Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Moises eta ni

2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Aginduak, aholkuak, gogoetak. Moisesen kasuan, gaur, aginduak barik aholkuak emango nituzke. Agindua infrakziotik dator edo infrakziora darama. Gogoeta denoi gustatzen zaigu, norberea denean. Aholkua eta gogoeta nahasten direnean, hartzailea ere aise nahasten da, psikologiari asko gustatzen baitzaio nahasmena. Horrelatsu garatu dira aholkutegiak literatura guztietan, erlijioak barne. Hamar aginduena ez da eredu txarra, zeren adimenak, ez dakit zergatik, hurrenkera bat maite izaten baitu. Proba dezagun. Esaterako:

1. aholkua: Ez arduratu hainbeste egin behar duzunaz, egin behar ez duzunaz baizik.

1. gogoeta: Garbi jokatzeko, ez da talentu bat izan behar.

2. aholkua:Ez saia dena harrapatzen. Utz zerbait harrapagai.

2. gogoeta: Fina izateko ez da ikasketarik behar. Alferra izateko ere ez.

3. aholkua:Ez saia menpekoak gizakitzat tratatzen. Nahikoa da txakurtzat ez tratatzea.

3. gogoeta: Inutilenak ere balio du traba egiteko.

4. aholkua: Esan nahi duzuna, inork ez entzuteko moduan bada.

4. gogoeta: Atzeak ez du aurrea ikusten. Aurreak ere ez atzea.

Eta abar. Orain pentsatzen dut:Zortzi burutapen horietatik bat hartzekotan, zein hautatuko nuke? Ba, ez. Bat izatekotan, hauxe: Izan jatorra. Horrela ez dago hildakoan inor ondu beharrik, ze nor ez da bizitzan jatorra izan, zerbaitetan? Baina, ezta. Bakarra izatekotan, euskaldun guztiek dakitena: Ez egin inori norberetzat nahi ez denik. Ez da izango hizkuntzarik, agindu hori hitzez hitz adierazi ez duenik. Argia eta erraza dirudi, baina ezinezkoa, nonbait. Adibide xinple bat. Inork ez du pairatu nahi kaparradarik (alamenik), baina zenbat libratzen gara ematetik? Beharbada, hildakoan…Hildakoan, denak onak! Ez hainbeste ere. Onik ez dago, txarrak eta txarragoak baizik. Baina ez al daiteke izan txarrenetan onena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.