Kievek blokeorako neurriak hartu ditu

«Armada pribatuak» sortu ez daitezen, 16 eta 60 urte arteko gizonezko errusiarrei ez diete utziko Ukrainan sartzen. Atxilotutako 24 soldadu ukrainarrak Moskura lekualdatu dituzte
Bi soldadu errusiar, 24 soldadu ukrainarretako batekin, asteon.
Bi soldadu errusiar, 24 soldadu ukrainarretako batekin, asteon. EFE

Igor Susaeta -

2018ko abenduak 1
Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak gogoan fresko dauka Errusiak nola anexionatu zuen Krimeako penintsula 2014ko martxoan, eta nola babestu zituen matxinoak garai bertsuan, Ukraina ekialdean piztutako gerra zibilean. Horregatik, joan den igandean Itsaso Beltzean gertatutakoaren harira Errusiarekin piztutako gatazka militarra dela eta, «Errusia blokeatzeko» neurriak hartzea erabaki du. Horrenbestez, 16 eta 60 urte arteko gizonezko errusiarrek ezin izango dute Ukrainan sartu. Asteburuko gertakariaren ondorioz, salbuespen egoera ezarri du Kievek asteon —abenduaren 26ra arte egongo da indarrean—, eta horrekin lotuta dago neurria. Izan ere, errusiarrez osatutako «armada pribatuak» saihestu nahi ditu Ukraina barruan.

Atzo iragarritako debekuaren aurretik ere, Ukrainak mugak jarri izan dizkie hara joan nahi zuten errusiarrei. Kieven arabera, horietako batzuk deportatu egin behar izan ditu, ez zutelako azaldu zertara joan ziren Ukrainara. UNIAN berri agentziak estatistika ofizialak aipatuz urtearen hasieran argitaratu zuenez, iaz 1,5 milioi errusiar inguruk bisitatu zuten Ukraina. Errusiar askok senideak dituzte han. Bide batez, Errusia eta Ukraina arteko hegaldi zuzenak eten ditu Kievek.

Kasu honetan, «atzerritarrei» mugatuko diete Ukrainarako sarbidea, baina, «aurrena», aipatutako adin tarteko gizonezko errusiarrei. Kievek ez du xehetasunik eman debekua ezartzeko moduari buruz, baina kontrol zorrotzagoak espero dira bi herrialdeen arteko mugan. Lurrez 2.000 kilometro luze da muga hori.

Antzeko neurri bat indarrean sartuko dela iragarri zuen Ukrainak herenegun. Erabaki du atzerritarrei Krimearako sarbidea blokeatzea. Beraz, ukrainarrak soilik sartu ahal izango dira Errusiak de facto kontrolpean duen penintsula horretan.

Moskuk, berriz, adierazi du ez duela asmorik gisa horretako neurriak hartzeko. «Erokeria litzateke», azpimarratu zuen Maria Zajarova Atzerri Ministerioaren bozeramaileak atzo.

G7koen eskaera

Errusia eta Ukrainaren arteko muga «legez kanpo» gurutzatu zutela iritzita, Moskuk Ukrainako armadaren hiru ontzi militar atzeman zituen igandean, eta 24 soldadu ukrainar atxilotu. Horrek eragin du krisia. Soldadu horiek Simferopolen —Krimeako hiriburu administratiboan— eduki dituzte atxilotuta, baina, Kremlinek atzo jakinarazi zuenez, Moskura lekualdatu dituzte. Gehienez sei urteko zigorra jaso dezakete, eta, joan den asteartean Errusiako Gobernuaren iturri juridikoek adierazitakoaren arabera, Simferopolen bertan epaituko dituzte. Oraindik ez dute zehaztu noiz izango den epaiketa.

Bien bitartean, azken egunotan, Mendebaldeko potentziek eskaera bat egin diote Vladimir Putin Errusiako presidenteari: soldaduak askatu ditzala. Kremlineko burua, ordea, ezezkoan dago. Hortaz, zenbait agintari Errusiari zigor gehiago ezartzearen aldekoak dira. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa «zigor egokiez» mintzatu zen herenegun gauean, G20 taldearen goi bilerara iritsi zenean. Han, Buenos Airesen, Donald Trumpekin biltzekoa zen Putin, baina AEBetako presidenteak uko egin dio, soldaduen egoera aipatuta.

Alemaniak, Japoniak, Kanadak, Frantziak, Italiak, Erresuma Batuak eta AEBek osatzen dute G7 taldea, eta estatu horietako atzerri ministroek komunikatu bat kaleratu zuten atzo, Errusiari eskatzeko aska ditzala soldaduak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna