Noiz sortua: 2019-02-09 00:30:00

Eraikinak 30 euroan

Frankismo aldiko lege bat erabili du Elizak ehunka ondasun bere izenean jartzeko: aski zen elizgizon batek esatea eraikin hori Elizaren jabetza zela. 2015ean aldatu zuten legea. Aurretik erregistratuak haren izenean daude.
Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak immatrikulatua du Leitzako San Migel eliza.
Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak immatrikulatua du Leitzako San Migel eliza. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko otsailak 9

Pribilegio batez, Espainiako legeak emandako pribilegio batez baliatu da Eliza katolikoa ehunka ondasun erregistratzeko. 1946ko lege batek eman dio abantaila, Hipoteka Legeak. Jadanik ez dago indarrean, 2015ean aldatu baitzuten, baina aldaketa egiterako ehunka ondasun bere izenean jarri zituen Elizak. Oraingoz hala segituko dute, aldaketarik ezean.

ZER DA IMMATRIKULAZIOA?

Finka bat (lursaila, eraikina...) Jabetzaren Erregistroan lehenbiziko aldiz erregistratzea da immatrikulatzea. Ondasunari buruzko orria egiten dute erregistroan, eta kode bat ematen diote (matrikula). Jabea nor den zehazten dute agiri horretan, eta nola erregistratu duen finka hori. Nolabait ere, finka immatrikulatzen duenak haren jabe itxura hartzen du. Hori egin du Elizak. Ondorioa argia da: finka hori Elizarena ez dela dioenak frogatu egin beharko du. Bestela, haren izenean jarraituko du.

ZER ABANTAILA DU ELIZAK?

Ondasunak erregistratzeko frogetan egon da diferentzia. Herritarrek frogak eman behar dizkiote notarioari edo epaileari ondasun bat beren izenean jartzeko. Elizak, ez: nahikoa izan du gotzainak bere buruari ziurtagiri bat egitea. Salbuespeneko bidea da: soilik erakunde publikoek daukate aukera hori. Finean, administrazioaren pare egon da Eliza esparru horretan. Diru kostu handirik gabe egin ditu erregistroak, tramitazioko tasa bakarrik pagatuta. 30 euro azpitik immatrikulatu ditu oso balio handia duten eraikinak.

ZER MUGA ZEUZKAN?

1946koa da Hipoteka Legea, eta muga bat zuen Elizarentzat: gurtzarako tokiak ezin zituen erregistratu. Alegia, soilik lursailak, etxebizitzak eta horrelakoak immatrikula zitzakeen, baina ez elizak eta ermitak. Hego Euskal Herrian, ordea, elizen jabe itxura hartzeko trikimailu bat erabili zuten gotzainek, BERRIAk egiaztatu zuenez: ezin zituztenez gurtza tokiak immatrikulatu, eraikin horiek dauden orubeak erregistratu zituzten. Gipuzkoan, adibidez, 1980ko hamarkadan orube ugari jarri zituen bere izenean Jose Maria Setien gotzain zenak, zehaztuz orube horietan zer zegoen eraikia.

ZER EGIN ZUEN AZNARREK?

1998an Hipoteka Legea moldatu zuen Espainiak, Jose Maria Aznar gobernuko presidente zela: gurtza tokiak erregistratzeko aukera eman zion Elizari, 1946ko legean zeukan muga bakarra kenduta. Hortik aurrera, horrenbestez, elizak eta ermitak ere beren izenean ipini ahal izan zituzten gotzainek, eurek sinatutako ziurtagiri bat horretarako nahikoa froga zela.

ETA RAJOYK?

Hipoteka Legea 2015ean aldatu zuten, eta urteetako pribilegioa kendu zioten Elizari. Mariano Rajoy zen gobernuko presidentea. Ahalegindu zen aldaketa urtebetez atzeratzen, Elizari beste urtebeteko tartea uzten, baina atzera egin zuen azkenean. Duela lau urtetik, beraz, ondasunak immatrikulatzeko, gainerako herritarren baldintza berberak bete behar ditu Elizak.

ORAIN ARTEKOAK, ZER?

Atea itxi ziotenerako ehunka ondasun immatrikulatu zituen Elizak. 2015eko lege aldaketa «amnistia» izan zen horientzat, immatrikulazioen aurkako elkarteek salatu zutenez. Izan ere, talde horien esperantza zen 1946ko Hipoteka Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramatea, eta hark konstituzioaren aurkakotzat jotzea, Elizari pribilegioa ematen ziolako. Horrek aukera irekiko luke ondasun horien jabetza kentzeko. Legea aldatuta, itxita dago atea.

ZER AUKERA DAGO ORAIN?

Nafarroako herri batzuk saiatu dira epaitegietan ondasun horien jabetza eskuratzen, baina saio antzuak izan dira gehienak. Europara jotzeko asmoa agertua dute elkarteek. Immatrikulazioen aurkako sententzia batzuk emanak ditu Estrasburgok. Frogak dira zailtasuna: inork gutxik ditu eraikinen jabetza erakusteko agiriak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 4an eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zortzi lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Bederatzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.607 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.086 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ertzaintzaren kontrol bat, Kantabriako (Espainia) mugan. ©Aritz Loiola / Foku

Madrilek gaur argituko ditu hirugarren fasearen ezaugarriak

Berria

Fase berean dauden erkidegoen artean mugitzea libre izango ote den esango dute, baina Espainiako Osasun Ministerioak atzo esan zuen ez dela halakorik erabakiko, ez bada erkidegoek euren kabuz erabateko normaltasuna ezartzea ebazten dutela.

Alemaniako Esslingen hirian klima larrialdia aldarrikatzeko eginiko protesta bat, apirilean. ©RONALD WITTEK / EFE

Eredu ekonomikoari, zapata ekologikoak

Maite Asensio Lozano

'COVID-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde' manifestuaren bi sustatzaile elkartu ditu BERRIAk, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira. Zientziak mahai gainean jarritako ebidentziei erreparatuta, «norabidea aldatu» behar dela esan dute, eta urrats sendoak eskatu dizkiete gobernuei.

Zenbait ikasle ikasgela batean, artxiboko argazki batean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

EH Bilduk eskatu du Diputazio Iraunkorra biltzea, 2020-2021eko ikasturtea «behar bezala» planifikatzeko

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Sindikatuek salatu dute Hezkuntza Sailak ez diela euren eskaerei erantzun, eta, «negoziatzeko asmorik eza» ikusita, bilera batera deitu dute

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna