Saiatuta ere, gaur ezin duzu irabazi

NBAko egutegia aztertu, eta jokalariak pott eginda egongo direlako zein lehia galduko duten iragar dezakete sendagileek.

Danel Agirre.
2016ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Lehia bat Bostonen ostegun gauean. Bost mila kilometroko bidaia Portlandera, mendebaldera, bertan zapatu arratsaldean aritzeko. Beste 2.000 kilometro hegoaldera, eta igandez Phoenixen aurka hirugarren esfortzua. Loaren espezialistaren diagnostikoa: porrot ziurra.

Iragarpena Charles Czeisler sendagileak egin zion orduan talde aparta zen Boston Celticsen entrenatzaileari, Doc Riversi, duela bost urte. Sasoia abiatu baino lehen egutegia aztertu, eta puntu beltzak identifikatzeko eskatu zion Riversek Czeislerri. Guztietan asmatu omen zuen.Nahiz eta faborito moduan hasi, loaren adituak ondorioztatu zuen Bostonek ez zuela inongo aukerarik hiruzpalau partida irabazteko. Phoenixeko porrota bereziki deigarria izan zen. Prentsaurrekoan, Riversek jokalariei bezperan parrandan ibili ote ziren galdetu ziela azaldu zuen. Taldeko masajistak argitu omen zion zalantza, igande hori Czeislerrek hilabete batzuk lehenago topatutako puntu beltzetako bat zela gogoratuz.

Popovich, aitzindari

Bostonenaren gisako esperimentu informal batzuen ondoren, egun oso serio hartzen dute entrenatzaile guztiek egutegiaren analisia. Sei hilabete eskasean 82 lehia pilatzen dituen maratoia da NBA, bidaia oso luzeak tartean. Frankizia bakoitzak bere hegazkina erabiltzen badu ere, saihetsezina da jokalarien lo zikloak noizbehinka etetea. Kontzentratu ezina eragin ohi du horrek, eta fenomeno hori bost edo sei egunean jokatutako laugarren partidaren egunean gertatzen bada, espezialistek uste dute ez dagoela irabazteko itxaropenik.

Beste hainbat kontutan bezala, Gregg Popovich aitzindari izan da honetan ere. Egutegiko puntu beltzetan atsedena eman ohi die hainbat jokalariri, eta aste horietan askoz entrenamendu arinagoak prestatzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.