Erortze baten kronika

«Existitzen dira?». «Zuek zarete?». Badira galdera zailak, eta badira erantzun etsiak. Entzun nahi ez diren galderak, eta eman nahi ez diren erantzunak. Eta badira xalotasun kraskatuak, eta errealitate gordinak. Zer egin? Nola jokatu?. Oharra: 10 urtetik beherako haurrei ez erakutsi orri hauek.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Kraskatutako xalotasuna. Pitzatutako ilusioa. Engainuaren zaputza. Magiaren etena. Mugarri baten eraistea. Errealitatearen gordina. Eta erantzun gaitz bat galdera erraz bati emana: «Zuek zarete?». «Bai, gu gara». Ez datoz lerrook zauriak eragitera, ez bada balizko zaurientzat balizko aldez aurreko eta ondorengo ukenduak proposatzera. Noiz da garai aproposa (aproposik balego)? Zein da jarrera egokia (egokirik balego)? Trantsizioak eta trantzeak berbera baitute hitzen hasiera, baina ezberdinak eragindako ondorioak eta utzitako aldarteak.

Eskutitz bat du honek abiapuntuan. Eneritz Telleria izeneko 8 urteko neska batek duela urtebete idatzitakoa. Hauxe zioen: «Kaixo, Olentzero! Eneritz naiz. Batzuek esaten dute ez zarela existitzen eta gure gurasoak direla Olentzero, baina nik badakit ez dela egia eta zu existitzen zara. Muxu! Zu existitzen zara!». Nola jokatu aurten 9 urterekin galdetzen badu: «Zuek zarete Olentzero?».

Adin tarte horretan baitago Eneritz. «Klik hori 7-9 urte bitartean gertatzen dela ikusten da, mundu magikotik errealera jauzi egiten joan ahala», azaldu du Josune Martirena gorputz psikoterapeutak. Orduan hasten direlako umeak beste era bateko galderekin galdezka. «Nolatan? Garunaren garapena dela medio, bertako gero eta atal gehiagotan mielinizazioa deituriko prozesua gertatzen delako». Motzean azalduta: «Garunean neuronak ditugu, eta informazioa neurona batetik bestera garraiatzen joaten da. Jaioberritan informazio garraiatze hori garunaren atal batzuetan bakarrik dago martxan, baina ez denean». Eta nola joaten da martxan jartzen?: «Mielinizazioari esker. Prozesu horri esker, informazioa abiadura egokian garraiatzen hasten da. Progresiboki zabalduz joanen da garun osora, eta funtzio berriak martxan jarri».

Eta orduan jabetzen da heldua. Haurra hasten delako ordura arte zer pentsaturik ematen ez zioten kontuen inguruan galdezka. «Ulertzeko gaitasuna ere garatu egiten da. Eta horrek errealitateaz gehiago jabetzeko aukera ematen dio. Kausa-ondorioak lotzeko baldintzak sortzen hasten dira eta, ondorioz, hasten da pentsatzen: 'nola da posible Olentzero gau batean Euskal Herriko etxe guztietara iristea? Ez da posible!'. Lehen planteatu ere egiten ez zena orain planteatzen hasten da».

Errealitatea, kausa eta ondorioak... fantasia atzera uzte bat ote? Ivan Pico psikologoak egin du afera honi buruzko lanketa bat (psicopico.com). Haren ustez, fantasien mundua garrantzitsua da haurren hazkunde osasuntsurako, «hori baita ulertzen ez duten kanpoko mundua interpretatzeko modu bakarra». Picok dio badagoela jendea hori ulertzen ez duena, eta haurrek «fantasiazko horrenbeste ideia» edukitzea ona ote den ere planteatzen duena. Berak argi dauka: «Alde handia dago fikziozko izakiekin jolastearen eta izaki horien existentziari buruz gezurrak esatearen artean. Pentsa ezazu, zu ere umea izan zinen, Dragoi Bola-ren marrazkiak ikusten zenituen, eta horregatik ez duzu uste duzu Kamehamehak jaurti daitezkeela. Modu arduratsuan egiten bada dena, azkenean gure garapen kognitibo naturalaren barruan kokatzen da».

Galderei, galderekin

Garapena, ulermena, gaitasuna... azaltzen dute hitz horiek ongi umeengan gertatzen den trantsizio hori, baina galdera datorrenean, zer? Josune Martirenak aukera ezberdinak proposatzen ditu: «Behin haurrak galdera egin eta gero, guraso batzuk ez dira lasai sentituko opariak jartzen dituztenak beraiek direla azaldu gabe, eta hori da aukera bat». Gordinean kontatzea, alegia. Bestea: «Haurra zein puntutan dagoen jakin nahi duten gurasoena da. Kasu horretan, egoki ikusten dut kontragalderak egitea. Haren usteetara zuzenduz: 'Zuk zer uste duzu?'. Horri ematen dion erantzunaren arabera, jarrai dezakegu aurrera. Ematen dituen erantzunen edo egiten dituen beste galdera batzuen arabera, jakingo dugu non eta nola dagoen, jakin nahi duen edo ez. Ez badu esplizituki jakiteko nahia azaltzen, seinale oraindik ez duela jakin nahi edo erabat argitzerik nahi».

Proposamenak dira. Mundu bat dira haurrak (eta gurasoak). Ivan Picok ematen duen aholkurik behinena da «gezurrik ez esatea»: «Ez dago ikerketa zientifikorik egiaztatzeko gauza bat bestea baino hobea dela, oraingoz. Nire ikuspegi pertsonaletik eta psikologo gisa, haurrei ez zaie inoiz gezurrik esan behar, eta adin jakin batera iristen direnean, jakin behar dute zein den gezurraren eta fikziozko irudikapenaren arteko aldea. Gainera, kontatzeak bere ekintzen barne-kontrola izatea errazten du, eta ez kanpoko izaki misteriotsuei egoztea. Hau da, bere autoestimua hobetuko du».

Engainua, eta fantasia

Baina ez da erraza. Bat-batean egiazko munduarekin egin du tupust haurrak. Ez zuen espero, eta, gainera, gurasoek engainatu egin dute. Hori da hitz egokia? Engainatu? Martirenak dio nondik begiratzen den dela gakoa. «Esaten baldin badiogu ume bati: 'Aizu, begira, Olentzero gure fantasian, gure irudimenean, eta besteenean, existitzen da. Guk ipuinak irakurtzen ditugunean, egoera horiek ez daude kanpoan, baina buruan bai, eta guretzat benetakoak dira. Fantasiaren munduan errealak dira. Hori bai, egongelan opariak guk uzten ditugu. Baina fantasian bai, jakina: existitzen dira'». Hortik begiratuta, Martirenak dio ez dagoela engainurik: «Engainua da mundu errealean bakarrik geratzen bada».

Gainera, fantasiaz hitz egitean, ematen du umeei buruz ari garela bakarrik, eta ez da hala. Martirenak azaldu du: «Umeek fantasiaren mundua berea dute. Eta helduok ere bai. Nork ez du izugarrizko ilusioa jartzen gustuko bidaia bat prestatzerakoan? Ez al du imajinatzen zer ikusiko duen, nolakoa izango den... Hori ere fantasian dago, ez da momentu horretan bizitzen ari den zerbait, eta inork ez lioke esango bere burua engainatzen ari denik».

Antzera mintzatu da Pico, eta nabarmendu du haurrek gezurra esatearen eta sekretu bat gordetzearen arteko aldea ezagutu behar dutela: «Behar bezala prestatuta ez badago edo bere fantasiak oso errotuta badaude, gurasoak gezurretan aritu zaizkiola pentsatuko du. Hori saihestu egin behar da, eta, horretarako, argi eta garbi utzi behar da zer esan nahi duen oparien ilusioak eta ezusteak. Jolasa besterik ez da».

Gomendioak zerrendatzen ditu Picok: Gabon garaian ez esatea, oparien balioa zein den azaltzea, eta azalpenak norberaren hitzak erabilita ematea. Ez erabiltzea «teknizismorik» edo «hitz arrarorik», eta «zuzenak eta errazak» izatea: «Erabili zure hitzak egoera azaltzeko, haurra uste baino azkarragoa da, eta ziur ulertzen duela. Gainera, modu naturalean irekitzen bazara, gero beste arazo edo sekretu batzuk kontatuko dizkizu, badakielako gurasoengan konfiantza izan dezakeela».

Irakasleen lanketa

Bitartean, ordea, trantzea kudeatzea tokatzen da. Gurasoei dagokie, baina ikastetxean eta ikaskideen artean pizten da askotan zalantza eta galdera. Nola gobernatu galderak eta sekretuak? Haize Irulegi Andoaingo (Gipuzkoa) Aita Larramendi ikastolako LH4ko irakasle eta tutorea da. Haur bakoitzak gai horren inguruan «bere prozesua» izaten duela dio, eta familia bakoitzak «bere erara» kudeatzen duela: «Ikastolan haur bakoitzaren beharrak eta nahiak ase behar ditugu. Ideia guztiak errespetatzen ditugu, eta ahal dela ikaskideen artean ere besteak errespetatzera bultzatzen ditugu». Izaten direlako anai-arreba zaharragoak dituztenak, eta sekretuaz lehenago jabetzen direnak. «Eta ikaskideen artean zabaldu nahi izaten dute sekretua, baina gu sekretua gordearazten saiatzen gara, haien konplize bilakatuz. Hori ere gustatzen zaie; ez pentsa. Beraiek sekretu bat jakitea eta hura gordetzea ere ardura handia da eta ilusioa ere pizten die, nahiz eta ez zaien batere erraza egiten».

Eta amaitu dira Gabonetako oporrak, eta sartu dira haurrak gelan. Tartean, sekretuaren berri izan duenik ere bai. Zer aldartetan dator? «Sekretua jakin ondoren ez dakizu haur bakoitzak nola erreakzionatuko duen: hau dolua bezalakoa da, hasieran tristura sentitzen da, baina onarpenaren ondoren badago beste ilusio bat, konturatzen direlako inguruan badagoela jendea oraindik sekretua ez dakiena eta horiei sekretua gordetzeak ere ilusioa egiten die».

Badu kasu bat akorduan: «Gogoan dut 8 urteko neska bat. Gabonetatik bueltan ikastolara itzuli, eta pentsamendu bat idaztean triste zegoela aipatu zidan. Sekretua jakin zuela zen arrazoia, eta ni neu ere hunkituta sentitu nintzen, zapuztuta ikusi nuelako. Dena ez zela berdina izango aipatu zidan, eta arrazoi zuen».

«Ama, galdera bat daukat»

Bakoitzak du bere prozesua. Nora Zubizarreta LH4ko haur baten ama da, eta iaz jakin zuen alabak sekretua. «Sagutxoaren kontuarekin hasi zen dena. Konturatu zen nik erosi niola oparia, eta horrekin egin zuen lotura. Esan zidan: 'Ama, sagutxoak zuek zarete, ezta?'. Erantzun nion: 'Bai'. Horretan gelditu zen dena. Ez tristurarik eta halakorik».

Handik hilabetera etorri zen galdera. «Egun batean etorri eta zera esan zidan: 'Ama, galdera garrantzitsu-garrantzitsu bat egin behar dizut, oso-oso garrantzitsua: ama, Olentzero zuek al zarete?'. Erantzun nion: 'Ba bai, gu gara'. Berak: 'Banekien!'. Baina erreakzio nahiko normala izan zuen. Aurten berak proposatu digu lagun ezkutu gisara egitea opariak elkarri».

Izan ere, galdetu inguruan eta denek dute egun horri buruzko oroitzapenen bat. Erortze baten kronikak dira, kasu honetan, Zubizarretak berak egina: «Azpeitian Erregeek zuten garrantzia. Nik haietako bat ezagutu egin nuen desfilean, Erdikaleko denda batekoa zelako. Baina nik egin nuena zen nire baitan istorio bat sortu, eta sinetsi. Bai Erregeen eta bai Olentzeroren kasuan jendea herriz herri joaten zela antzerkiak eginez, baina gero etxeetara benetakoak etortzen zirela. Eta behin ahizpari esan nion: 'Erdikaleko bat irten da errege jantzita desfilean'. Eta berak: 'Hara! Orduan jada badakizu aita eta ama direla!'. Eta nik hartu nuen nik disgustua. Negarrez. Ezin nuen sinistu. Engainatuta sentitu nintzen. Gure magia, xarma... gauetako gure istorioak... bat-batean desagertuta». Edo erorita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.