'Vilaweb'-ek 25. urteurrena ospatuko du gaur, telebista saio batekin

urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Europako hedabide digitaletan aitzindarietako bat da Vilaweb katalanezko ataria, eta gaur 25 urte beteko dira martxan jarri zutela. Vicent Partalek, Assumpcio Maresmak eta Joan Subiratsek sortu zutenean, ataria «infopista» bat zen, sarean zeuden aurreneko katalanezko orrialdeak biltzen zituena. Gaur egun, berriz, egunean 24 orduz informazioa ematen duen plataforma multimedia bat da. 19.000 harpidedun ditu Vilaweb-ek, eta proiektua berritzeko asmoa dute.

Urteurrena ospatzeko, asteburu honetan garai bateko bideoak berreskuratuko dituzte. Horietan jasoko dute aurrerapen teknologikoak nolakoak izan ziren duela 25 urte eta nolakoa izan den Herrialde Katalanen kazetaritzaren bilakaera. Halaber, urteotako argazki bitxiak plazaratuko dituzte.

Gaurtik hasita, irakurleei eskatuko diete katalanezko hedabidearekin lotutako istorio bitxiak bidaltzeko; 25anys@vilaweb.cat helbide elektronikora idatzi behar da horretarako.

Urteurreneko ekitaldien artean, garai bateko estilo liburuaren edizio berri bat aterako dute eta erakusketa bat jarriko dute Bartzelonako Palau Robert aretoan. Gaur, 18:00etatik 19:00etara, telebista saio berezi bat emango dute Youtube, Facebook eta Twitter bidez. Programa horretan, Vilaweb-en aurrera begirako erronken nondik norakoak emango dituzte. Atari digitaleko kazetariek #25AnysVilaWeb traola erabiliko dute sare sozialetan, urteurrenarekin lotutako mezuak zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.