Italiako Giroa

De Gendt azeri zaharraren bigarrena

Flandriakoak irabazi du zortzigarren etapa, 24 laguneko ihesaldian sartu eta gero. Hiru iheskideri hartu die aurre Napoliko esprintean

De Gendt azeri zaharraren bigarrena.
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Italiako Giroak ez du distira handiko garaipenik behar urte luzeetan irabazitako ospea handitzeko. Baina atzokoak badu berezitik. Irabazlearengatik. Thomas de Gendt (Lotto) Flandriako txirrindulari beteranoak (35 urte) altxatu zituen besoak Napolin, zortzigarren etapan. Hiru Itzuli handietan dauzka garaipenak, eta Giroan bigarrena du atzokoa, Stelvio gain mitikoan 2012an lortu zuenari batu diolako oraingoa.

Klasiko mitikoen lurraldekoa da, baina han ingurukoak ez zaizkio gustatzen. Beste batzuk bai. Atzokoak bazuen lasterketa molde horien kutsua, eta bikain moldatu zen garailea Napoli-Napoli etapan (153 kilometro). 24 laguneko ihesaldia izan zen giltzarria, lanean hasi orduko osatu zena, eta izen handiko beste ziklista batzuk ere baziren: Mathieu Van der Pool (Alpecine) eta Guillaume Martin (Cofidis), besteak beste.

Lana beltz egin zuen De Gendtek egun guztian, eta ez zuen ematen hura izango zenik besoak altxatuko zituena. Baina ezustean —bakoitzak jar diezaiola neurria horri—, bera garaile. Aise bota zituen esprintean ihesaldi nagusitik geratutako laukotetik Davide Gabburo (Bardiani), Jorge Arcas (Movistar) eta Harm Vanhoucke taldekidea (Lotto).

Gaur, mendiko etapa

Sailkapen nagusian, Juanpe Lopezek (Trek) segitzen du buruan. Jauzia Martinek eman zuen, laugarren jarri delako 1.06ra. Gaur, mendia dute zain. Blockhaus gainean bukatuko da (1. maila) 191 kilometroko etapa. Beste lau mendate ere izango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.