KRITIKA. Musika

Venezia Antiora

2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun

Antioko Musikaldia

Talde instrumentala: Conductus Ensemble. Abesbatza: Vocalia Taldea. Bakarlariak: Jone Martinez eta Irene Fraile (sopranoak), Nerea Gonzalez (kontraltoa). Zuzendaria: Andoni Sierra. Egitaraua: B. Galuppiren Dixit Dominus, J. A. Hasseren Miserere in D eta A. Vivaldiren Gloria (RV589). Lekua: Antioko baseliza (Zumarraga). Eguna: Irailak 19.

Aurtengo Antioko Musikaldiaren hirugarren ekitaldiak garai bat ez ezik, gizarte testuinguru jakin bat ere aurkezten zuen programa ekarri zuen: XVIII. mendeko Venezian ohikoak ziren babes-etxeetan bizi ziren neskentzat garai hartako konpositoreek egindako musika biltzen zuena, hain zuzen ere. Euren heziketa finari esker, Mendicanti, Incurabili, Pieta edo San Marko bezalako etxeetan bizi ziren umezurtzek eta aitortu gabeko alabek osatutako talde instrumentalak eta abesbatzak ospetsuak egin ziren Europa osoan zehar. Irizpide historikoari helduz, eta Andoni Sierra zuzendaria salbu, soilik emakumez osatutako bi talde izan ziren aldarean.

Baldassare Galuppi, Drammi giocosi konpositore famatua izateaz gain, aipatutako babes-etxeetan lan egin zuten musikarietako bat izan zen. Kontzertuan eskaini zen Dixit Dominus, antza, Incurabili etxearentzat idatzi zuen, eta litekeena da zati instrumentala zein abesbatzarena bertako neskek interpretatu izana. Gurean, Vocalia Taldea bere emisio lauaz, ahoskera landuaz eta pianotik fortera doazen dinamikak puztu ez zituen interpretazioaz baliatu zen giro ukiezina sortzeko.

Babes-etxe berbereko neskentzat idatzi omen zuen Johan Adolf Hassek bere Miserere in D. Sei altuen kolore biribilaz hornituta egon arren, abesbatzak lana izan zuen tempoa mantentzen; ondorioz, birtuosismoa eskatzen duen musika tarteka pisutsua suertatu zen, Ecce enim edo Tunc acceptabis zatietan, kasu baterako. Denera, Jone Martinez sopranoa nabarmendu zen, koloraturaz jositako Benigne fac, Domine aria gustu handiz ebatziz.

Antonio Vivaldiren —1703 eta 1740 bitartean bere jaioterri Veneziako Pieaà babes-etxean musika zuzendaria izan zena— Gloria entzutetsuak itxi zuen kontzertua, emakume gazteen abesbatzarako idatzitako jatorrizko bertsioan. Tempoaren atzerapenak ahaztuta, interpretazio orekatua eta erosoa entzun ahal izan zen. Irene Fraile eta Nerea Gonzalez zuzen agertu ziren, eta Martinezek Domine Deus ederra eskaini zuen, oboearen fraseatze doia babes eta lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.