KRITIKA. Antioko 36. Musikaldia

Izenak dioena

Brillant Magnus Quintet taldeko kideak, artxiboko irudi batean. BERRIA.
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun

Brillant Magnus Quintet

Taldekideak: Ale Lozano, Luis Martinez, Nacho Bolos (tronpetak); Eva Sanchez (tinbalak); Carlos Paterson (organoa). Egitaraua:C. Monteverdi, T. Susato,G. P. Haendel eta abarren obrak. Lekua: Antioko baseliza, Zumarraga (Gipuzkoa). Eguna: Irailak 14.

Aizkorri parke naturalaren magalean, harri eta haritz zurez eraikitako altxorra dugu Antioko baseliza. Euskal erromanikoaren xarma eta inguruko txokoak ezagutzea nahikoa pizgarri ez balitz bezala, badira 36 urte iraileko larunbatetan maila handiko kontzertuak hartzen dituela, eta etxeko artisten presentzia bermatu. Antolakuntzak, gainera, doako autobus zerbitzua jartzen du Zumarragatik, sarbidea errazagoa izan dadin.

Aurtengo edizioaren bigarren saioa hiru tronpetaz, organoaz eta perkusioaz osatutako Brillant Magnus Quintet-en esku egon zen, XVI. eta XVIII. mendeen bitartean kokatzen diren obrek osatutako programa bitxian. Boskote honek garatzen duen errepertorioa, jatorriz, ez dago gisa horretako talde batentzat idatzita. Hortaz, taldearen ezaugarrietara egokitzen diren moldaketen bidez aurkezten dituzte obrak, batzuetan lan hori euren gain hartuz. Egokitzapen orok jatorrizko konposizioaren izaera arriskuan jar dezakeen arren, aztertu gabeko soinu-unibertsoetan murgiltzeko aukera ere ematen du askotan.

Hala gertatu zen kontzertua ireki zuten lehen bi obretan, Claudio Monteverdik idatzitako Orfeo operaren oberturan eta Tylman Susatoren Suite apartekoan, alegia. Aldiz, J. S. Bachen BWV 147 kantataren parte den Jesus bleibet meine Freunde koral entzutetsuaren moldaketa desorekatua suertatu zen oro har. Edonola ere, taldekideek kontzertuan zehar agertutako kolore eta tinbre ederrek Henry Purcellen Sound the Trumpet, Beat the Drum odan nabarmendu ziren bereziki. Bi tronpeten arteko hartu-emana elkarrizketa aberasgarri bihurtu zen, garbi eta distiratsu.

Carlos Paterson organo jotzaileak taldekide zendu baten omenez konposatutako In Paradisum errepikak itxi zuen programa. Kantu gregorianoaren melodiaren garapen leuna eta indartsua suertatu zen, emozioek gainezka egiten dutenean babesa emateko modukoa. Ondo aukeratu dute taldearen izena: musikari handiak dira, eta, zinez, dirdira ez dute soilik metalen eta argiaren isla-jokoetan sortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.