Laugarren aukera da

Mikel Vesga partidak harmailan ikusten hasi zen, eta, orain, leku bat du hasierako hamaikakoan. Unai Lopezi aurrea hartu dio Gaizka Garitanoren asmoetan.

Mikel Vesga Athleticekoa, erdian, Alaveseko jokalariz inguratuta, Mendizorrotzako ligako partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
haritz gallastegi
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Eguneroko lanak ez duela ezertarako balio? Pazientzia izateak ez duela saririk izaten? Ezinezkoa dela entrenatzaileen iritzia aldatzea? Ez, ez eta ez. Galde diezaiotela Mikel Vesgari (Gasteiz, 1993). Euskarria sasoi-aurrean itzuli zen Lezamara, Leganesen utzita egon ostean. Asko jokatua zen, eta eskarmentu handiagoarekin bueltatu zen Athleticera. Finean, joan zena baino jokalari hobe eginda. Hala ere, jakin bazekien lanak izango zituela taldean protagonismoa izateko. Gaizka Garitanok bigarren aukera bat zor zien taldea egoera larri batetik ateratzen lagundu zioten futbolariei. Egoera gaitzetan ikusten baita jokalarien konpromisoa.

Baina ondo dagoena aldatzeko arrazoi handirik ez dago, baldin eta berriek dagoena nabarmen hobetzen ez baldin badute. Ez da Vesgaren kasua. Erdilaria talde jokalari ona da, eta langilea. Goiko jokoa ondo menderatzen du, eta, aukera duenean, aurrera egitea du gustuko. Baina ez da futbolari ezberdina. Ez da postua bermatua duten jokalari ordezkaezin horietakoa. Haren jokoa gustuko ez dutenek futbolari motela eta hotza dela diote. Taldean dauden euskarrien artean bat gehiago dela, alegia. Beraz, jakinekoa zen ez zuela erraza izango taldean leku bat izatea.

Hala, asko kostatu zaio egun bizi duen egoera gozora iristea. Isilean sufritu behar izan du. Ligaren lehen herenean denbora gehiago pasatu zuen harmailetan, berdegunean baino. Garitanoren aginduetara debuta egiteko ia hiru hilabete itxaron behar izan zuen. Celtaren kontrako neurketan izan zen, Balaidosen. Ahazteko moduko partida izan zen. Bigarren aukera hilabete eskas beranduago eman zioten. Orduan ere etxetik kanpo. Vila-Realen etxean. Zeramikaren zelaiko lehia ere ez zen zuri-gorrien neurketarik osoena izan, eta jakinekoa da zer gertatzen den entrenatzaileak aldaketak egin eta taldeak erantzuten ez duenean: lehengora itzultzen dela.

Baina Vesgaren izaera eta amore ematea ez datoz bat. Euskarriak beharrean jarraitu zuen, eta hirugarren aukera balekoa izan zela esan daiteke. Athleticek Santiago Bernabeun jokatutako lehian aldatu zen euskarriaren egoera. Garitanok hiru erdiko atzelarirekin zelairatzea erabaki zuen. Joko sistema horrekin, eta aurrean goi mailako talde indartsua zegoela aintzat hartuta, beste aukera bat eman zion arabarrari. Atzeko lerroa gehiago babestuta, erosoago aritu zen Vesga. Garitano konforme geratu zen haren ekarpenarekin, eta ordutik ona partida gehienak jokatu ditu. Egonkortu egin da hasierako hamaikakoan. Egun, Vesgak hasieratik ez jokatzea litzateke albistea.

Dani Garciaren bikotea

Garitanoren Athleticen Dani Garciak bermatutako dauka postu bat hamaikakoan. Entrenatzailearen konfiantzazko jokalaria da. Haren alboan aritzeko sormen gehien zuten futbolarien aldeko apustua egin zuen sasoi hasieran teknikariak. Unai Lopezen eta BeƱaten arteko lehia gazteak irabazi zuen. Baloia jokatzeko duen erraztasunaz gain, orain arte erakutsi gabeko grinarekin aritu zen donostiarra. Hasierako indarra galdu egin duela dirudi, ordea. Luze egiten ari zaio denboraldia. Min hartuta egoteak ere ez dio lagundu.

Kontuak kontu, San Joseri eta Vesgari ere eman die jokatzeko aukera Garitanok. Vencedor gaztea ere ari da burua erakusten, baina oraindik apur bat itxaron beharko duela dirudi. Kontuak kontu, azkenerako Vesgak aurrea hartu die taldekide guztiei. Azken hilabete bietan bera izan da ezker euskarria. 26 urterekin Athleticen egonkortzeko bidean dela dirudi. Izan ere, Vesgaren kirol ibilbidea ez da erraza izan. Leganesen utzita jokatu aurretik Sportingen ere aritu behar izan zen.

Bi egonaldiak aberasgarriak izan dira jokalarientzat. Gaur-gaurkoz bera da teknika zuri-gorrien apustua euskarrian jokatzen, baina auskalo zer geratzen den lehia itzultzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.