Maravillas gaztetxea

Maravillas hustu du Foruzaingoak, eraikina ikuskatzeko argudioarekin

Gaztetxea husteagatik protestan ari zirenei bortizki oldartu zaie Espainiako Polizia, eta zauritu egin ditu hainbat gazte. Eraikinean «segurtasun arazoak» antzeman dituzte gobernuko teknikariek

Mercaderesen egin zuten batzarra iluntzean. Poliziak hartuak zituen inguruko kaleak. Arratsean istiluak sortu ziren alde zaharrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun

Segurtasunaren izenean hustu dute. Atzo goizaldean, 04:30 aldera, Iruñeko Maravillas gaztetxeko atea bortxaz ireki, eta barrura sartu zen Nafarroako Foruzaingoa. Arrazoia: Iruñeko 4. Instrukzio Auzitegiak emaniko agindu bat, Nafarroako Gobernuko Ondare Zerbitzuak «ikuskaritza teknikoa» egin eta eraikinaren egoeraren berri eman zezan. Hori baino gehiago izan zela salatu dute gaztetxeko kideek, ordea, eta «ezkutuko kaleratzea» egin izana egotzi diote Nafarroako Gobernuari.

Goizaldeko ordu txikietan, poliziek ez zuten inor topatu Rozalejoko markesaren jauregi barruan, eta egoera baliatu zuten gaztetxea materialez husteko eta zigilatzeko. Bitartean, inguruko kale guztietako sarbidea galarazi zuen Espainiako Poliziak. «Ez da tramite hutsa izan», salatu zuen gaztetxeko ordezkari batek goizean bertan. «Goizaldeko ordu txikietan etorri dira, neurriz kanpoko polizia dispositiboa prestatu dute, eta auzo osoa hartu; ikuskaritza soila dela diote, baina gaztetxean zegoen guztia lapurtu digute, aulkiak eta hozkailua barne».

06:30. Erantzuna antolatzen hasi ziren gaztetxeko kideak, Whatsapp, Twitter, Telegram eta bestelako sare sozialen bitartez. Gaztetxearen ingurumarietan bildu ziren dozenaka gazte, protesta egiteko. Eltze eta lapiko jotzeak esanarazi zituen Alde Zaharreko hainbat bizilagun. Curiatik Mercaderesera, San Frantziskotik Merced kalera. Auzoa mutur batetik bestera zeharkatu zuten gaztetxearen eta autogestioaren aldeko aldarriek. Artean, Nabarreria inguruko karrika guztiak itxita zeuzkan Espainiako Poliziak, baita banaketa enpresetako ibilgailuentzat ere. Labrit kalean, berriz, manifestariek eten zuten zirkulazioa, eta haiei oldartu zitzaien Espainiako Polizia.

Istilurik larrienak, ordea, Nafarroako Legebiltzarraren aurrean piztu ziren. 10:00etan, legebiltzarraren inguruan giza katea egiten saiatu ziren manifestariak, baina Espainiako Poliziak bidea moztu zien. Orduan hasi zen Poliziaren oldarraldia. Borrak atera, eta bereizi gabe jo zituzten inguruan zebiltzan pertsona guztiak, manifestariak izan ala ez —tartean, baita protesten berri ematen ari ziren kazetariak ere—. Gazte gehienek Ziudadela kalera egin zuten ihes; han, borrez gainera, pilota jaurtigailuak ere erabili zituzten poliziek protestaka ari zirenen kontra.

Gaztetxeko ordezkariek salatu dutenez, «dozenaka» zauritu eragin zituen atzoko operazioak; jakinarazi dute sudurra hautsi ziotela gazte bati, besteak beste.

Teknikarien txostena

Atzo goizeko operazioan, foruzainekin batera, Nafarroako Gobernuko Ondare Zerbitzuko, Vianako Printzea erakundeko eta Iruñeko Udaleko teknikariak sartu ziren Maravillas gaztetxera, eta eraikinaren egoerari buruzko txosten bat egin zuten. Horren arabera, eraikinak «pertsonentzako arriskuak» ditu, Nafarroako Gobernuak nabarmendu duenez. Teknikariek ohartarazi dute eraikinaren egitura hondatuta dagoela, babesik gabeko gune irekiak daudela, eta «objektu sukoiak» atzeman dituztela —gas bonbonak, besteak beste—. Horrez gain, gobernuak azaldu du gaztetxean argindar instalazioa «era desegokian eta segurtasun estalkirik gabe» hedatu dela, eta eraikinaren aurrealdean «legez kanpoko lotura bat» ipinia dutela argindar banatzailearen sarearekin.

Eraikinera sartzeko baimena ematearekin batera, epaitegiak ebatzi du beharrezko prebentzio neurriak hartu behar direla, eta, gobernuaren esanetan, agindu horri segika eraman dute gaztetxe barruko materiala: «Arriskua egiaztatuta, ezinbestekoa zen eraikin barruko altzari eta bestelakoak ateratzea; besteak beste, gas bonbonak, koltxoiak, hozkailuak edota sabai azpiko xaflak». Foruzaingoaren biltegira eraman dute material hori guztia, eta epailearen esku jarri.

Polizia operazioaren harira, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak goizean adierazi zuen Foruzaingoa «istiluak saihesteko» dagoela, eta ukatu egin zuen atzokoa «hutsarazte bat» izan zenik. «Teknikariak sartu direnean eraikinean ez zegoen inor». Horrez gain, azpimarratu zuen gobernuak oraingoz ez duela erabakirik hartu Maravillas gaztetxea behin betiko ixteari buruz: «Teknikarien eta Foruzaingoaren txostenak xeheago aztertu eta ikuskatzea egin ondoren emanen ditugu eman beharreko pausoak».

Ollok eginiko adierazpen horiek txarretsi zituzten gaztetxeko eledunek. Salatu zuten Nafarroako Gobernua «ukaezina dena ukatu nahian» ari dela, eta, hain justu, hori frogatzeko, gaztetxera sartzen saiatu ziren zenbait gazte atzo arratsaldean, abokatuarekin batera. Polizien buruak, ordea, ez zien sartzen utzi, horretarako agindua zeukala eta. Hori entzunda, abokatuak adierazi zuen gobernuak eginikoa «hutsaraztea» izan zela, «argi eta garbi».

Oldarraldiak arratsaldean ere

Gaztetxeko kideek batzarra egin zuten atzo arratsean. Eguneko gertakariak aztertu eta polizia operazioa gaitzetsi ostean, kalejira egin zuten ehunka lagunek, Maravillas aurrera lelopean. Alde Zaharreko karriketan gora eta behera egin zuten protesta. Bidean, bengalak piztu zituzten, eta arrautzak bota zizkioten EAJren egoitzari.

Txapitela karrikan, Poliziaren hesiaren aurrean eserialdia egin zuten manifestariek, eta Aldapa karrikara joan ziren gero. Istiluak sortu ziren arratsean, eta Foruzaingoa oldartu egin zitzaien, gomazko pilota eta guzti.

[youtube]https://youtu.be/9xT5Gjst6lo[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.