1978ko gertaerak ikertzeko trabak salatu dituzte

78ko Sanferminak Gogoan taldeak Europako Parlamentuan salatuko du Espainiako erakundeek ez dituztela desklasifikatu agiriak

Josu Txueka eta Izaskun Bilbao, atzo, Iruñeko Kondestablen. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Ehun egun behar izan dituzte. Azaroan, Iruñeko Udalak baimena eman zuen 1978ko sanferminetako gertaerak ikertzeko egiaren batzorde bat osatzeko, eta martxoaren 6tik ikertzen aritu da lantaldea. Historian, antropologian, memorian eta arlo juridikoan aritutako adituek osatu dute batzordea, eta garai hartako egoerari, sanferminetako gertaerei eta ondorengo jarraipen historikoari erreparatu diote. Josu Txueka historialari eta batzordeko kidearen arabera, aldez aurretik beste ikerketa batzuk egin izan direnez, elementu berri gutxi ditu lanak, baina agerian utzi dusasoi hartako zigorgabetasuna. Halaber, azpimarratu du indarrean jarraitzen dutela Espainiako Barne Ministerioaren dokumentu ofizialetara jotzeko eragozpenek.

Nafarroako Parlamentuak, ia aho batez —PPko bi parlamentariak soilik abstenitu ziren—, eskaera egin zuen dokumentu ofizial horiek desklasifikatzeko. Dena den, maiatzaren hasieran, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen eskaera hori, PP, PSOE eta Ciudadanosen aldeko botoekin. Espainiako erakundeen blokeorako jarrera ikusita, 78ko Sanferminak Gogoan taldeak Europako Parlamentura joko du hilabete amaieran, hori guztia salatzeko asmoz.

Berez, egiaren batzordearen emaitza herenegun aurkeztu zuten jendaurrean, Iruñeko Gaiarre antzokian. Atzo, berriz, komunikabideen aurrean eman zituzten lanaren zertzelada batzuk, eta, era berean, prentsaurrekoan izan ziren Izaskun Bilbao eta Xabier Benito, EAJko eta Ahal Dugu-ko europarlamentariak, hurrenez hurren. Bilbao eta Benito EuropakoParlamentuko memoria historikoari buruzko lantalde bateko kide dira, eta salaketa horretan laguntzeko asmoa dute. Benitok nabarmendu du beste herrialdeetako europarlamentariak ere taldeko kide direla.

EBren jarrera aldaraztea

Josu Txuekak «garrantzitsutzat» jo du salaketa Europako erakundeetaraino eramatea. Izaskun Bilbaoren arabera, memoria historikoari buruzko taldea norabide berean ari da lanean, haren helburua «Europako Batasuneko erakundeek Espainiarekiko duten ikuspegia aldaraztea» baita. «Guztiek pentsatzen dute Espainian trantsizio bat egon zela, demokrazian gaudela, eta, beraz, memoria arloko arazo guztiak konponduta daudela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.