urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Bougainville, bozetara

2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Ez dakit zuetako zenbatek izango duen gogoan zortzi hilabete baino ez direla Bougainville uharteko biztanleen %98k Papua Ginea Berritik bereizitako estatu independentea eratzea bozkatu zutenetik. 2001ean amaitu zen eta hogei mila lagun hil zituen gerraren bake-akordioetan jasotakoa bete zen hala. Prozesua gardena eta emaitzetan inolako gorabeherarik ez zela izan ebatzita, Bertie Ahern buru zuen batzordeak amaitutzat eman zuen bere lana.

Ia herritar guztiek independentziaren aldeko botoa eman zuten, nazioarteko babes eta berme guztiak izan zituen prozesuan, baina Bougainville ez da independente oraindik, eta inork ez daki noiz (edo inoiz) izango den. Izan ere, bake-akordioek erreferenduma aurreikusten zuten, baina ez herritarren ahotsa betearaztea. Hurrengo urratsa Bougainvilleko gobernu autonomoaren eta Papua Ginea Berriko erakundeen arteko negoziazioak ziren. Haien ondorio behar zuen independentziak edo beste edozein emaitzak. Baina uharteko gobernuaren agintaldia amaitzear zen, eta lehen bilera egin ostean, hauteskundeak pasa arte berriz ez biltzea erabaki zuten, exekutibo berriak hartzeko ardura hori. Apirilean edo maiatzean egingo zituztelakoan zeuden, COVID-19aren krisiak mundua geldiarazi zuen arte. Martxoaren 23an larrialdi egoera ezarri zuten Bougainvillen ere, eta hauteskundeak atzeratzea hobetsi zuten, abuztu-irailera arte. John Momis jarduneko presidentea ez dago hautagaien artean: hirugarren agintaldi baterako aurkezten saiatu da, baina auzitegiek ezetz esan diote, gehienez bi agintaldi egin daitezke eta.

Erreferenduma egin zen, independentziak erabateko garaipena lortu zuen, baina ez da halakorik gertatu, eta horregatik izango dute garrantzia datozen asteek. Negoziazio mahaian Bougainville ordezkatuko duen gobernua hautatuko dute datorren astean: asteazkenean izango da lehen bozketa eguna —erreferenduma legez, hainbat egunez izango dira hauteslekuak irekita—. 207.000 lagun daude erregistratuta. 618 hautesleku izango dira, uharte urrunetan batzuk. Boto guztiekin ordezkarien ganberako 39 aulki eta presidentea (40.a) hautatuko dituzte: boto zuzenaren bidez izango dira horietako 33; eta hiruna erreserbatzen dituzte borrokalari ohientzat eta emakumezkoentzat. Azken bozetan, emakume bakarra hautatu zuten boto zuzenez zerrenda orokorretan bozkatzen diren 33 diputatuen artean. Oraingo honetan, gehiago izatea espero dute, inoiz baino hautagai gehiago ere baitira emakumezkoak.

Australiaren laguntzarekin inprimatu dituzte boto-paperak eta hauteskunde batzordeak erreferendumaren esperientzia erabili nahi du berriz ere gardentasun osoz jokatzeko uhartearentzat hain garrantzitsua den erronka hau. Azken emaitza ofizialak irail erdialdean argitaratuko dira, baina prozesuaren zati garrantzitsuena datozen egunetan izango da, abuztuaren 12tik 20 ingurura. Gaitzak gaitz, bozetan nazioarteko behatzaileak egotea lortu dute.

Mundu osoari erasan dion pandemian salbuespen ia bakarra Pazifikoko uharteak izan dira. Urruntasunak eta komunikazio faltak erraztu die horrela egoteaeta neurriak zorrotz eta bizkor hartzeak, euretariko askorentzat ere sekulako kolpe ekonomikoa izan arren: Samoa, Tonga eta beste hainbat herrialdek turismoarekiko menpekotasun handia daukate, baina argi izan dute osasuna zutela lehentasun, eta birusa ez ekartzeko era bakarra uharteok ixtea zela. Frantziaren menpeko Polinesian berriz agertu dira positiboak, uztailean turistak hartzen hasi eta gero.

Bougainville COVID-19 kasu bakar bat izan ez duten lurralde bakan horien artean dago, Papua Ginea Berrian kasuak ugaritzen ari badira ere, Port Moresby hiriburuan bereziki. Noiz arte eutsiko dioten horrela, ezin esan. Iazko azaro-abenduan bakearen eta askatasunaren aldeko lezio erraldoia eman zuten. Gero behar besteko pazientzia izan dute, hogei urteren ostean bozkatu eta emaitza erabateko izanda ere: negoziatu dezatela independentzia, ez dadila gerrarik berriz piztu. Orain berriz ere herritarren esku dago nork hartuko duen ardura hori. Litekeena da emaitzak eragina izatea Bougainvilletik kanpo ere, Ozeanian gutxienez: Papua Ginea Berriarekin daukaten negoziazioak Indonesiaren menpe dagoen Papua Mendebaldearen autodeterminazio eskaria berpiztuko du, baita kultura melanesiarra daukaten beste herri batzuetan ere. Kaledonia Berriko kanaken artean, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.