1978ko gertaerak ikertzeko trabak salatu dituzte

78ko Sanferminak Gogoan taldeak Europako Parlamentuan salatuko du Espainiako erakundeek ez dituztela desklasifikatu agiriak
Josu Txueka eta Izaskun Bilbao, atzo, Iruñeko Kondestablen.
Josu Txueka eta Izaskun Bilbao, atzo, Iruñeko Kondestablen. IDOIA ZABALETA / FOKU

Joxerra Senar -

2018ko ekainak 10
Ehun egun behar izan dituzte. Azaroan, Iruñeko Udalak baimena eman zuen 1978ko sanferminetako gertaerak ikertzeko egiaren batzorde bat osatzeko, eta martxoaren 6tik ikertzen aritu da lantaldea. Historian, antropologian, memorian eta arlo juridikoan aritutako adituek osatu dute batzordea, eta garai hartako egoerari, sanferminetako gertaerei eta ondorengo jarraipen historikoari erreparatu diote. Josu Txueka historialari eta batzordeko kidearen arabera, aldez aurretik beste ikerketa batzuk egin izan direnez, elementu berri gutxi ditu lanak, baina agerian utzi du sasoi hartako zigorgabetasuna. Halaber, azpimarratu du indarrean jarraitzen dutela Espainiako Barne Ministerioaren dokumentu ofizialetara jotzeko eragozpenek.

Nafarroako Parlamentuak, ia aho batez —PPko bi parlamentariak soilik abstenitu ziren—, eskaera egin zuen dokumentu ofizial horiek desklasifikatzeko. Dena den, maiatzaren hasieran, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen eskaera hori, PP, PSOE eta Ciudadanosen aldeko botoekin. Espainiako erakundeen blokeorako jarrera ikusita, 78ko Sanferminak Gogoan taldeak Europako Parlamentura joko du hilabete amaieran, hori guztia salatzeko asmoz.

Berez, egiaren batzordearen emaitza herenegun aurkeztu zuten jendaurrean, Iruñeko Gaiarre antzokian. Atzo, berriz, komunikabideen aurrean eman zituzten lanaren zertzelada batzuk, eta, era berean, prentsaurrekoan izan ziren Izaskun Bilbao eta Xabier Benito, EAJko eta Ahal Dugu-ko europarlamentariak, hurrenez hurren. Bilbao eta Benito Europako Parlamentuko memoria historikoari buruzko lantalde bateko kide dira, eta salaketa horretan laguntzeko asmoa dute. Benitok nabarmendu du beste herrialdeetako europarlamentariak ere taldeko kide direla.

EBren jarrera aldaraztea

Josu Txuekak «garrantzitsutzat» jo du salaketa Europako erakundeetaraino eramatea. Izaskun Bilbaoren arabera, memoria historikoari buruzko taldea norabide berean ari da lanean, haren helburua «Europako Batasuneko erakundeek Espainiarekiko duten ikuspegia aldaraztea» baita. «Guztiek pentsatzen dute Espainian trantsizio bat egon zela, demokrazian gaudela, eta, beraz, memoria arloko arazo guztiak konponduta daudela».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna