Jaioterritik urrun

Tolosaldeko herrietan Mendebaldeko Saharako 25 haur egon dira uda igarotzen. Gaur, festa izango da Tolosan, haurrei agur esateko

Saharako haurrak, ur jokoetan, Oria ibaian, Tolosan. ASIER IMAZ / TOLOSALDEKO ATARIA.
Mikel O. Iribar.
2017ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Mendebaldeko Saharako gero eta haur gehiagok jaioterritik kanpo igarotzen dute uda, bizitza duina izateko nahiarekin. Aurten, Mendebaldeko Sahararekin harreman zuzena duen Tolosaldeko Elkarteak 25 haur izan ditu bere esku; 11 ume familiako harreretan egon dira, eta beste guztiak Tolosako aterpetxe batean. Ekainaren 26an etorri ziren, eta, abuztuaren 22an jaioterrira itzuliko diren arren, gaur egingo diete agurra Tolosan (Gipuzkoa), egitarau oparoarekin lagunduta.

Gregorio Eizagirre da Tolosaldea Sahararekin Elkarteako kideetako bat. Orain dela zazpi urte hasi ziren Saharako haurren elkartasunaren aldeko egitasmoarekin, eta Eizagirre baikor mintzatu da Tolosaldeko herritarrek izan duten sentsibilizazioaren inguruan: «Urtez urte, gero eta jende gehiagok hartzen du parte egitasmo honetan, laguntza eman nahi baitute. Tolosako Udalak pisu bat utzi zigunean, adibidez, laguntza handia jaso genuen berritzeko garaian, eta eskertzekoa da hori». Eizagirrek azaldu du, haurrei urduritasuna azaleratzen zaiela etxera itzultzeko astebete falta denean. Gainera, haurren bidaia aprobetxatuz, Euskal Herritik botikak eta beharrezkoak diren hainbat elementu bidaltzen dituzte, haurren senitartekoek ere bizi kalitatea hobetu dezaten. Bestalde, Eizagirrek garbi esan du Saharako haurrei laguntza ematearen arrazoia, Espainiaren eta Marokoren jarrera ezkorragatik dela, eta egoera hori «lehenbailehen» bukatu nahi dutela adierazi du.

Agur festa baino gehiago

Herritar guztientzakoak diren jolasek emango diote hasiera Agur festari, 17:00etan. Ondoren, 19:00etan ekitaldi politikoa egingo da, eta, hor, Fronte Polisarioko ordezkaritza eta Tolosaldeko udaletako ordezkaritza izango dira. Horren segidan, manifestazioa egongo da, Alde Zaharretik hasita, eta Mendebaldeko Sahararen askatasuna aldarrikatuko dute. 21:00etan, herri afaria egongo da, baina bakoitzak bere afaria eraman beharko du. Amaitzeko, 22:30ean, Gdeim Izik musika talde sahararrak kontzertua eskainiko du.

Agur festa

Gaur, 17:00etan hasita, Tolosako Alde Zaharrean (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.