Mario Saenz de Buruaga. Biologoa

«Otsoak ez du galtzeko arriskurik»

Saenz de Buruaga ez dator bat otsoa babesteko proposamenarekin, osagai guztiak aztertu gabe: babesak ez luke egoera asko aldatuko, kudeaketa zailduko luke, eta giroa gaiztotuko.

JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Mario Saenz de Buruaga (Lacorzana, Araba, 1958) Consultora de Recursos Naturales enpresako zuzendaria da. Otsoaren erroldari buruzko lanak egin ditu Espainiako hainbat eskualdetan, baita Euskal Herrian ere. Nabarmendu du animalia horren kudeaketak eztabaida sutsuak pizten dituela, «irainera» heldu artekoak. Bere irizpidea, oker egon daitekeela onartuagatik, zientifikoa dela nabarmendu du.

Otsoaren auziak esparru biologikoa gainditzen duela esan izan duzu. Zergatik gertatzen da hori?

Otsoarekin lan egiten dugun zientzialariok bat gatoz: Iberiar penintsulan otsoak ez du, oro har,kontserbazio arazorik, arazo soziala baizik. Otsoak Iberiar penintsulan hartzen duen eremua handitu egin da, eta hamar urtean populazioa %20 inguru gehitu da. Kontserbazio arazoak, nagusiki,Andaluzia inguruan daude.

Nola erabakitzen da espezie bat galtzeko arriskuan dagoen edo ez?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eremura mugatuz gero, irla bat balira, mehatxatuta egongo litzateke. Galtzeko arriskuan, seguruenik. Baina otsoaren kontserbazioa ez da aztertu behar banaketa politikoaren arabera, populazioaren banaketa eremu jarraituen arabera baizik. Araba eta Bizkaia eremu jarraitu baten ipar ekialdeko mugan daude; ez du galtzeko arriskurik.

Mendebaldeko otsoak Pirinioetako ekialdean daudenekin lotzeko korridore batez hitz egin zen garai batean.

Interesgarria litzateke hori gertatzea, ikuspuntu biologiko batetik, betiere. Litekeena da hori lortzea, ez urte askoan, Iberiar sistematik.

Eta Euskal Herritik?

Zailagoa da. Gizakiak eskualdea modu sakabanatuan okupatzen du. Abeltzaintza motak ere baldintzatzen du; estentsiboa da, batez ere Gipuzkoan. Kezkatu behar gaitu? David Mech otsoaren kontserbazioaren mundu mailako erreferenteak galdetu zigun behin: «Zergatik nahi duzue otsoa leku guztietan izan?». Otsoari, orain, ez doakio txarto; kontrakoa esatea datuak faltsutzea da.

Gaur egun, otsoa ez dago babestuta. Horrek esan nahi du ehizatu daitekeela?

Ez. Horretarako, ehizatu daitezkeen animalien zerrendan egon beharko luke, eta ez dago. Aldundiena da eskumen hori, eta ez dute hor sartu. Dena den, espeziea babesteak ez du esan nahi populazioa handituko denik. Portugal da horren adibide.

Otsoak eta abeltzaintza elakrrekin bizi al daitezke?

Logikoa da horren alde egitea. Hala izan beharko luke. Gizakiek abereak etxekotu baino lehenago daude mundu honetan otsoak, eta espezie guztiek dute bizitzeko eskubidea. Hori funtsezko oinarria da. Dena den, egunez egun zelaian lan egiten dugunontzat egoera asko zailtzen da, aurreko axioma onartu ostean. Otsoarekin bizi behar duen abeltzainari ezin zaio esan mendian lo egiteko, haren aitonak egiten zuen moduan.

Otsoa ezarrita dagoen beste eskualde batzuetan nola gertatzen da elkarrekin bizitze hori?

Gaztela eta Leongo leku batzuetan otsoarekin elkarbizitzeko gaitasun kultural handia dute; beti jasan izan dituzte otsoek abereei egindako erasoak. Madrilgo abeltzain baten gaitasuna txikia da, haren birraitonak ere ez duelako ezagutu otsoa. Tentsioak ezberdinak dira leku batean eta bestean.

Kudeaketarako zenbait baliabide proposatu izan dira: artzain elektrikoak, artzakurrak...

Artzain elektrikoak ez dira bideragarriak abeltzaintza estentsiborako, gurean. Artzakurrak oso baliagarriak dira, ordea. Ez dira konponbidea, baina prebentziorako garrantzitsuak dira. Hori bai, badaude zenbait betebehar. Besteak beste, artzakur zintzoak izan behar dute, abeltzainak egunero elikatu eta ikusi behar ditu...

Mendiko Federazioak kexatu izan ziren mendian aske zeuden txakurrak direla eta.

Logikoa da. Halakoak gertatzen dira otsoaren kudeaketan: zerbait lotzean beste zeozer askatzen da. Arazo konplexu batek ez du konponbide errazik. Zatikako konponbideak behar dira, norabide berean doazenak, egoera samurtzen saiatzen direnak. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar abeltzaintza, oro har, ondo planifikatua dagoenean, natura ingurunearen aliatu handia dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.