Julen Gabiria.
Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI

Gaueko partidak

2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Alemaniako Bild egunkariak bota du amua itsaso zakarrera, eta marrazo guztiak agertu dira bat-batean, tartean neu ere, hortzak zorrotz, zutaberen baterako gai bila. Diotenez, Alemaniako selekzioko jokalariak ordu txikietara arte egoten ziren esna, ez edanean edo beste galbide batzuetan, ezpada bideojokoetan jo eta ke. Hainbestekoa omen zuten pasioa eta emana, ezen selekzioko entrenatzaileak eta kirol-zuzendariak interneterako konexioa ere moztu baitzien, telefono mugikorrak kentzeaz gain. Nonbaiten irakurri dut gerrako bideojokoetan aritzen zirela; beste nonbaiten, berriz, futboleko partida birtualetan zebiltzala buru-belarri murgilduta, logelatik logelara online elkarren aurka, eta beste selekzio batzuetako jokalariekin ere lehian.

Gertatu behar zen inoiz edo behin. Aukeran, berandu samar dator albistea. Edo izango da aspalditik espero nuela horrelako zerbait. Futbol gutxi ikusi izan dut nire bizitzan, eta futboleko bideojoko gutxiago oraindik; baina, adibidez, gazteen lokal baten ondotik pasatu eta telebistan futbola zutela ikusi izan dudanean, une batez begiak ñarrotu behar izan ditut, ziurtatzeko ea benetan futbola zen, ala bideojokoren bat. Hain dira egiantzekoak bideojokoak, eta hain bideojoko itxurakoak futbol-partidak. Nik dagoeneko ez dakit bereizten.

Eta albiste hori egia bada, norberak egin ditzala nahi dituen irakurketak, baina niri, horrela, beste azalpenik gabe, aparteko metaforarik gabe, egoerari inolako esanahi sinbolikorik atera beharrik gabe, ederra iruditzen zait eszena: futbolariak dena ematen gauetako partidetan, bideo-kontsoletan aukeratu dituzten futbolariak beraiek direla ahazteraino. Ezer ederragorik, nekez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.