BILBOKO ASTE NAGUSIA

Umeei, ipuinak eta bizikletak

Dagoeneko zabalik dago Bilboko Aste Nagusiko Txikigunea. Ilarak ohi baino luzeagoak izan diren arren, umeek ez dute gogorik galdu jolasean aritzeko. Jaietako azken egunera arte egongo da.

1. Ipuin tailerra. Ipuin kontalaria umeei istorioak kontatzen, atzo, Bilboko Casilda Iturrizar parkean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
iraia vieira gil
Bilbo
2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun

Ikusi, Ibai, zer dira gauza horiek?», galdetu dio bospasei urteko ume batek bere lagun minari Casilda Iturrizar parkearen sarreran. «Marigorringoak, Jon! Marigorringoak dira!», erantzun dio besteak biribil gorri eta beltzetarantz korrika hasi baino lehen. Amak abisatu egin dio: «Nekatu egingo zara, eta ezingo duzu atrakzioetara igo!». Umeak, ordea, ez dio kasurik egin, eta marigorringoak ikuskatzeari ekin dio. Txikigunean dauden gainerako haur guztiak bezala, hura ere jolasteko prest dago.

Haurren gozamenerako, Bilboko Aste Nagusiko Txikiguneak dagoeneko ireki ditu ateak, eta familiek ez dute hara biltzeko zalantzarik izan. Gurasoek, behintzat, hala igarri dute: «Aurreko urteetan baino ilara luzeagoak daude aurten». Ilaretan itxaron beharrak, baina, umeen jolasteko gogoa handitu besterik ez du egin. Gurasoak zain dauden bitartean, umeek programatik kanpoko jolasak asmatzeari ekin diote entretenitzeko: ur puzgarrien ondoko putzuetan salto egin, parkean dauden lorategietako harriak bildu edota kale saltzaileen postuetan iraungaitzak diren tatuajeak egin.

Burbuilak egiteko potoak saltzen dituen postua ere badago, baina inor ez da horra hurbiltzen, saltzailearen telefonozko eztabaidak izutzen dituelako, agian. «Ni ez naiz gezurtia, Adrian! Gauzak ez ziren horrela izan!», oihukatu dio emakumeak deiaren beste aldean dagoenari. Umeen barreak haren ahotsarekin nahasten dira, eta guztiaren gainetik piano musika entzuten da, giroa lasaitzeko helburua balu bezala.

Guztira 33 ekintzak osatzen dute Txikiguneko egitaraua, eta jasangarritasunarekin lotuta daude guztiak. Eskaintza askotarikoa da, eta hainbeste dago aukeratzeko, ezen haurrek ez baitakite nora joan. Gurasoek gidari rola hartzen dute umeak laguntzeko helburuarekin: «Etorri, antzerki tailerra dago hemen!». Haurrek ardiak bezala jarraitzen diete gurasoei, nahiz eta batzuetan okertu ere egiten diren. «Ez da antzerki tailerra, ipuin tailerra baizik!», erantzun dio alabak.

Kontu kontari

Gizon iletsu bat da ipuin kontalaria. Gizona, behintzat, tailerraren bigarren zatia hasten den momentuan: «Edurne izateari utzi diot orain. Ni naiz berriro», esan die umeei. Kuxinetan eserita daude denak, liluraturik bezala begiratzen diote gizonari, adi-adi, hura berriz entzuteko prest. «Ikusi nortzuk datozen! Kaixo, Casilda eta Bastida».

Casilda Iturrizar eta Ricardo Bastida dira, hain zuzen ere, orain dela ehun urte baino gehiago Casilda Iturrizar parkea eraikitzeaz arduratu ziren pertsonak. Lehenengoa Bilboko emakumerik aberatsena izan zen, eta parkea ordaindu zuen; bigarrena arkitektoa zen, eta parkea diseinatu zuen. Parkean paseatzen dabiltza, eta haiekin hitz egitera ere ausartu dira haurretako batzuk.

Oro har, giroa alaia da, eta badirudi aitona-amonek haurrek baino gehiago gozatzen dutela: «Ikusi ze polita den hori!». Eta umeek nora begiratu jakin ez, hurrengoan nora igo besterik ez baitute buruan: «Ama, barkutxoetara joango gara orain?». Gozoki batzuen koloreek liluratuta geratu da beste haur bat, eta erosteko eskatu dio aitari. Aitak ezetz, amonak baietz; hirurek dastatu dituzte azkenean goxokiak.

«Nik parkourra egin nahi dut bizikletarekin!», eskatu du 7 urte inguruko ume batek nagusiagoak diren haurrak bizikleta zirkuituan aldapak igotzen eta jaisten ikusi dituenean. Hori bai, txaleko laranja daramaten monitoreen laguntzaz.

Aspertzeko denborarik ez dute umeek; are gutxiago gurasoek. Dibertsioak luze iraungo du: Txikigunea irekirik egongo da abuztuaren 28ra arte, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.