Nafarroako barometroa. Podemos

Podemosen 'Ferraz'?

Haren antolaketa irizpideek diote lurraldeetako gai nagusietan Estatu Biltzarrak erabakiko duela
Pablo Iglesias, joan den urriaren 18an, Madrilen, Podemos alderdiaren Herritarren Estatu Biltzarrean hizketan.
Pablo Iglesias, joan den urriaren 18an, Madrilen, Podemos alderdiaren Herritarren Estatu Biltzarrean hizketan. ZIPI / EFE

Enekoitz Esnaola -

2014ko azaroak 22
Moncloa. Espainiako Estatua eraldatzeko Moncloan agintzeko helburua du Podemosek. Berez, urtebete barru izango dira Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak, eta parte hartuko du Podemosek. Lehentasun ditu. Baina aurretik izango dira —maiatzean— udal eta toki batzuetan foru / erkidego bozak. Nafarroan baluke egoera berezi bat: UPNren gobernu alternatibo bat eratzeko nahia eta aukera balu, hain segur aldez edo moldez EH Bildurekin ere kontatu beharko luke, eta, Nafarroa Espainiarentzat estatu auzia izanda, orduan zer?

Podemosek joan den urrian onartu zuen, besteak beste, antolaketa eredua, aldeko 90.451 botorekin eta %80,71ko babesarekin. Pablo Iglesias, Iñigo Errejon, Juan Carlos Monedero, Carolina Bescansa eta Luis Alegre boskoteak proposatu zuen antolakuntza irizpideen dokumentua —Podemosen sortzaileak dira—, eta 8. artikuluak esaten du lurralde mailako ildo nagusiak Herritarren Estatu Biltzarrak erabakiko dituela: «Podemos estatu organizazio bat da [...]. Herritarren Estatu Biltzarrari dagokio (hau da, Podemoseko kide guztiei), edo bere ordezko izendatzen dituen organoei, Podemos osoan eragiten duten erabakiak hartzea, zernahi ere den gaia (sektorea edo lurraldea). Herritarren Estatu Biltzarrari dagokio, edo bere ordezko izendatzen dituen organoei, erabaki guztiak hartzea ekintza politiko orokorraren lerro nagusiez, organizazioaren helburuez, finantzabideez, ordezkaritza eta ekinaldi juridikoez, hauteskundeetako estrategia orokorren planifikazioaz, beste talde sozial eta politikoekiko hitzarmen politiken edo aliantzen definizioaz, eta abar [...]».

8. artikulua dela-eta lehengo astean Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko parlamentarioak ETB1eko solasaldi batean zioen Podemosek «bere Ferraz» duela. Zabaletak ere ondotxo daki zer esan nahi duen Ferrazek: 2007an PSOEren zuzendaritza nagusiak eragotzi zuen PSNk NaBai eta IU-EBrekin gobernatzea Nafarroan, UPNren alternatiba eratuta. Aurten ere PSOEk Madrilen, Ferrazko egoitzan erabaki du PSNk ez babestea Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariaren aurka Bildu, Aralar-NaBai, Geroa Bai eta Ezkerrak bozkatuko zentsura mozioa —ez zen atera aurrera—.

Podemosen organigraman Herritarren Estatu Biltzarra da «erabakigune organo gorena». Antolaketa irizpideetako 11. artikuluan, hauteskundeen arloan, haren egitekoen artean dira «zerrendak osatzea, programak egitea, eta bozen aurreko edo ondorengo itunak onartzea edo baztertzea». Itunen kasuan 13. artikuluan zehazten du lurralde eremu txikiagoetan ere erabakiko duela biltzarrak, «Podemosen estrategia orokorrari eragitean».

10. artikuluak dioenez, «Podemos osatzen duten pertsona denek dute Estatu Biltzarrean uneoro hitza eta botoarekin parte hartzeko eskubidea». Erakundean izena emandako guztiek osatzen dute biltzarra (12. artikulua). Alderdiko webak dakarrenez, atzo 259.000 lagun pasa zeuden apuntatuta. Herri-hirikako datuak jarriak dituzte —azaroaren 16koak—, eta, Nafarroaren kasuan, adibidez Iruñean 908 lagun daude izena emanda —sailkapenean 38. tokian da— eta Tuteran 177. Bilbon 1.596, Gasteizen 983, Donostian 909.

Egituran hurrena zuzendaritza dator —Herritarren Kontseilua—. Haren eskumenetan dago «bereziki gai garrantzitsuak» daudenean lurralde mailako batzarrak deitzea —18. artikulua—.

Lurraldeek, «autonomia»

Lurraldeetako Zirkuluei hauteskunde arlorako-eta «autonomia» aitortzen die —32. artikulua—, «betiere Podemosen irizpide orokorrekin kontraesanik ez badute». Lurralde egiturak sortzeari ekin berri dio eta, beraz, ofizialki ez du erabakia Nafarroako Parlamenturako bozetara joango den. Aurkeztu eta emaitza onak balitu, ikusteko legoke zer rol jokatuko lukeen, norekin egingo lukeen bat, norekin ez...

Espainiako Estatuko hamazazpi erkidegoetatik bat da Nafarroakoa, eta estatuko biztanleen %1,3 baizik ez dira bizi bertan.

Europako hauteskundeen garaian ez bezala, Podemos-Ahal Duguk ez du Hego Euskal Herri bezala funtzionatzen. Orain bereizita daude: Podemos-EAE, Podemos-Nafarroa. Bien artean gune informatibo bat daukate.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna