Gorka Izagirre.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Behingoagatik, saihestu dut

2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Aze sustoa gaurkoan. Errepidera irten edo itzuli bat hasten dudan aldiro nik ez dut inoiz zorte onik eskatzen. Nik beti esaten dut zorte txarra ez izatearekin konformatzen naizela, eta horrelako eroriko handiak gertatzen direnean are garbiago izaten dut. Horrelakoak zorte on edo txar kontua izaten dira, eta ni erorikotik libratu banaiz tropelaren eskuinaldean nindoalako izan da. Askotan, kokapenak eragina du erorialdietan, zenbat eta aurrerago egon aukerak txikiagoak direlako, baina atzokoan ezta hori ere. Errepide tartea ona zen, gainera, asfalto onekoa. Herenegun makina bat bide makurragoak igaro genituen eta Adam Yates izan zen zorte txarra izan zuen bakarra. Sasoi hasieran bi aldiz erori naiz, baina oraingoan, behingoagatik, ez.

Erorikoak, dena den, ez nau harritu. Egun osoan tentsioa nabaria zen tropelean.Urduritasuna sumatzen zen, batez ere iheslarien denbora murrizten hasi garenean. Tarte horretan, gainera, haizeak atzetik jotzen zigun, eta oso bizkor gindoazen, orduko60 kilometrotik gora ziur. Erorikoa ikustean gelditu egin naiz, eta anaiak aurrera egin duela ikusi dut lehenbizi. Aurreko tropeleko azkena zen, eta norbaitek bere gurpila jo duela esan dit. Halakoetan inork ez du itxaroten, tropela ziztu bizian doalako. Erorikoak ere lasterketen zati bat dira, eta denak aurrera jarraitzen du. Fulsang taldekideak, aldiz, ezin izan du saihestu; lurrean ikusi dut eta hari laguntzeko gelditu naiz.

Sailkapena erabat aldatu da; izen handi askok sailkapen nagusiagatik lehiatzeko aukera galdu dute. Anaia orain bigarren dago, 33 segundora. Irabazteko bere aukerak handitu egin dira, baina liderra sendo ikusten dut. Dena den, sailkapenean gure aukera bihar hasiko dela uste dut. Azken bi etapak dira guretzat aproposenak, eta hor estutu behar dugu. Aurretik gaurkoa dugu, baina, eta errespetu pixka bat ematen du. Eguraldi txarra emanda dago, eta ea aurrera egiten dugun. Atzokoa ikusita, ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.