Gorka Izagirre.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Buchmann ondo dago; anaia, prest

2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Posible al da Bora hortik kentzea? Galdetu dit kazetariak. Eta bai, posible da, baina ez da erraza izango. Buchmannek erakustaldia eman du, ez genuen uste eutsiko zionik, baina horrelako ahaleginek askotan ondorena izaten dute, eta gaur nabaritzea espero dugu. Etapa oso gogorra da, eta sasoi onenean ez badago non min egin badaukagu. Egun oso eroa izango dela uste dut, gainera, hasieratik. Ez da uste hutsala, atzokoa ere horrelakoa izan baitzen, kontrolik gabea.

A ze eguna! Oso oso azkar ibili gara egun osoan. Ihesaldirik ez da osatu, eta horrek eromena ekarri du. Kostaldeko errepideak, Kalbariorako hiru igoera... Quick Stepek mugimendu taktiko bat egin du Elgoibarrera iritsi aurretik, eta hor hautsi da dena. Gure asmoa Matsarian haustea zen, bainaordurako dena hankaz gora zegoen. Liderra ondo ez zihoala ikusi dugu, eta tiraka jarri naiz. Beherako bidean, baina, lasterketaren kontrola galdu dugu une batez, eta hor egin du Buchmannek aurrera.

Onartu egin behar dut: ihes egin duenean, uste genuen aurrerago ordainduko zuela. Arrate gogorra da, haizea aurka... Baina ezin da aitzakiarik jarri. Halere, gauza bat esan nahi dut:anaia ere ondo dago. Herenegun erori egin zen, eta ezin izan Yatesen astinduari eutsi Zaratamon gora. Bera ere burujanean ibili zen, baina aizu, Yates ez dela Txiribiton! Hori esan nion anaiari hotelean, eta Arraten gora erakutsi du sasoi ederrean dagoela.

Konfiantza dut anaiarekin: berea emango du gaur, ziur nago. Hori bai, ikusi beharko dena da nahikoa izango den. Etapa eroa espero dudala esan dut, eta lehenbizi ondo irakurri beharko dugu egoera. Nire ustez, Azurki izan daiteke aurreneko saiakera egiteko mendate aproposa. Ezin dugu azkenera arte itxaron. Pena dut Azurkiko jaitsiera Elgoibarko saihesbidetik egingo delako, eta asko leuntzen du. Errepide zaharretik balitz, min egiteko aproposagoa litzateke. Sigi-sagatsua da oso, balizko eraso bati Karakateraino jarraipena eman ahal izateko egokia. Karakate, gainera, oso-oso gogorra da, eta bukatzeko, Asentzio. Errespetu handia ematen dit etapak, eta non min egin badago, orain indarrik badugun ikusi beharko. Baldin badaukagu, xahutu egingo dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.