Ondarearen transmisioa bermatzeko

Albaola Itsas Kultur Faktoriako jangela izango denaren egitura eraiki dute, GaztEgur proiektuaren bidez, Angeluko eta Iruñeko hainbat ikaslek. Zurgintza tradizionala bertatik bertara ezagutu dute, jakintzak trukatuz.

Egitura. Sukaldea izango denaren egitura amaitu dute. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Pasaia
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Egurrezko kaiola bat dirudi, baina, kristalen ordez, hutsunez beteta dago. Datozen asteetan ateak, leihoak eta beharrezko atalak jarriko dizkiote, eta orduan hartuko du jangelaren itxura. Hori baita GaztEgur proiektuaren fruitua:Pasaiako (Gipuzkoa) Albaola Itsas Faktoriako langile, irakasle, eta eta boluntarioek erabiltzeko jangela baten oinarria eraikitzea. Izan ere, Aprendiztegi Nazioarteko Ontzigintza Eskola Tradizionala duela hiru urte eraiki zutenetik, txiki geratu zaie otorduetarako gela. Guztira, ia hirurogei pertsona aritzen dira bertan, langileak, ikasleak eta boluntarioak kontuan hartuta.

Plataformak 31 metro luze da, eta zazpi metro eta erdi zabal; Euroeskualdeak lagundutako GaztEgur proiektuari esker ondu dute Angeluko (Lapurdi) Les Compagnons du Tour de Franceko Lanbide Heziketako eta Iruñeko Donibane Li-LH-ko ikasleek, Albaolako ikasleen laguntzaz. Orain, hutsune horiek bete, eta jangelak bizitza hartzea falta da. Baina beste hainbat gauzatarako ere erabiliko dute gunea: batzarrak, tailerrak edo ekitaldiak egiteko, kasurako.

Hezkuntza, transmisiorako

Itsas ondarearen berreskurapena xede, 2014an sortu zuten Albaola Itsas Kultur Faktoria. Hiru urte geroago, Aprendiztegi Nazioarteko Ontzigintza Eskola Tradizionala martxan jarri zuten, nazioarteko ikasleak ontzigintzan hezteko. Eskolaren sorrera «lorpen bat» izan zen, Xabier Agote Albaolako zuzendariaren arabera. Izan ere, ondarea bizirik mantentzeko ezagutzaren transmisioa «funtsezkoa» dela dio. Ondarea zaintzea eta gordetzea ondo dagoela uste du, baina benetan bizitzeko gaurkotasuna behar duela: «Ez dugu fosilizatutako ondare bat nahi, bizirik dagoena baizik».

Horretarako, hezkuntza dinamika bat beharrezkoa dela dio, eta horregatik sortu dutela, bere garaian Aprendiztegi bezala, GaztEgur proiektua.

Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoako ikasleak elkartzea «aberasgarria» dela dio Agotek, lan egiteko modu berriak ikasteko. Ez da Euroeskualdearen bidez martxan jartzen duten lehen egitasmoa, eta nahasketa «naturala» dela dio, ontzigintza eskola nazioartekoa izanik Pasaiako eta kanpoko jendea bertan izatera ohituta daudelako.

Ikasleen esperientzia

Transmisio horren lekuko izan dira Alexandra Jaren Iruñeko Donibane Li-LH-ko zurgintzako ikaslea, eta Damien Chaux Angeluko Les Compagnons du Tour de Francekoa. Irailean murgildu ziren proiektuan bi ikastetxeak, eta lanean aritu dira nor bere aldetik, Pasaiara joan, eta jangelaren egitura altxatzeko egunak iritsi bitartean.

Chauxek proiektuan parte hartzeko proposamena jaso eta baiezkoa eman zuen: «Erabiliko den zerbait egiteko aukera eman digu, eta baita Hego Euskal Herriko ikasleak ezagutzeko ere». Iruñeko Donibaneko ikasleak ere irakasleen eskutik jaso zuen proposamena, eta berehala animatu zen: «Zurgintza izugarri gustatzen zait, eta, honelako aukera bat suertatu zenez, pentsatu nuen ezin niola ezezkoa esan, parte hartu behar nuela».

Lan prozesuan elkar ondo ulertu dutela diote: «Haiek ohituta daude makineria gehiago erabiltzera, baina elkarrekin ondo lan egin dugu», dio Jarenek. Irakasleek egindako planoak oinarri hartuta, piezak moztu zituzten lehenengo, eta, azkenik, pieza bakoitza bere tokian jarri zuten, egitura altxatzeko. Jarenek adierazi duenez, egitura hain handia izanik, neurrietan hanka sartuz gero nahiko erraz konpondu zitekeen; egitura txikiagoetan, zehaztasun handiagoa behar izaten da.

Emaitzarekin «pozik» daudela diote bi ikasleek. «Horrelako proiektuak ez dira egunero egiten, eta harro gaude egindako lanaz», nabarmendu du lapurtarrak. Baita Jarenek ere, hainbeste ordu sartutako proiektua amaituta ikusita: «Hasieran pentsatu nuen ezingo genuela aurrera eraman, baina, egunek aurrera egin ahala, posible zela ikusi nuen».

Harrobi gisa ere balio dezake proiektuak, nahiz eta aurrerantzean ikasle bakoitzak bere bidetik jarraituko duen: «Baliteke proiektu honi garrantzia ematea denborarekin, eta guri edo gurea bezalako eskoletako ikasleei lanerako deitzea, beste proiekturen batean parte hartzeko», dio Jarenek, esperientzia «bakarra» eta «ahaztezina» izan delako.

Elkarlanean jarraitzeko asmoa berretsi du Albaolako zuzendariak, horrek erakusten duelakoan «helburuak lortu direla»: «Batetik, materialki ikusten den bezala, egitura osatuta dagoelako. Baina bestetik, baita inmaterialki ere: gazteak ondo moldatu dira euren artean, oso esperientzia aberatsa izan da, eta irrikan daude berriz elkarlanean aritzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.