93.000 lagun deitu dituzte igandean estatus politikoaz bozkatzeko

Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako 23 udalerritan egingo dituzte herri galdeketak

Igandeko herri galdeketak aurkezteko ekitaldia, Laudion, atzo. GURE ESKU DAGO.
Iosu Alberdi.
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
«Euskal Herriaren etorkizunaz» galdetuko diete igandean Araba, Bizkai eta Nafarroako 23 udalerritako biztanleei. Guztira, 92.959 herritar daude bozkatzera deituak, Gure Esku Dago plataformak bultzatutako herrigaldeketetan.

Igandeko «olatu» horretako herri edo eskualde bakoitzak galdera propioa prestatu du, eta anitzak dira formulazioak. Hainbatetan, estatus politikoa izango dute galdegai. Esate baterako, «Euskal Herri burujabe bateko» edo «Euskal estatu bateko» herritar izan nahi duten galdetuko dute hainbat udalerritan. Beste hainbatetan, berriz, erabakitze eskubidearen inguruko galderen alde egin dute. Besteak beste, «libreki Euskal Herriko etorkizuna» erabaki nahi duten, edo «geure etorkizuna libre erabakitzeko eskubidearen alde» dauden galdetuta.

Antolatzaileekazaldu dute udalerri guztietako kideek bidea elkarrekin egin dutela, herri bakoitzak bere prozesua izan arren, eta igandea berezia izango dela: «Gure bizitzetan lehen aldiz izango dugu aukera igandean Euskal Herriaren etorkizunaz bozkatzeko».

Antolatzaileek adierazi dute, nahiz eta lau urtetako politikan zuzenean eragin ez arren, argi dutela prozesuak «merezi» duela: «Erabakitze eskubidea aldarrikatzetik nola gauzatu jakitera pasatu gara».

Gure Esku Dago-ren arabera, 23 «pauso txiki» gehiago emango dira igandean, orain arteko 180 galdeketei gehituko zaizkienak. Orain artekoetan, 177.000 lagun mobilizatu dira. Galdeketak, ordea, ez dira igandean amaituko. Datorren hilabeteetan ere gehiago egingo dira; besteak beste, Donostian, azaroaren 19an. Izan ere, plataformak hiriburuetara iristeko helburua jarri zuen. «Olatuz olatu, milaka eta milaka borondate pilatuko ditugu erabakitzeko eskubidearen alde», azaldu dute.

Giza katea gerturatzen

Gure Esku Dago-ren hurrengo «urrats handia» ekainaren 10eko giza katea izango da, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituena. Gure Esku Dago-ren esanetan, euskal herritarrak bidegurutze batean daude, «hegoaldetik datorren haize atzerakoiak» alde batean, eta «demokrazian oinarritutako ziklo berri bat» bestean. Azaldu dute argi adieraziko dutela bi horien artean «zein hobesten dugun».

Giza katea ez da Nafarroako hiriburura iritsiko, baina ekitaldi bat prestatu dute maiatzaren 19rako. Iruñeko Gaztelu Plazan Nafarroako armarria irudikatuko duen «giza armarria» osatzera deitu dituzte herritarrak, Etorkizuna nafarron esku lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.