Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Historia egiten segitu nahi dute Iruñean

Joseba Asiron berriro Iruñeko alkate izateko, aldaketaren aldeko indarrek gehiengo osoa lortu behar lukete, edo EH Bildu Navarra Sumari gailendu beharko litzaioke.

Joseba Asiron Iruñeko alkatea aginte makila eskuetan, eta behean plaza gainezka, 2015ean.
Joseba Asiron Iruñeko alkatea aginte makila eskuetan, eta behean plaza gainezka, 2015ean. J. DIGES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2019ko maiatzak 24

Duela lau urte Nafarroan izandako aldaketa politikoaren irudi nagusietako bat izan zen: Joseba Asiron alkate makila eskuan jendez lepo zegoen Udaletxe plaza agurtzen eta han bildutakoei esker ona adierazten. Udaletxe barruko aretoetako batean gordeta daude XIX. mende amaieratik hona Iruñeko alkate izan direnen erretratuak, eta sekuentzia horrek ondo islatzen du 2015eko ekainaren 13 hartan bizitako aldaketaren tamaina, historikoa izan baitzen Iruñeak lehen aldiz alkate abertzale bat izatea. Lau urte geroago, aldaketa sostengatu duten indarrek —EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik, Ezkerrak— eta 2015ean aurkeztu ez zen Ahal Dugu-k historia egiten jarraitu nahi dute, amaitu berri den legealdia ez dadin geratu iraganeko anekdota baten modura.

Nafarroako testuinguru orokorrean laukoari gertatzen zaion modu berean, ez dago erraz. Udal politikak, gainera, berezitasun propioak ditu, eta horiek balantza alde batera edo bestera eraman dezakete. Adibidez, lehen indarra izango denak bidea errazago izan dezake Iruñeko alkatetza lortzeko. Izan ere, hauteskunde erregimen nagusiko lege organikoaren arabera, udal gobernua eskuratzeko gehiengo osoa eskuratu behar da, eta, bestela, boto gehien eskuratzen duen indarrarentzat litzateke aginte makila.

Duela lau urteko zein apirilaren 28ko hauteskundeei begira, irudi luke Navarra Sumak eskuratuko duela lehen postu hori. Izan ere, 2015ean UPNk 31.000 boto eta hamar zinegotzi eskuratu zituen; duela hilabete, berriz, eskuineko koalizioak 37.000 boto eskuratu zituen. Alta, datuok erreferentzia bat besterik ez dira, politika ez baita zientzia zehatz bat inondik ere. Ikusteko dago oraingoan eskuineko alderdien batasunak zer joera duen eta Vox-en hautagaitzak zer kalte egiten dion.

EH Bilduren erronka

Ustekabeak ezin dira baztertu. Apiriletik hona testuingurua zeharo aldatzeak EH Bilduren mesedetan joka dezake. Nahiz eta, lehen indar izateko, koalizio abertzaleak eskuindarren markari tarte handia kendu beharko liokeen, lau urteotako kudeaketak eta Joseba Asironen beraren figurak boto ugari erakar dezake, eta alde handi hori murriztu. Navarra Suma gainditzeraino? Ikusteko dago. Orain arteko inkesta guztiek goranzko joera hori adierazten dute, baina ez lioke emango lehen indar izateko. Dena den, koalizioak erronka hori du aurrean, eta ezinezkorik ez.

Udal gobernuaren kolorea baldintzatuko duen beste faktorea are erabakigarriagoa izan daiteke: botoen %5 eskuratu behar da udalean hautetsi bat bederen lortzeko —parlamentuan, berriz, %3koa da muga—. Legeak ezarritako baldintza hori jakinik ere, ezkerreko esparruan Aranzadi, Ahal Dugu eta Ezkerra bereizita aurkeztuko dira. Hirurek langa hori gainditzeko aukera dute, baina gerta daiteke haietako batek oinari tiro bat jotzea. Edo bi tiro. Edo zergatik ez, hiru tiro. Zaila izanagatik, gerta daiteke.

Duela lau urte gertatutakoak izan du eraginik adostasun faltan. Nafarroan sortu berri eta Espainiako 2015eko abenduko bozak jomugan, Podemosek erabaki zuen udal bozetan ez aurkeztea; Iruñearen kasuan, haren inguruneko Aranzadik baliatu zuen aukera, eta hiru hautetsi lortu. Alta, herritar askok botopapera hautatzerakoan Ahal Dugu-ren erreferentzia bilatu zuten.

Lau urte geroago, Nafarroako Ahal Dugu aurkeztuko da hainbat udaletan, tartean Iruñekoan, eta horrek dena aldatu du. Gaxan Sad Irisarri Nafarroako Ahal Dugu-ko Iruñeko zerrendaburuaren arabera, ezkerreko «hautagaitza bateratu eta zabal bat» lortzeko proposamena egin zien beste alderdiei, eta zerrendaburu izateari uko egiteko prest azaldu zen. Ezkerrak ezezkoa eman zion gonbitari. Foru hauteskundeetan gertatu bezala, Ezkerrak ulertu zuen gorantz egiteko aukera duela: orain lau urte, hautetsi bat eskuratu zuen (Edurne Egino), eta bigarrena lortzeko zorian izan zen.

Ezezkoa jasota, Ahal Dugu-k aurrera egin du bere markarekin. Aranzadiren kasuan, 2015ean aurkeztu zenean, ziurtatu zuen lau urterako hautagaitza baino ez zela izango. Alta, Espainiako udal arloko Municipalistas sarearekin bat egin du Aranzadik, eta Equorekin batera berriro aurkeztea erabaki du. Mugimendu hori ez du gustuko izan Ahal Dugu-k. Haien ustez, 2015ean «euren bultzadaz» lortu zituen hiru hautetsi Aranzadik, eta desleial jokatzea aurpegiratu die. Aldiz, Andoni Romeo Aranzadi-Equoko hautagaiaren arabera, guztiek elkarrekin «Joseba Asironi alkatetza kentzeko modua» zuten, baina beste bi indarrek ez zuten nahi izan, «batez ere Ahal Dugu-k».

Legealdiko gorabeherak

Era berean, Asironi buruzko aipu horrek aditzera ematen du iazko gobernu hausturak hautsak harrotu dituela. Iragan uztailean Asironek udal gobernutik kanporatu ostean, aurtengo aurrekontuak bozkatzean abstenitu egin zen, eta, ondorioz, ez ziren aurrera atera —aurreko hiru urteetakoak bai, onartu dira—. Legealdiko azken osoko bilkuran, berriz, berriro abstenitu egin zen inbertsio iraunkorren inguruko bozketan. Hain zuzen ere, uztailean, abstentzio horrek berak eragin zuen Asironen erabakia —oraingoan inbertsioak aurrera atera dira, PSNk alde bozkatu zuelako—.

Ezkerreko hiru eskaintza horiek emaitzetan eta indar korrelazioan nola eragingo duten ikusteko dago. Milaka boto ordezkaritzarik gabe geratzeko arriskuaren jakitun, EH Bilduk boto erabilgarrirako deia egin du. Larunbateko ekitaldi nagusian, Asironek nabarmendu zuen EH Bildu dela alkatetza lortzeko aukera duen ezkerreko indar bakarra.

Boto erabilgarrirako deiak, halaber, kalte egin diezaioke Geroa Bairi. Duela lau urte EH Bilduren azpitik geratu zen gutxigatik, baina bost zinegotzi eskuratu zituen. Legealdian, hasieran udal gobernuan ez sartzea erabaki bazuen ere, sostengua eta egonkortasuna eman dio udal gobernuari, batik bat hausturaren ondoren.

Orain, ikusteko dago faktore eta gorabehera guztiok nola eragiten duten herritarren azken erabakian. Aldaketa errepikatzeko, ezinbestean, Navarra Sumak eta PSNk baino hautetsi gehiago eskuratu beharko lituzkete aldaketaren aldeko indarrek, edo, bestela, EH Bildu eskuineko koalizioaren aurretik geratu beharko litzateke.

Bi aldagai horietako bat betetzen ez bada, Enrique Maiak bidea libre du alkatetza lortzeko. PSNko Maite Esporrinek ziurtatu du ez duela Joseba Asiron alkate egingo. Kasu horretan, iragana ate joka luke Iruñeak: Barcinaren agintaldietan bezala, eskuinaren eta sozialisten arteko binomioa errepikatu, edo, bestela, Maiaren garaiko ezegonkortasun politikoa.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna