Hondarribiako alardea

Tabua arintzeko lanabes bat

Sarri hitz minbera da oraino 'alardea' Bidasoaldeko eskoletan; Irungo Berritzeguneak unitate didaktiko bat du gaiaz jarduteko. Apurka, giro oraindik zailean, aurrera ari da.
Gazte talde bat Irungo alarde mistoan parte hartzen, artxiboko irudi batean.
Gazte talde bat Irungo alarde mistoan parte hartzen, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ /FOKU

Arantxa Iraola -

2018ko irailak 7
Irun eta Hondarribian alarde parekidearen alde egindako borrokak eragindako zauriak agerikoak dira eskualdeko eskoletan ere; ezin bestela. Hezkuntzako profesional asko bat datoz; gizartean gai arazotsua da, maiz saihesten dena, eta eskoletan ere «tabua» da, gutxi landua. Irungo Berritzeguneak badu, ordea, propio gaiaren inguruan ondutako unitate didaktiko bat, orain bi urtetik: Proposamen didaktikoa alardearen inguruan hausnarketa egiteko. Bi aldaera ditu: Bigarren Hezkuntzakoa eta Lehen Hezkuntzakoa. Apurka, bidea egiten ari da ikastetxeetan. Kritikak jaso ditu tradizioaren izenean dihardutenen partetik —udaberrian sare sozialetan arbuiozko mezuak izan ziren unitatearen aurka, oso zabarrak; orain berriro ere argitaratu dira kritikak—, baina Irungo Berritzeguneko etapa arduradun Marivi Fernandezek azaldu du baliabideak eskaini behar dituztela ezinbestean eskolan gogoeta sustatzeko. «Berritzegunean beti sortu ditugu material didaktikoak, askotarikoak. Hori da gure eginkizuna, beste batzuen artean: berrikuntza pedagogikoa». Eskolekin elkarlan aski estuan aritzen direla azaldu du, haien premiei erantzuten saiatzen direla egiten dituzten urrats guztietan; baita alardearen gaia tartean denean ere.

Eta adierazi du unitate didaktikoak zorrotz betetzen dituela Hezkuntza Sailak emandako irizpideak. «Ezin dugu ahantzi gaur egun hezkidetza edo genero berdintasuna lan ildo nagusi bat da ikastetxeetan; Heziberriren barruan, eta propio hezkidetzaren inguruan indarrean dagoen planean. Ez dugu guk asmatu: hortxe dago, idatzita. Gainera, urte dezentetan jaso dugu eskaera, irakasle askoren partetik: beharra dago propio gai horren inguruan jarduteko». Argi utzi du «lan proposamen bat» dela, eta eskolentzat hautazkoa dela unitatea erabiltzen hastea. Orain bi urte hasi ziren lehen saioak egiten ikasgeletan. «Oso politak izan ziren. Ikusi genituen 13-14 urteko neska-mutilak pentsatzen zutenak gatazka hau ezin dela konpondu. Eta, saioetan parte hartu eta gero, ulertzen dute hitz egin daitekeela; eta hori zen gure helburua, jendeak hitz egitea; guk ez genuen inor konbentzitu nahi, bakarrik nahi genuen haiek ikustea bizitza honetan edozer gauzari buruz hitz egin daitekeela». Muga bat bakarra ipini zieten ikasleei, zorrotz-zorrotz betetzekoa: «Errespetuz hitz egitea».

Iazko ikasturtean berriz gogorarazi zieten ikastetxeei unitatea eskura zela: ordurako, hainbat eskolaren interesa ere atzeman zuten. «Eta, hain justu, badakit hainbat ikastetxetan oso lan politak egin dituztela unitatean oinarrituta: lan zoragarriak», azaldu du Fernandezek. Horregatik, aski minberak izan ziren ikasturte amaieran sare sozialetan ikusitako mezuak, arbuio hitzak: «Oso modu txarrean egindakoak izan ziren, oso itsusiak; zentroen izenak-eta aipatu dira». Jaurlaritzako Hezkuntza Saila berehala informatu zuten gertatutakoaz, eta azalpenak ere eman behar izan dituzte: unitateari buruzko txosten bat eskatu zieten Lakuatik. Eragozpenak eragozpen, Berritzeguneko ordezkariak espero du zentroek unitatean sakontzen jarraitzea. Ez du jarduteko beste erarik ulertzen. Babes handiagoa eskertuko luke, hainbat profesional ataka zailean daudelako. «Hondarribian, adibidez, badakit hainbat irakaslek unitatea martxan jarri nahi zutela, baina ez dira ausartu».

Esperientzia oso onak

Egoera hori gainditzera egin behar dela uste du Fernandezek, gatazka «bizi» dagoelako eta landu egin behar delako: «Sarri askotan, egoera mozorrotu egin nahi izaten da: normaltasuna dagoela esaten da, baina ez da egia». Ikasgeletan ikusi du, ikasleekin izan dituzten esperientzietan. «Lehenengo aldiz gaiari buruz hitz egitera joan ginenean, ikasleen jarrera fisikoan nabaritzen zen: ez zuten hitz egin nahi, sinesten zuten ezin zela hitz egin. Mundu honetan zenbat gatazka gogor egon dira? Gure herrian ondo dakigu... Eta alardeari buruz ezin dugu hitz egin? Nola ba! Ez da posible. Gure gazteek Irunen eta Hondarribian sinesten dute alardeaz ezin dutela hitz egin? Hori ezin dugu onartu; irakasleok ezin dugu onartu, eta politikariek ere ezin dute horrekin jarraitu. Familiak ere hor daude: ez lukete onartu behar».

Sutan probatzen da nolakoa den eltzea, eta unitateak funtzionatu egiten du. Fernandezek ez du dudarik : «Egon diren esperientziak onak dira». Era egituratuan erabilitako lehen unitatea da, ez gaiari buruzko aurrena. Auziari buruzko lehen unitate didaktikoa Juana Mugarrietakoa elkartean egin zuten; elkarte hori alarde parekidea sustatzen aritu zen gatazkaren lehen urteetan. Garai oso zailak ziren, eta oso gutxi erabili zen. Baina Berritzegunean landu duten materialean aipatu egin dute, azalean bertan, ez baitute motiborik nondik edan duten ezkutatzeko. «Guk beti aipatzen ditugu gure iturriak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Arantxa Iraola

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna