Langileek hamabi eta hamasei orduko lanaldiak kritikatu dituzte

Jon Fernandez.
2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Barruan, ospakizunak; kanpoan, salaketak. Petronorren 50. urteurrenaren harira Espainiako erregea Muskizko findegian lantegi berria eraikitzeko lehen harria jartzen ari zela, behargin batzuek elkarretaratzea egin zuten plantaren kanpoaldean, langile batzordeak deituta. Gehiegizko lanorduak salatu zituzten, eta azaldu Petronorrek gero eta sarriago eskatzen diela txandakako langileei hamabi eta hamasei orduko lanaldiak egiteko.

ELA sindikatuak azaldu duenez, txandakako langileek, azken zortzi hilabeteetan, aparteko 12.500 ordu egin dituzte lan, «Petronorrek hala ezarri dielako eta Lan Ikuskaritzak utzikeriaz jokatu duelako». Sindikatuak kalkuluak egin ditu: langileak aparteko orduak egitera behartu ordez enplegu berriak sortu balira, Petronorrek 74 langile gehiago beharko lituzke hilabete oso batean.

Amiantoaren arriskuak

Amiantoaren arriskuak ikusgarri egiteko ere egin zuten elkarretaratzea langileek. CCOO sindikatuak gogorarazi du urteak daramatzala zuzendaritza amiantoaren arriskuez ohartarazten, baina alferrik izan dela, «estetika neurriren bat salbu». Findegian dagoen amiantoa erabat kentzeko neurriak eskatu dizkio Petronorri, eta baita prebentzio lana egiteko ere. CCOOk esplikatu duenez, zerrenda egin nahian dabiltza, jakiteko langileek zer jardueratan izan duten harremana amiantoarekin.

Osasun ikuskaritza zabaltzeko eskatu du CCOOk, plantan zeuden suaren kontrako manta amiantodunak erabili zituzten langileak ere ikuskatzeko: mantok kendu aurretik produkzio arloan, mantentze arloan, segurtasunekoan eta biltegian lan egin zutenak, hain zuzen ere.

Halaber, Equo Berdeak alderdiak «Euskadiko enpresa kutsatzaileena» kritikatu zuen atzo, «behin eta berriz uko egiten diolako Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteari». Equok berriro eskatu dio «gardentasun ariketa» egiteko gizartearen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.