Ainhoa Sanz. Mendi korrikalaria

«Inoiz ez nuen 30 kilometrotik gora korrika egin, eta aldea nabaritu dut»

LARRAITZ BEREZIBAR.
Unai Ugartemendia.
Otañes
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ainhoa Sanz (Urretxu, Gipuzkoa, 1989) ezezaguna zen Otañesko irteeran elkartu ziren askorentzat. Ez zen azken garaipenerako hautagaietako bat. Baina Euskal Selekzioko hautatzaileek argi zuten selekzioan egon behar zuela. Azken urteetako Euskadiko kros txapelduna da, eta hasia da sariak pilatzen mendiko lasterketetan ere. Azken astean han egoteko egindako ahaleginak fruitua eman zuen igandean. Orain arte lehiatu dituen lasterketa guztiak irabazi eta gero, hurrengo urteetan zeresan handia emango du korrikalari urretxuarrak.

Uste bezain ondo joan al da dena?

Espero baino hobeto irten zait dena. Azkenean, nire erritmora ateratzea erabaki dut; banekien oso lasterketa luzea zela. Niretzat lasterketa gogorra izan da, batez ere ez nagoelako ohituta hainbeste kilometro korrika egitera. Oso pozik noa etxera.

Inoiz egin duzun mendi lasterketarik luzeena izan al da?

Bai, inoizko luzeena. Hogeita bost kilometro arteko lasterketa batzuk eginda nituen, baina inoiz ez nuen hogeita hamar kilometrotik gora korrika egin. Alde handia nabaritu dut. Gainera, ez nago ohituta ez jatera eta gutxi edatera. Zerbait edan dut, baina ez gehiegi. Deshidratazio puntu batekin iritsi naiz helmugara.

Debuta zenuen Euskal Selekzioan. Nola sentitu zara lasterketan zehar?

Ondo, presiorik gabe joan naiz; banekien nire erritmora joan behar nuela. Azahara Garcia harrapatu dudanean, aurrera joateko hautua egin dut. Banekien harekin ezin nintzela itsutu, eta halaxe egin dut.

Noiz ikusi duzu irabazteko aukera?

Hogeita seigarren kilometroan aipatu didate alde nahiko handiarekin nindoala, eta lasai joateko gomendatu didate. Oraindik ere kilometro batzuk banituen aurretik, eta buruarekin joateko esan didate.

Hurrengo helburua maratoi distantzian lehiatzea izango al da?

Hurrengo helburua bai, baina ez aurtengo. Beste lasterketa batzuk egingo ditut, Zegamako kilometro bertikala barne, baina ez dut maratoi distantziako lasterketarik egingo.

Bertikala aipatu duzu. Orain, Espainiako txapeldun izanik, noizko Zegama-Aizkorri maratoia?

Oraindik distantzia luzeegia da niretzako, eta, gainera, oso denbora gutxi gelditzen da probarako. Agian datorren urtean emango dut pauso txiki hori. Aurten, hogei kilometrotik hogeita hamarrekorako jauzia egin dut, eta nahikoa da. Pixkanaka joan behar dut. Oraingoz ez dut nire burua ondo ikusten horrelako proba batean parte hartzeko.

Zein izango da zure egutegia hurrengo hilabeteetan?

Lehenik, ekainean, Zegamako kilometro bertikala egingo dut. Gero, orain arte nituen asmoak aldatzea tokatuko zait agian. Espainiako txapeldun izan eta gero, iraileko Munduko Txapelketarako deialdia jaso dut. Oraindik ez dakit zer egingo dudan. Izango da denbora, baina uste dut baiezkoa izango dela. Joan aurretik, ondo aztertu beharko ditut ibilbidearen ezaugarriak eta distantzia.

Ez da denbora asko mendian korrika hasi zarela. Zer-nolako esperientzia izaten ari da?

Oso polita. Betidanik gustatu izan zait mendian entrenatzea, eta, gainera, oso ondo pasatzen dut mendian. Hemendik aurrera, bi denboraldi egingo ditut: krosekoa eta mendikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.