Iruñeko Udalak negoziazioa eskaini du, Maravillasko auzia konpontzeko

Polizia indarkeria txarretsi dute EH Bilduk, ELAk eta LABek. Gaztetxekoek protestei eutsi diete
Poliziek Alde Zaharreko kaleak hartu izana gaitzetsi dute eragileek.
Poliziek Alde Zaharreko kaleak hartu izana gaitzetsi dute eragileek. J. DIGES / EFE

Ion Orzaiz -

2019ko urtarrilak 12
Rozalejoko jauregia itxi zuten, baina horrek ez du eten Maravillas gaztetxearen soka. Atzo, lehen aldiz, auziari buruz mintzatu zen Iruñeko alkate Joseba Asiron. Haren esanetan, «negoziazioaren eta elkarrizketaren aldeko apustuari» eusten dio udalak: «Hasierako puntura itzuli gara, baina horrek ez du esan nahi egoera hobea denik. Berriz ere, erabilerarik gabeko eraikin huts bat du hiriak, eta Alde Zaharreko gazteriak zeukan arazoa ez da konpondu; alegia, autogestionatutako espazioen gabezia endemikoak bere horretan dirau».

Alkatearentzat, arazoari konponbidea emate aldera, «eredu» izan daiteke EH Bilduk hiru hilabetez eginiko bitartekaritza lana: «Ahalegin handiak egin genituen, aldeen arteko negoziazioa ahalbidetzeko. Orain, eraikina desokupatuta dagoen honetan, elkarrizketaren aldeko apustuari eusten diogu». Hala ere, negoziazio bati ekin ahal izateko, Asironek beharrezkotzat jo du «lasaitasun giro bat» bermatzea, «eta Poliziaren oldarraldiek ez dute horretan laguntzen». Horregatik, «lasaitasuna berreskuratzeko» deia egin du.

Iruñeko alkatea ez da izan Foruzaingoaren eta Espainiako Poliziaren jarduna kritikatu duen bakarra. Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramailearen esanetan, Foruzaingoa «neurriz gaindiko indarkeriarekin» oldartu zaie gaztetxearen husteagatik protesta egin dutenei, eta kontuak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari: «Beharrezkoa da polizia ereduari buruzko hausnarketa egitea, Foruzaingoa bezalako polizia bat egiazko polizia demokratikoa izan dadin».

Era berean, ELA sindikatuak adierazi du «izugarrizko porrota» dela «gaztetxearen itxiera Poliziaren eskutik heldu izana», eta polizia operazioa eteteko eskatu du. Harago joan da LAB sindikatua, eta Maria Jose Beaumont Barne kontseilariaren «berehalako dimisioa» galdegin du. Eskaera horrekin bat egin du Ernai gazte mugimenduak.

Kaleak, lasaiago

Maravillas gaztetxeko ordezkariek ere gogor kritikatu dute Nafarroako Gobernuaren jokabidea: «Garbi dugu gobernuak agindutako ikuskatze teknikoa Maravillas gaztetxea suntsitzeko maniobra bat besterik ez zela izan». Gaztetxearen hustea salatzeko, kalera atera ziren atzo, laugarrenez, eta elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek Nabarreria plazan, eta gazte batzuk teilatura igo ziren pankarta bat eskegitzeko. Azken egunotako istilurik ez zen izan, ordea. Maravillas herriarentzat leloa eskuetan hartuta, proiektuak aurrera jarraituko duela aldarrikatu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna