Herritarren bizi baldintzak lehenetsiko dituen eredua eskatu dute Donostian

2.000 lagunetik gora mobilizatu dira egungo hiri ereduaren kontra,. Elkarlanari «segida» emango diotela iragarri dute 46 eragile deitzaileek

Manifestariak, askotariko aldarrikapenekin, mobilizazioaren lehen metroetan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Egungoaren oso bestelako Donostia bat, herritarren beharrek gidatua, kapitalaren interesek bainoago. Horixe aldarrikatu zuten antolatzaileen arabera 2.000 lagunek baino gehiagok atzo Gipuzkoako hiriburuan, hiriko 46 eragilek deitua zuten manifestazioarekin bat eginda.Hirian bogan dagoen ereduak kezkatuta elkartu ziren mugimendu horiek, iritzita ondorio «gero eta kaltegarriagoak» eragiten dituela herritarren bizi baldintzetan. «Etxebizitza larrialdia», «ekonomia eredu prekarizatzailea», kalearen merkantilizazioa», «hiriaren elitizazioa», «hirigintza politika erasokorrak» eta «ondare arkitektonikoaren suntsiketa» zerrendatu zituzten, horien artean.

Hain justu, azken horren erakusle agerikoenetakoa den eraikinetako baten lekuko izan ziren mobilizazioaren lehen metroetan: Arte Ederren eraikinarena. Eusko Jaurlaritzak kultur ondare izendatutakoa luxuzko hotel bat eraikiko dutela jakin da berriki.

Lelo oihukatuenak, ez alferrik, hiriaren turistifikazioaren eta espekulazioaren kontrakoak izan ziren. Hala iritsi zen manifestazioa Parte Zaharrera, arazo horren ispilu nagusia den eremura, «Hotel gehiago ez» eta «etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko» oihu artean.

Larunbat arratsaldea izaki, salatzen ari ziren ereduaren erakusle zen hiriaren erdigunea: turista ugari harriduraz mobilizazioari so, ezohikoa hori balitz bezala.

Hirigintza «erasokorra»

Zerbitzuei eta turismoari emandako hiri eredua eta horren ondorioak ez ezik, hirigintza proiektuak ere salatu zituzten. Olatuak «itsasoan» nahi dituztela aldarrikatu zuten, Martutene auzoko Antondegi parkean ezarri asmo duten olatu artifizialezko surf parkearen harira, eta metroaren kontrako aldarriak ere izan zuen presentzia. Donostiako Udala sustatzen ari den «hirigintza politika erasokorraren» adibide dira horiek, antolatzaileek manifestazioaren azpimarratu zutenez.

Josune Dorronsoro metroaren kontrako Satorralaia mugimenduko kideak eta Andoni Lamarka Ondare-SS Donostiako hirigintza ereduaren aurkako eragilekoak hartu zuten hitza mobilizazioaren amaieran, Alderdi Ederren, eta 46 eragileen artean egindako idatzia irakurri. «Epe motzeko etekinek soilik gidatutako» ereduaren aurrean, «herritarren eta auzoen beharrei begira» jartzeko deia zabaldu zuten, eta, horretarako, antolaketaren beharra nabarmendu. Atzokoan «kezka berdintsuak partekatzen dituzten» eragileek bat egin moduan, aurrerantzean ere elkarlan horrek «segida» izango duela iragarri zuten, eta horretan parte hartzera animatu zituzten bertaratutakoak.

Aldi berean, horren premia ere mahaigaineratu zuten. Izan ere, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko prozesua abiatu du Donostiako Udalak, eta, orain arteko moduan jarraituz gero, etorkizuna «gehiago baldintzatzeko eta serioski kaltetzeko arriskua» dagoela ohartarazi zuten. Alde horretatik, udalak «indar ekonomiko nagusiekin bat ez datozen» iritziei «entzungor» egiten diela salatu zuten.

Donostian ez ezik, Bilboko Alde Zaharrean ere badute gaion gaineko kezka, asteon erakutsi dutenez. Dozenaka lagunek «bizigarriagoa» izango den auzoa aldarrikatu zuten ostegunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.