Itzali, piztu, eta berriz ere hasi behar du

Baskoniak ostiraleko astindua ahaztu behar du gaur, etxean jokatuko duen ACBko finaleko lehen partidan. Voigtmannek zail du jokatzea

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
ACB ligako finala berriz hasiko da gaur, eta Baskoniak duela bost egun zuena baino egoera askoz hobea du. Bost partidako kanporaketa zena hiruko bilakatu da orain, eta Gasteizko taldeak pista faktorea alde du. Eta hori, Buesa Arenako lepo beteko duten 15.000 eztarriak alboan izanda, aldagai garrantzitsua da. Madrilera gutxienez partida bat lapurtzeko asmoz joan zen, eta ekarri du altxorra. Johannes Voigtmann jokatzeko moduan badago, Pedro Martinezek nahi zuen tokian du kanporaketa.

Analisi baikorra da hori, Baskoniak egin behar duena. Kanporaketako bigarren partidan egur handia jaso zuen, Real Madril askoz gehiago izan zen bigarren zatian, baina partida hura iragana da dagoeneko. Ordenagailua blokeatzen denean reset botoia sakatu behar da berriz ere hasteko, eta hori da Martinezek jokalarien buruekin egin behar duena. Itzali, piztu, eta berriz ere lanean hasi. Tira, dena ahaztu gabe, ostiral gaueko partidak ikasteko balio behar baitie.

Gaurko zalantza handia Voigtmannen sasoia da. Hark orkatilan min hartu eta gutxira iritsi baitzen hirugarren laurdeneko txakalaldia. Voigtmannen jarduna oso garrantzitsua da, hura, bere eskumutur finarekin, Eddy Tavares Real Madrilen pibot erraldoia saskipetik ateratzeko gai delako. Partida hasi arte ezingo da jakin jokatuko duen ala ez. Pedro Martinezek atzo ez zuen argitu. «Ikusteko dago taldeko mediku eta fisioterapeutek eman dioten tratamenduarekin garaiz sendatzen den. Gaur-gaurkoz zaila da, denbora gutxi dugulako. Jokalariak ahal duen guztia egingo du, partidak merezi duelako, baina ez dugu arriskuan jarriko epe luzeko bere osasuna».

Finaleko hirugarren partida da gaurkoa, eta, bigarren garaipenaz gain, irabazleak bultzada animiko handia jasoko du. «Sari oso handia du», nabarmendu zuen atzo Martinezek, eta ez dira hitz hutsak. Baskoniak irabazten badu, finala etxean erabakitzeko aukera izango du asteartean. Real Madrilek irabazten badu, lasai hartuko du arnasa, ostegunean galduta ere, final etxean erabakitzeko aukera izango lukeelako.

Kabala eta kalkulu horiek, baina, gero egin behar dira. Aurretik, Baskoniak, lehen bi partidetako hutsegiteak konpondu behar ditu. Real Madrilek talentu handia du, eta haren aurka eraso partida planteatuz gero, oso zaila da irabaztea. Ostiral gauean, Real Madrilek 98 puntu sartu zituen, eta 33 puntuko laurden bat izan zuen, eta 28 puntuko beste bat. Baskoniak bi laurden horietako bati eutsi zion, baina madrildarrek hirugarrenean hautsi zuten oreka.

Baskonia ondo ari da jaurtitzen hiruko lerrotik, batez ere Janningen sasoiari esker; beraz, lehen bi partidetako gako eremuetan egon da. Aurrenekoan, Baskoniak irabazi zuen partidan, Poirier, Xengelia eta Voigtmann gailendu ziren saskipean; herenegun, aldiz, Tavares, Reyes, Ayon eta Thompkins askoz gehiago izan ziren. Laukote horrek 47 puntu sartu zituen, eta errebotean ere gehiago izan ziren.

Kale egingo ez dutenak zaleak izango dira. Laugarren partidaegongo dela jakina den arren, Buesa Arena goraino beteko da. 15.000 zale baino gehiago bilduko dira, eta egun handietako giroa egongo da. Ez da gutxiagorako, egun oso handia baita, eta gaurko partida irabazten duenak bi pauso emango ditu titulurantz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.