«Itolarrian» daudela diote

Osakidetzako lehen mailako arretako zentroetako langileek protestak egin dituzte. Nahi eta ezinean ari direla adierazi dute: «Eguberri inguruan zail izango da kalitateari eustea»

Altza auzoko osasun zentroko profesionalak protestan atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Lehen Arreta Arnasberritzen foroak deituta, elkarretaratzeak egin zituzten atzo lehen mailako arretan diharduten profesionalek Osakidetzako osasun zentroen atarietan. Hamabost minutuko etenaldiak izan ziren, eguneroko martxan usu nahi eta ezinean ibiltzen direla adierazteko. Are gehiago, deialdiarekin batera iragarri zuten «kalitateari eustea» zaila izango dela orain, Gabonetako oporraldiaren bueltan. Osakidetzako langileen protesta hori beste hainbat autonomia erkidegotan ere egindako mobilizazio baten barruan ulertu behar da.

Lanuztearekin bat egin zuten langileetako bat da Rafa Rotaetxe: medikua da Donostiako Altza auzoko osasun zentroan. «Gurean, denok atera gara protestara: sendagileak, erizainak eta administrariak». Oro har, gainerako tokietan ere mobilizazioek segida izan zuten. «60 bat zentrotako argazkiak ikusi ditut: jendetsuak. Zenbait zentrotan, Bizkaian-eta, pazienteak ere batu dira».

Orain urtebete eratu zuten foroa. «Bereizi genituen zortzi atal, eta hobekuntzarako proposamenak egin genituen», azaldu du Rotaetxek. Osasun Sailarekin harremanetan izan dira, eta administrazioak lehen mailako arretarako proposatu duen hobekuntza estrategiari proposamenak egin dizkiote beste hainbat eragilerekin batera; horien inguruan, ordea, ez dute erantzunik jaso oraindik ere. «Hitz onak dira, baina ez dakigu deus gehiago».

Hainbat motibo zerrendatu dituzte beren lan egoera kaskarraren berri emateko. Batetik, azaldu dute «krisia aitzakia» hartuta egindako murrizketek gogor «astindu» dutela lehen mailako arreta; bestetik, zailtasun handiak dituztela eguneroko martxan: pazienteak behar bezala artatzeko «astirik eza», langileen jarduna eragozten duen «gehiegizko burokrazia» eta lan zama asko zailtzen duen beste arazo bat, ordezkapenik eza. Eragozpen motibo iruditzen zaie «kontratazioaren egungo egoera» ere: «Lehen mailako arreta da kontratu eskasenak eskaintzen diren lekua».

Lehen mailako zerbitzuen erabilera «urtez urte» handitzen ari dela gogorarazi dute. Zio asko daude horretarako: gaixo kronikoak ugaritzea, etxean artatu beharreko pazienteak, zaintza aringarriak... Aldiz, zerrendatutako arazoen ondorioz sistema «ahultzen eta endekatzen» ari dela sentitzen dute, eta horregatik eskatzen dituzte aldaketak.

Osasun arduradunei hainbat proposamen aurkeztu dizkietela gogorarazi dute langileek, eta aintzat hartu behar direla horiek. Besteak beste, kontratazioa hobetzea nahi dute, familia medikuen eta espezialisten arteko elkarlana hobetzea, eta lehen mailako zerbitzuen «ospea» hobetzeko estrategia bat ipintzea martxan. Sarea «gertukoa, iraunkorra, orokorra eta koordinatua» izatea nahi dute langileek: gainerako osasun sareekin eta gizarte zerbitzu guztiekin batera osotasun baten parte dela sentitu nahi dute.

Medikuen hitza

Lehendik ere atera dituzte lehen mailako osasun zerbitzuetako langileek protestak plazara. Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak, esaterako, profesionalek jasaten duten «higaduraz» ohartarazi zuen iazko irailean. Orain berriro lotu zaio protestari, elkargoko gobernu batzordeak plazaratutako ohar baten bidez. «Lehen mailako arreta gure osasun sistemaren oinarria da. Gaixoek igaro beharreko lehen atea da», gogora ekarri dutenez.

Eta bat egin dute aldarrikapenen muinarekin: «Lehen mailako arreta itolarrian dago». Aldaketarako politikak eskatu dituzte: «Epe motz, ertain eta luzerako neurriak hartzeko unea iritsi dela uste dugu. Asko dugu jokoan».Bizkaiko sendagileen elkargoak ere atera du propio egoeraren gaineko kezkaren berri emateko ohar bat: «ekaitza» iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.