Igone Campos. Mendiko eskiatzailea

«Espero ez nuen emaitza da; amets bat bete dut hemen irabazita»

JON URBE / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Izaba
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Mendiko eskiaren aldeko apustua egin zuen Igone Camposek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1991), eta apustua emaitzak ematen ari da.

Asteburu aparta izan da zuretzat. Espero zenuena?

Ez, espero ez nuen emaitza izan da. Amets bat bete dut hemen irabazita. Oso-oso pozik joan nintzen etxera. Ondo etorriko zait aurrerantzean indar gehiagorekin jarraitzeko.

Lehia polita izan zenuten larunbatean.

Hasiera oso zoroa izan zen. Lasai hartu behar nuela pentsatuta joan nintzen. Lehen aldaketan gauzak ondo egin nituen, eta handik aurrera hobeto joan nintzen. Estutuz joan nintzen hasieratik, eta ez nuen atzera asko begiratzen. Nirea egin nahi nuen. Erreferentziak ematen zizkidaten atzetik, eta kontrolatuz joan nintzen denbora guztian. Oso ibilbide teknikoa izan zen, baina aurten asko ibili naiz horrelako eremuetan, eta horrek ere asko lagundu zidan.

Larunbateko lasterketan aldaketa asko izatea zure aldekoa izan al zen?

Bai, uste dut aldaketetan denbora asko irabazi nuela. Asko entrenatu naiz aldaketetan aurten, eta, konturatzerako, segundo asko irabazi nituen aldaketa bakoitzean.

Igandeko kronoigoera beste kontu bat izan zen. Nola sentitu zinen?

Oso igoera luzea zen; orain artean egina dudan luzeena. Beldur pixka batekin irten nintzen, indarrak ondo neurtze aldera. Lehen zatia lasai hartu nuen, baina amaieran intentsitate handia sartzea erabaki nuen. Ondo atera zen.

Ez zenuen erreferentziarik.

Nire taldean ni nintzen emakume bakarra, eta igandean ere nire lasterketa egin nuen.

Gustukoak izan al dituzu bi ibilbideak?

Bai, asko gustatu zitzaizkidan. Oso mendikoak izan ziren biak ere, teknikoak, aldaketa askorekin... Guri gustatzen zaizkigunak.

Oso indartsu ibili zara bi egunetan.

Bai. Aurten asko ibili naiz Alpeetan entrenatzen, eta hori asko nabaritzen dut horrelako ahaleginetan.

Aurtengorako egina zenuen apustua emaitzak ematen ari da?

Bai; egia esan, baneukan gogoa jakiteko noraino irits nintekeen kirol mailan, eta orain arte, behintzat, badirudi lana bere uzta ematen ari dela.

Pozik al zaude daramazun denboraldiarekin?

Bai, uste baino emaitza hobeak lortzen ari naiz. Ez nituen inondik inora espero, eta alde horretatik oso pozik nago.

Bi txapelekin itzuli zara etxera. Nori eskaini dizkiozu?

Uf, jende asko dago txapel hauen atzean. Zaila dut izen bat esatea, baina gurasoei asko eskertu behar diet. Haien babesa ezinbestekoa izaten ari da aurtengo denboraldian.

Orain, Pierra Menta. Zein asmorekin zoazte?

Jon Ander Aranburu izango dut bikotekide Pierran. Hura zer den ikustera goaz. Jende asko izaten da han, izugarrizko gogortasuna, egunero ia 2.000 metroko desnibel positiboa... Jaitsieretan beldurra galtzea da helburuetako bat, eta gozatzera goaz biok ere.

Udan korrika ikusiko al zaitugu?

Bai. Pierratik bueltan, Adamellosarira [Italia] joango naiz, neska kataluniar batekin bikotea osatuz. Gero, agian, Candanchun bikoteka egingo den beste lasterketa batera joango naiz, baina ez dakit ziur. Ekainaren 22an, Nahia Quincoces lagunarekin Monte Rosa Sky Race lasterketa egingo dut. 4.500 metrora igotzen den lasterketa da, 35 kilometrokoa eta 3.500 metroko desnibel positibokoa. Zegama-Aizkorriko bertikala egingo dut aurretik, eta, zorte pixka bat baldin badut, maratoia ere egin nahi nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.