Lurtarren lidergo bila

Realak Betisen zelaian jokatuko du; puntu baten aldea du etxeko taldeak. Imanol: «Betis garai oso onean dagoen talde bat da»

Januzaj Realeko jokalaria, Vinicius Real Madrilekoa atzean duela, ligako azken partidan, Anoetan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako ligako ezusterik handienetako bi, Betis eta Reala, elkarren aurka ariko dira gaur arratsaldean. Sasoia hasi aurretik inor gutxik sartzen zituen gorengo postuetarako lehian, baina, lehen hamasei jardunaldiak igarota, talde loriatsuenen jiran daude. Izarrez hornitutako multzoen arteko lurtarrak dira, eta beren lidergo propioaz jabetu nahi dute hiru puntuak eskuratuta.

Are, handienen aurretik izan da Reala jardunaldirik gehienetan, eta azken jardunaldietako txakalaldirik gabe, haien pare segituko luke oraindik. Gauzak zer diren, ordea, orain artean atzetik izan duen Betisek aurre hartu zion iragan asteburuan. Espainiarrek puntu baten aldea dute, eta hori irauli nahi dute txuri-urdinek, hiru puntuak batuta.

Lantegi zaila izango da; Sevillako taldeak ondo ekin dio sasoiari, eta Manuel Pellegrini teknikariak zukua atera die bere jokalariei. Haien artean dira donostiarren lau ezagun: Willian Jose, Claudio Bravo, Sergio Canales eta Juanmi Jimenez.

Realak nola, Betisek ere aurrera egin du Europa ligan, nahiz eta osteguneko neurketan galdu egin zuen. Nekea pilatuta ailegatuko dira bi taldeak, baina hori ez da aitzakia izango, Imanol Alguacil txuri-urdinen entrenatzaileak azaldu duenez: «Garai on batean dagoen taldearen aurka jokatuko dugu. Heldutasun handia dute, eta kalitatea ere, izugarria».

Silva eta Merino, etxean

Benito Villamarineko norgehiagokaren atarian, Imanolek zenbait aldaketa egin ditzake hamaikakoan. Erabat ziurra dena zera da, David Silvak eta Mikel Merinok ez dutela taldeekin bidaiatu; hots, etxean geratu dira. Min hartuta egon ostean, espainiarra herenegun batu zen multzora, eta iruindarrak gauza bera egin zuen atzo. Haien parte hartzea «haien egoeraren araberakoa» izango dela aurreikusi zuen Imanolek. Ba, zerrendatik kanpo utzi ditu.

BETIS-REALA
Betis. Rui Silva; Bellerin, Bartra, Víctor Ruiz, Moreno; Guardado, Guido; Fekir, Canales, Juanmi, eta Willian Jose.
Reala. Ryan; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Gebara, Oiartzabal; Januzaj, Isak, eta Sorloth.
Epailea. Sanchez Martinez.
Lekua. B. Villamarin (60.721 ikusle)
Ordua. 18:30 (Movistar).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.