Donostiako Aste Nagusia

Txano hori eta arrosak nagusi

Seiehun igerilari inguru bildu zituen atzo Donostiako Aste Nagusiko 50. igerialdiak. 40 minutuan baino gutxiagoan burutu zuten irabazleek 2.959 metroko zeharkaldia
Ehunka igerilari aritu ziren lehian.
Ehunka igerilari aritu ziren lehian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Naia Begiristain Etxezarreta -

2018ko abuztuak 16
Uda guztian bainujantzia gainetik kentzen ez duten surflariak, jantzi dotoreekin hondartza inguruan pasieran dabiltzan erretiratuak, influencer-en modari jarraitzen dioten gaztetxoak... Hamaika janzkera ikus daitezke Gipuzkoako hiriburuan. Atzo goizean, ordea, bakar bat nagusitu zen Zurriolako hondartzan: igerilekuko txano arrosak eta horiak gailendu ziren modako bainujantzien gainetik. Arrosez, gizonezkoak; horiz, emakumeak.

Eguzkiak zeruan gora egiten duen heinean ari da epeltzen Donostiako itsasertza, eta, goiza aurrera doan moduan, igerilekuko txanoak dituzten geroz eta pertsona gehiago ari dira gerturatzen Kursaal ingurura. Prest daude lehiakideak Pasealeku Berriko 50. igerialdirako. Zurriolako hondartzatik Kontxako hondartzaraino, borroka egingo dute itsas zabaleko olatuen aurka, ia 3.000 metroko distantzian.

Lehia hasi aurreko minutuetan, Zurriola inguruak gimnasio bat dirudi: beso eta hanketako giharrak luzatzen dabiltza igerilariak. Badira, ordea, zeharkaldia baino lehenago lasai egon nahi dutenak ere. Hondartza ondoko pasealekuko zuhaitzen gerizpean daude horietako hainbat: haien artean daude Josu Iurramendi donostiarra, eta Xabi eta Jon Luzuriaga ikaztegietarrak (Gipuzkoa). Lasaitasuna, beharbada, esperientziak eman die: Luzuriaga anaiek hirugarrenez hartuko dute parte igerialdian; Iurramendik, berriz, bosgarren aldia du. Hirurek nabarmendu dute zeharkaldia ez dela «lehia» eurentzat: «Igerian gozatu ostean, bazkaria egiten dugu. Horrela, egun guztirako plana egiteko aitzakia dugu».

Urduritasuna gorputzean

Hondartzan ez dago hirukoteak erakutsi duen baretasunaren zantzurik: brisak tentsioa dakar. «Itsasoak arriskuak baditu, eta horrek are gehiago urduritzen nau», adierazi du Xanti Gonzalez donostiarrak. Hala ere, nabarmendu du ur gaziak «xarma berezia» duela: «Ura garbi dago gaur, eta beharbada itsas hondoak ezkutatzen duena ikusteko aukera izango dugu. Polita izango da». Itsasertzera gerturatuz, ugaritu egiten da txano arrosen eta horien kopurua. Uretatik 50 bat metrora jarri dute irteera, eta, parte hartzaileak animatzeko, inguruan ehunka pertsona bildu dira. Lagunekin egindako apustuak, lehiarako gogoa, kirolzaletasuna... Guztira, 600 bat lehiakide izango ditu zeharkaldiak, eta igerilari bakoitzak bere arrazoia du parte hartzeko. Iñigo Contreras «itsasoaren bizitasunak» erakartzen du: «Olatuen mugimendua, nolabait, lasaigarria da niretzat». Hala ere, «helmuga zeharkatu ondorengo zoriontasuna» da gehien gustatzen zaion sentipena: «Iristean lagunekin marianito bat hartzea bezalakorik ez dago».

12:00ak jo orduko, ziztuan atera dira emakumeak. Bost minuturen buruan abiatu dira gizonezkoak Kontxako hondartzara. Txano horidunak, jada, itsasoak eta zeruak bat egiten duten lekuan daude. Hustu egin da hondartza: igerilariak ez ezik, ikusleak ere Kontxa ingurura abiatu dira. Izan ere, lehiakide azkarrenak helmuga zeharkatzear daude.

40 minutu ere ez

«Badator!», oihu egin du itsasertzean dagoen haur batek irabazlea ikustean. Olatuak erditik zatituz irten da uretatik Amaia Iriarte burlatarra (Nafarroa): proba hasi eta 37 minutura iritsi da Kontxako hondartzara. Bigarren postua Amaia Zendoia donostiarrak lortu du, 58 segundo geroago. Helmuga zeharkatzen hirugarrena ere donostiarra izan da: Ana Vegak 38 minutu eta 47 segundoan amaitu du zeharkaldia.

Itsasoan sarritan ibiltzen ez direnez, «igerilekua nahiago» dute Zendoiak eta Iriartek. Hala ere, adierazi dute «uda garaian erritmoa ez galtzeko» aproposak direla horrelako zeharkaldiak. Gizonezkoak emakumeen atzetik iritsi dira helmugara. Haien podiumean, ordea, ez da horrelako denbora alderik egon. 35 minutu eta 32 segundoan amaitu du proba Jon Mujikak. Bigarrenari, Nikolas Illarramendiri, alegia, soilik bost segundoren tartea atera dio. Hirugarrena, Gonzalo Vazquez, 36 minutu eta zazpi segundoren buruan iritsi da helmugara. «Gustura» aritu dira igerian Mujika eta Illarramendi: «Olatuek ipurditik bultza egiten ziguten, eta horrek proba erraztu du». Uretatik abiadura bizian atera diren igerilariek bete dute hondartza. Ikusleek eguzkiak baino berotasun handiagoa ematen diete.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna