neurtzea ere. Testuinguru horretan, neke handiz eraiki eta mantendu dira martxan euskara ardatz duten jaialdi eta programak, eta akaso horregatik izan zuen oihartzun bereziki ozena koronabirusaren hedapenaren lehen egunetan aurtengo Bilboko Loraldia jaialdiaren erorikoaren albisteak.

Beren edukieraren herena soilik bete ahalko duten antzokiekin, denbora batez atzerriko bisitaririk jasoko ez duten erakusketekin eta kontzertuak eskainiko dituen tabernarik gabe, tarte batez, parentesi artean egongo da orain arte ezagutu dugun zuzeneko kulturaren eredua, berdin makroa zein mikroa. Ikusi beharko da itxialdiaren ostean zer-nolako berpiztea izango duen, baina balio behar luke ziurgabetasun garai honek kulturgintzarentzako bestelako eredu bat posible dela amesteko. Orain artekoaren keriak identifikatu eta bestelako tasun batzuk bilatzeko.

Edonola ere, datorrena datorrela, argi dago sortuko den eredu horrek, denik eta eredurik poverena izanda ere, nekez eutsi ahalko diola zutik inguru hurbilean duen komunitatearen babesik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.