Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail ofiziala. Kritika

Mimesi perfektua

Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Alanis'



Zuzendaria: Anahi Berneri. Aktoreak: Sofia Gala Castiglione, Dante Della Paolera, Dana Basso, Silvina Sabater. Herrialdea: Argentina. Iraupena: 82 minutu.

Itzuli da Zinemaldira beti deseroso eta bizigarri den Anahi Berneri zuzendari argentinarra, bere bosgarren film luzearekin. Oraingoan, prostituzioaren gai gatazkatsuari ekin dio modu zuzen eta errealistan, miragarria bere umiltasunean, artelan sendo eta eztabaidaezina lortuz. Bere asmatzerik handiena errealitateaz blaitzeko ahalmenean errotzen da. Artifizio guztiez erantzita ia dokumentalera gerturatzen da, kale gorriko jende errealaren portaerak imitatzen baititu. Giza izadiaren mimesi perfektua da, alegia.

Ez dago inongo trama nabarmengarririk filmean, ezta ezuste dramatikorik ere. Ez du ia egitura narratiborik, eta ez du behar. Alanis izeneko prostitutaren biziraupen istorioa kontatzeko, zuzendariak parafernalia guztia ezabatu duelako. Soilik bere behaketa ahalmen handiaz baliatu da, egia arnasten duten pertsonaiak sortuz; berezko ahotsa eta bizitza dute, hainbesterainokoak, non ez diruditen idatziak, entzundakoak baizik. Mimo handiz zaindu ditu Bernerik, sentikortasunarekin baina samurkeriarik gabe. Ez ditu epaitzen, manikeismotik aldenduz. Kamera puntu batean utzi, eta beraien joan-etorriak grabatzen ditu, besterik ez. Hain erraz, eta hain zail.

Alanis emakumeek egindako zinemaren potentzialaren beste adibide bikaina da. Duen muturreko naturaltasunagatik eta zehaztasunagatik, adibidez, Estiu 1993 film ederrarekin parekatu genezake. Espanturik gabe egindako zinema humanista eta zintzoa da, krudela bezain argitsua. Anahi Berneriren moduko begiradek agerian uzten dute ikuspuntu maskulinoa ezberdina dela gai bera jorratzeko unean, poetikoki fazatia zen Aranoaren Princesas hura bezalaxe.

Casting-a funtsezkoa izaten da horrelako film bati eusteko, eta, kasu, Sofia Gala Castiglione aktore nagusiaren zentzuzko lana antologikoa da. Bere sinpatia —sinpatikoegia agian?— eta samurtasunarekin, ikuslea harrapatzea lortzen du horren sinple baina aldi berean ñabardurez jositako pertsonaiarekin. Kurioski, Alanisen atmosfera lizun eta latzak ez du ikuslearengan errefusik sortzen, ostera, miseriatik hurbiltasun eta alaitasun moduko sentimenduak loratzeko gaitasuna erakusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.