'Brexit'-a. Ingalaterrako Bankuaren erantzuna

Neurri ezagunak egoera ezezagun baterako

Ingalaterrako Bankuak interesak jaitsi ditu, eta dirua jaulki du 'brexit'-aren kalteak arintzeko. Ekonomia atzeraldira hurbilduko dela eta langabezia igoko dela dio
Ingalaterrako Bankuaren egoitzanagusia, Londresen.
Ingalaterrako Bankuaren egoitzanagusia, Londresen. ANDY RAIN / EFE

Iker Aranburu -

2016ko abuztuak 5
Oraindik garbi ez dagoen egoera bati erantzuten hasi da Ingalaterrako Bankua. Europako Batasunari agur esateak ekonomiari kalte egingo diola iritzita, bere esku dituen tresnak erabiltzea erabaki du Erresuma Batuko banku zentralak. Interes tasak are gehiago jaitsi ditu ?%0,50etik %0,25era?, eta abian jarriko du berriro ekonomian dirua jartzeko quantitative easing programa, 2012ko udazkenetik lozorroan zegoena. «Ezohiko» egoera bati erantzun behar zaiola argudiatu du Mark Carney Ingalaterrako Bankuko gobernadoreak. «Neurriak hartu ez bagenitu, ekonomia gehiago motelduko zen, eta langabezia gehiago handituko».

Neurri horiekin guztiekin herrialdeak atzeraldiari ozta-ozta izkin egingo diola uste du Ingalaterrako Bankuak: %0,1 haziko da hiruhileko honetan, eta zero hurrengo bietan. 2019ra bitarte %2,5 gutxiago haziko omen da barne produktu gordina. Ez da erreferendumaren aurretik ezkorrenek iragarritakoa bezainbeste, baina nahikoa langabezia %4,9tik %5,5era igotzeko. Zenbaki garbiagoetan, 250.000 lagunek enplegua galduko dute. Inflazioa ere igoko dela eta etxebizitzen prezioak behera egingo duela iragarri du Carneyk.

Egoera ekonomikoak okerrera eginez gero neurri gehiago hartzeko prest azaldu da Carney, baina ohartarazi du brexit-ari aurre egiteko tresna nagusiak ez daudela bere esku, gobernuaren esku baizik. «Gobernuaren lana da EBtik irteteko modua negoziatzeko eta produktibitatearen aldeko plan sendo bat egitea».

Eta hor sortzen da problema bat. Britainiarrek brexit-aren alde bozkatu zuten ?ingelesek eta galestarrek, hobeki esanda?, eta Theresa May lehen ministro berriak ohartarazi du herritarren hitza beteko duela ?«Brexit is Brexit»?; baina egiazki, inork ez daki brexit hori nolakoa izango den. Are gehiago, ziur aski ez da jakingo hemendik pare bat urtera arte. Erresuma Batuak eutsiko al dio EBko merkatu libreari? Hala ez bada, zer harreman komertzial izango du EBko beste 27 kideekin? Zer negozio galduko du Londresko Cityk? Galdera horietarako erantzunak izan bitartean zalantza handiak egongo dira Erresuma Batuko ekonomiaren inguruan, eta zalantzak ez dira onak ekonomiarentzat, inbertsio eta gastu asmoak atzeratzen dituzten heinean moteltzen dutelako jarduera ekonomikoa ere.

ZER ONDORIO IZAN DU 'BREXIT'-AK EKONOMIAN?

Goizegi da hori estatistikoki neurtzeko. Urteko bigarren hiruhilekoan hazkunde tasa sendoa izan zuen Erresuma Batuak ?%0,6 hiruhileko arteko tasan?, eta erakutsi zuen erreferendumak berak ez zuela eragin handirik izan ekonomian. BPGa hiru hiletik behin kalkulatzen denez, galdeketaren ustekabeko emaitzaren eragina ez da urrira arte jakingo. Edonola ere, ekonomia nondik nora doan azaltzen duten beste zantzu batzuk badaude, eta ez dira oso baikorrak. Erreferendum osteko asteotan salmentak asko jaitsi ziren, familien eta enpresen konfiantza indizeak negatiboan daude, eta horrek normalean ekarri ohi du familiek gastu batzuk atzeratzea eta enpresek inbertsioak geratzea.

Finantza munduan lehen ondorioak hasi dira ikusten. Lloyd's bankuak brexit-ari egotzi dio 3.000 langile botatzeko erabakia. Beste erakunde batzuek esan dute jada Londresko Cityn duten azpiegitura gutxituko dutela eta euroguneko beste hiri batzuetara eramango dutela.

ETA MERKATUEK, ZER DIOTE?

Pronostiko guztiak bete ziren, eta merkatuek danbateko handia eman zuten erreferendum osteko egunotan. Bat-batean, libera esterlinak bere balioaren %10 galdu zuen dolarrarekiko ?gutxixeago euroarekiko, hura ere ahuldu zelako?, eta, bankuak hondoratzearen eraginez, burtsek jaitsiera handiak izan zituzten. Baina agian ezustea izan zen orduan galdutakoa aise samar berreskuratu ahal izan zutela aste pare batean. Londresko burtsako indize nagusiak, FTSE 100k, gutxien galtzeaz gain, bizkorren egin zuen gora. Baina indize horretako kide gehienak multinazional peto-petoak dira, diru sarreren zati txiki bat baizik Erresuma Batuan egiten dutenak.

Esanguratsuagoa da FTSE 250 indizea, ez soilik enpresa gehiago dituelako, baizik eta haietako asko britainiar merkatura begira ari direlako. Indize horrek bere balioaren %14 galdu zuen egun gutxian, baina urrats txikiekin galdutakoa berreskuratzea iritsi zen uztailaren amaieran. Hori bai, alde handia dago enpresen artean: gora egin dute nazioartera gehien begira daudenak, eta ekainaren 23ko mailatik oso urrun daude enpresa lokalenak ?eraikitzaileak, saltokiak, ostalaritzakoak...?.

LIBERAREKIN, ZER?

Notizia on bat eta txar bat Londresentzat. Ona da azken asteotan bere balioari nola edo hala eutsi diola; txarra da ez dela berreskuratzeko gai izan ekainaren 24an eta 25ean jasandako jaitsiera. Funtsean, brexit-aren lehen kostua da britainiarrak %10 pobreagoak direla kanpora ateratzen direnean. Ondorio onak izan ditzake liberak balio galtzea: espor- tatzaileei edo inportazioekin lehiatu behar duten ekoizleei mesede egingo die, turistak erakar ditzake, eta esportatzeko diren produktuen lan kostuak txikituko ditu ?auto industria berpiztua du Erresuma Batuak ?Nissan, Toyota, Jaguar-Land Rover, Mini...?. Baina arazoa ere bada libera merkea, asko inportatzen duen lurraldea baita. Mendebaldeko kontu korronteko defizit handienetako bat du Erresuma Batuak, bere BPGaren %7. Herrialdetik ateratzen den dirua konpentsatzeko inbertsio handiak behar ditu Erresuma Batuak.

Libera ahulak inflazioa handituko duela ziurtatu du Ingalaterrako Bankuak, eta %2,4ra iritsiko dela 2018an. Orain ez da arazo handia: 2015ean hainbat hilabetez negatiboan egon ondoren, berriro positiboan da ?%0,5?, baina Ingalaterrako Bankuaren %2ko helburura gerturatzen ari da elikagai freskoak eta erregaiak kontuan hartzen ez dituen azpiko inflazioa, %1,4. Inflazioa igotzeak bereziki klase apalenak kaltetuko ditu, noiz eta haien diru sarrerak izozturik daudenean. Krisia hasi zenetik, batez beste, %4ko erosahalmena galdu dute soldatek.

ZERGATIK EZ DIRA HONDORATU MERKATUAK?

Lehen egunotako zirimolatik atera ondoren, burtsek gora egin dute, eta aditu askok iragarritako hondamendirik ez dute eragin. Zergatik? Agian, benetako brexit-a ez delako oraindik hasi. Zaila da erreakzionatzea oraindik ondorioak zeintzuk diren jakiten ez denean. Bada beste faktore bat, brexit-light izeneko bat gertatzea. Hots, izenean baino ez ateratzea Erresuma Batua EBtik. EBko merkatu bakarrari eustekotan, ?edo praktikan hori dakarren antzeko beste akordio bat?, litekeena da ekonomiarentzat alde handirik ez izatea.

ERRESUMA BATUTIK KANPO?

Lehengo lepotik burua: datu makroekonomikoetan ez da oraindik ondoriorik ikusi, eta merkatuek Londreskoen moduan jokatu dute. Edonola ere, aurreikus- penetan hasi dira iragarri nahian nor izango den galtzaile. Nazioarteko Diru Funtsak kalte handiena Erresuma Batuari berari aurreikusi dio, baina gero Alemaniari, lau hamarren kenduko baitizkio. Espainiari eta Frantziari hamarren bat hazkundean; EBtik kanpo, berriz, eraginik ez.

Baina badira zeharkako kalteak ere. Reuters agentziak nabarmendu duenez, Europako gobernuak brexit-a baizik ez dute buruan, eta ahaztu egin dute nazioarteko politikaren eta ekonomiaren beste protagonistetako bat: Iran. Urtarrilean kendu zituen EBk aiatolen erregimenaren aurkako zigorrak, energia nuklearra helburu militarrerako ez erabiltzeko akordioaren ondoren. Open for business kartela jarri zuen orduan Teheranek, baina ez zaizkio asko gerturatu. Proiektuak finantzatzeko arazoak ditu herrialdeak, eta nazioartera jo du. Banku txiki batzuk erakarri ahal izan ditu, baina handirik ez. Zergatik? Batetik, AEBek artean ez dituzte beren zigorrak kendu, eta Europako bankuek ez dute nahi gertatzea aurretik gertatutakoa. BNP Paribasek, esaterako, 8.000 milioi dolarreko isuna ordaindu behar izan zuen Teheranekin tratuetan ibiltzeagatik.

Bestetik, Donald Trump efektua dago. AEBetako lehendakarigai errepublikanoak agindu du boterera iristen bada zakarrontzira botako duela Iranekin lortutako akordio nuklearra. Nahiko arrazoi da hori azarora arte ez mugitzeko.

ZER HARRERA IZAN DUTE AZKEN NEURRIEK?

Phillipp Hammond Erresuma Batuko Ekonomia ministroak txalotu egin du banku zentralaren erabakia: «EB uzteko botoak ziurgabetasun aro bat zabaldu du. Egokia da aro honetan diru politikaren bidez ekonomiari bultzada bat ematea». Hurrengo urratsa hari dagokio: George Osborne haren aurrekoaren austeritate politika alde batera utzi, eta gastu publikoa handitzeko eta zergak jaisteko neurriak iragartzea espero da, oporretatik bueltan.

Merkatuek ere ongi hartu dute Ingalaterrako Bankuaren ekinaldia: FTSE100 indizea %1,59 igo da, Madrilgo Ibex-35 %1,48, Parisko CACek %0,57... Bankuak animatu dira gehien.

Libera esterlinak bere beheranzko joerari ekin dio, eta Erresuma Batuko hamar urteko zorraren interesa inoizko maila txikienera jaitsi da (%',63).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna