Koronabirusa

Infekzio maila berean segituta, herritarren %50 kutsatuta

OMEk egin du iragarpena, Europako datuetara begira, datozen lau-sei asteetarako. Adierazi du «goiz» dela gaixotasuna endemikotzat jotzeko

arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
OME Osasunaren Mundu Erakundeko Europarako arduradun Hans Klugek ohartarazi du «goiz» dela oraindik COVID-19a gaitz endemikotzat jotzeko. Klugeren esanetan, omikronaren kutsakortasun handia eta erietxeen gainkarga hartu behar dira orain lehentasuntzat: «Oso kontuz hartu behar ditugu etorkizuneko aurreikuspenak. Ez litzateke lehen aldia ezusteko bat izaten dugula». OMEko arduradunak neurriak eskatu dizkie agintariei pertsona zaurgarriak eta osasun langileak zaintzeko, eta baita pandemiak ekonomiari eta hezkuntzari eragindako kaltea gutxitzeko ere. Atzo solastatu zen OMEko buruzagia, eta datozen asteetarako aurreikuspena ere egin zuen, esan zuen litekeena dela sei eta zortzi aste bitarteko tartean Europako herritarren erdiak COVID-19a eragiten duen birusarekin kutsatzea.

Kezka agertu zuen ospitaleetako egoeraren inguruan. Gogorarazi zuen txertorik hartu ez dutenek sei aldiz arrisku handiagoa dutela ospitaleratuak izateko, eta arazoak sortzen ari dira hainbat herrialdetan. Europan, munduko beste toki askotan bezala, kasu positiboek nabarmen egin dute gora azken astean. OMEk emandako datuen arabera, aurreko bi asteetan halako bi dira positiboak. 26 herrialdek jakinarazi dutenez, astero herritarren %1 kutsatzen da. Heriotzei dagokienez, hildakoak gehiago dira txerto gutxiago jarri diren herrialdeetan. «Oraintxe bertan kezkatzen gaituena zera da, omikron aldaera Europa ekialdera zabaltzen ari dela. Ikusteko dago zer gertatuko den; izan ere, herrialde horietan txertatze tasa askoz txikiagoa da».

OMEko arduradunek hizpide izan zuten atzo birusaren geroa ere: omikron aldaera zabaltzen ari da orain, eta aparteko ezaugarriak eman dizkio izurriari. OMEn egin duten txosten baten arabera, ez dago motiborik aldaera hori birusaren azken aldaera arriskutsua izango dela ondorioztatzeko. Orain arte, nazioarteko osasun erakundeak bost aldaera sartu ditu arriskutsuen kategorian: alfa, beta, gamma, delta eta omikron. Gehiago ere hel daitezkeela iragarrita, esan dute berebiziko garrantzia duela aldaera guztien kontra babesa emango duten txertoak garatzeak. Kontrara, adierazi dute ez dela «egokia» jatorrizko birusaren kontra ondutako txertoen indartze dosiak behin eta berriz jartzea.

EMAk ere abisua eman du

Sendagaien Europako Agentzia EMAk ere hizpide izan zuen atzo izurria. txertaketa estrategiaren arduradun Marco Cavalerik ere esan zuen ez dagoela motiborik COVID-19a «endemikoa» dela esateko: «Ezin da gaixotasun arintzat hartu». Txertaketen bidez erietxeetan egoera gehiegi ez korapilatzea lortu bada ere, egoera epidemiologikoa «oso kezkagarria» dela esan zuen, eta erne jarraitu behar dela. «Oraindik ere ezin dugu ahantzi pandemia batean gaudela». Nabarmendu zuen litekeena dela apurka-apurka «endemikotasunera» hurbiltzeko aukera egotea, baina ezin dela azkarregi joan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.