Giharra duela erakutsi du

Mobilizazio masibo bat egin du independentismoak Katalunian, Diada egunean, eta babes sozial handia duela berretsi. Prozesu subiranista bururaino eramateko eskatu diete herritarrek alderdiei

Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea, atzoko manifestazioaren amaierako ekitaldian. DANI CODINA.
Julen Aperribai.
Bartzelona
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Galdera ikur handi bat zuen gainean atzoko Diadak, ez baitzegoen batere garbi pandemiara arte independentismoak erakutsitako mobilizazio mailara gerturatzerik izango ote zuen. ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak, Omnium Cultural erakundearekin eta AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartearekin batera, antolatutako arratsaldeko manifestazioa zen neurgailu nagusia, eta hasierako galdera buruan zebilkitenei kezka uxatzeko modukoa izan da erantzuna. 108.000 lagun bildu ditu manifestazioak, Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, eta 400.000 pertsonaren langa gainditu duela esan du, aldiz, ANCk. Edozein kasutan, independentismoak erakutsi du herritarren artean ondo errotutako mugimendua dela. Urquinaona plazatik abiatzekoa zen manifestazioa beheraxeagotik hasi zen, eta ordurako bat ziren plaza eta Laietana etorbidea, jendez gainezka baitzeuden biak.

Mobilizazioak balio izan du alderdi independentistaren oinarrien tonua zein den jakiteko ere, orain arte alderdi independentisten arteko liskarrek hartu baitute protagonismoa. Zentzu horretan, agerian geratu da prozesu independentista aurrera eramateko alderdiek izan ditzaketen estrategiak edozein direla ere, herritarrek argi dutela prozesua bururaino eraman beharrekoa dela, eta ez dagoela erdibideko irtenbiderik. Hala erakutsi zuen, behinik behin, atzo arratsaldeko manifestazioak. Lluitem i guanyem la independencia (borrokatu eta irabaz dezagun independentzia, euskaraz)zioen pankartak, eta antzeko leloak oihukatu zituzten Laietana etorbidearen alboetan pilatutako herritarrek: «urrats bat bera ere ez atzera», «independentzia»... Espero zen herritarrek mobilizazioan alderdiei presio egitea, eta prozesua desblokeatzeko beharra agertzea. Eta hala izan zen. Tonu orokorra hori ez izanagatik, txisturen bat edo beste ere jaso zuten pankarta zeramatenek.

Izan ere, errezeloz begiratzen dio independentismoaren zati batek Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren artean eratutako elkarrizketa mahaiari, eta ez zuen ezkutatu atzoko egunean. Diskurtso hori, hein batean, bere egin zuen Elisenda Paluzie ANCko presidenteak, manifestazioaren amaierako ekitaldian. «Autodeterminazio eskubidea ez zaio zapaltzen zaituen estatuari eskatzen; hartu egiten da». Independentismoan aurrerapausoak ematea «bakoitzaren erabakien esku» dagoela azaldu zuen, eta herritarrei dei egin zien herrialdeko eremu guztietan burujabetzaren alde egiteko; hala nola, arlo sindikalean. Gobernuari zuzendu zitzaion jarraian: «Gobernuari ekintzak exijitzen dizkiogu. Lehenik eta behin, utz diezaiola etengabe estatuari begiratzeari eta iritsiko ez diren kontsesioen zain egoteari». Generalitateari eskatu zion «hausturarako» prestatzeko. Gogora ekarri zuen Carme Forcadell ANCko presidente ohiak hautetsontziak jartzeko eskatu ziola Artur Mas Generalitateko presidenteari, eta bestelako eskari bat egin zien hark Pere Aragones presidenteari eta gobernuari: «Gauzatu ezazue independentzia, eta alboan izango gaituzue».

Negoziazioaren bideari kritika egin zion ezker independistak ere. ANCren manifestazioa amaierara iritsi zen ordu berean hasi zen haien manifestazioa, Urquinaona plazatik, Ez akordiorik, ezta ukorik ere lelopean. Manifestazioaren aurretik, Edgar Fernandez CUPeko bozeramaileak Generalitateari ohartarazi zion eraikitzen ari den «marko politikoa» ez datorrela bat alderdi horrek Aragonesen inbestidurari bide emateko ERC Esquerra Republicana de Catalunyarekin sinatutako akordioarekin. «Eskubide sozialak eta nazionalak» defendatzeko, mobilizazioaren beharra aldarrikatu zuen Fernandezek, eta hiru helburu jarri zituen: independentismoak bide orri bat adostea, subiranotasun energetikoa eta lurraldearen defentsa. Azken horretan, Prateko aireportua handitzeko proiektua nahiz 2030eko Neguko Olinpiar Jokoak Bartzelonan egiteko asmoa kritikatu zituen.

Cuixart, batasun eske

Independentismoak jarraitu beharreko bide orriaren inguruko zehaztasunetan sartu gabe, indar independentisten arteko kohesioa defendatu zuen Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak. Bera izan zen atzoko aurpegi nabarmenetako bat, espetxetik atera osteko lehenengo Diada baitzen atzokoa beretzat. Herritarren aldetik babes gehien jaso zuenetako bat ere izan zen. Independentismoa indartzearen aldeko mezua eman zuen Cuixartek, baita emozionalki ere: «Eurek boterea dute guk beldurra dugunean. Guk beldurrik ez badugu, haiek ez dute botererik izango». Espainiak Kataluniarentzat proiekturik ez duela esan zuen, baina hari aurre egiteko adostasuna beharrezkoa dela azpimarratu zuen: «Alderdiei eta instituzioei presio egiten jarraitzea dagokigu; hangoei bai, baina baita hemengoei ere. Momentuak eskatzen duen mailan egon daitezen, eta behingoagatik estrategia partekatu bat adostu dezaten».

Ildo beretik jo zuen eguerdian, Omnium Culturalek Lluis Companys pasealekuan egin zuen ekitaldian. Independentismoak «autoestima eta harrotasuna» berreskuratu behar dituela nabarmendu zuen, gogora ekarriz azken urteetako lorpenak: «Ez dezagun ahaztu pauso erraldoiak eman ditugula azken hamarkadan. Estatua inoiz imajinatuko ez zukeen lekura eraman dugu». Hori guztia ezerezean gera ez dadin eta egindakoa «inork izorratu ez dezan», mobilizazioetara batzeko eskatu zien herritarrei, eta «ezberdintasunen» gainetik «kohesioa» eta «herriaren batasuna» lehenesteko. «Errepresioak gu zatitu nahi gaitu; frustrazioa eragin nahi digu, gure eskubideen aldeko borroka utz dezagun».

Omnium Culturalen ekitaldiaren aurretik, 9:00etan, Generalitateak lore eskaintza egin zion Rafael Casanovari, Espainiako Ondorengotza Gerran Kataluniako erresistentziaren ikur bihurtu zen politikari historikoari. Jakin-mina zegoen ekitaldi horretan alderdi independentisten arteko desadostasunak azaleratuko ziren ikusteko. Izan ere, Diadaren bezperako diskurtsoan, Aragonesek Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko sortutako elkarrizketa mahaia hizpide izan zuen, eta kritikak jaso zituen horregatik; besteak beste, Junts per Catalunyako kideenak. Laura Vilagra Kataluniako Generalitateko presidentetzako kontseilarik berretsi egin zuen, lore eskaintzaren ostean, mahai horretara «Kataluniako herriaren indar guztiarekin» joateko aprobetxatu behar dela.

Beranduxeago, Arran ezker independistako gazte antolakundeak Gustau Muñoz militantea omendu zuen. Espainiako polizia indarrek hil zuten Muñoz 1978ko Diadan. Harekin batera, Guillem Agullo duela 27 urte faxistek hildako gazte independentista ere oroitu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.