Albistea entzun

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala 

Txapelaren bertsoak

Maialen Lujanbio txapeldunak 33 bertso kantatu zituen finalean; 15 goizean, eta 18 arratsean. Puntuka 8 osatu zituen Aitor Mendiluzerekin batera. Hona haren bertso puntuagarriak.
ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2017ko abenduak 19

GOIZEKO SAIOA

Zortziko handia

M. Lujanbio eta U. Agirre:

Doinua: Beste bateko inularretan

Gaia: Kirolari profesionalak zarete, eta publizitatea egiteko eskaintza asko jasotzen dituzue. Zu, Maialen, edozer iragartzeko prest zaude. Unai, ordea, ez.

M. Lujanbio:

Hemen dirua baita kontua

nola ez esan akabo

futbol zelaian egiten degu

izerdi eta ur trago

Real Sociedad S.A.ri ta

txinoei salduta nago

ta honezkero ze inporta zait

pixka bat salduxeago. (bis)

U. Agirre:

Real Sociedad S.A. jarri

degu zerura bidian

gauza hoiekin larritu xamar

dago Unai aspaldian

edozer gauza egin leikela ta

nago beldurrak aidian

diru beharrik izango banu

egingo nuke agian. (bis)

M. Lujanbio:

Bederatzia bizkarrean ta

orain oparo zabiltza

promesa eta errealitate

dena parra, dena bitsa

baina hautsiz gero belauna edo

zartatu izterreko mintza

Unai, esnatu, laburra da ta

futbolarion bizitza. (bis)

U. Agirre:

Barkatu baina hau izango da

segun nun jarri tamaina

ni familia xume batetik

etorri naiz alajaina

gure bizitza oso laburra

degu futbolean baina

urtebetean irabazi det

nornahik bizi osoan aina. (bis)

M. Lujanbio:

Nahikoa diru badezu behintzat

hortan ez zera labaintzen

nik hala ere segitu nahi det

banku kontua bikaintzen

ta hor azaltzen naiz kremekin edo

txanpuaz ilea zaintzen

futbolarioi ez digute ta

pentsatzearren ordaintzen. (bis)

U. Agirre:

Berak zipitzik ez du pentsatzen

gogorra izan da gero

nere burmuinak kontu honekin

orain daude bero-bero

baina sekula saldu ez naizenik

ere ez zazu espero

sagarduana igual eingo det

Unaik eskatu ezkero. (bis)

Zortziko txikia

I. Elortza eta M. Lujanbio:

Doinua: Orioko balearena

Gaia: Bizilagunak zarete. Igor, bart gauean birritan esnatu zaitu Maialenek sexu-jolasetan zebilela. Gaur goizean, igogailuan egin duzue topo.

I. Elortza:

Egun on ustez atzo

zenbiltzan ta ongi

ni logureak nago

ta zu berriz grogi

hori bai bart gauean

zu zenbiltzan jori

kendu ezazu tonto

irriparre hori. (bis)

M. Lujanbio:

Sexua suertea da

eta ez da luxu

bart gauez dena irrintzi

ta izerdi putzu

zuk berriz behakoa

serioa duzu

duzun inbiri horrek

zimeldu zaitu zu. (bis)

I. Elortza:

Batzuentzat bizitza

bero ta maitasun

besteontzako berriz

sasi eta asun

sexua suerte dela

hala dizut entzun

ta antza dena zeuri

tokatu zitzaizun. (bis)

M. Lujanbio:

Izan ere zu zaude

hain muker ta erkin

ez dezu ligatuko

jarrera horrekin

baina bart zure kabuz

al zeneukan ekin

gure etxeko efektu

espezialekin. (bis)

I. Elortza:

Logure nintzen baina

belarriak arin

alboan bazen zenbait

sexu joko gordin

diozu nik gozatu

nezakela berdin

ta zeinek esan dizu

ez nuela egin? (bis)

M. Lujanbio:

Zu tristetzeko ez det

hainbeste interes

baino irribarre bat

egizu mesedez

zer-nolatan zabiltzan

bisaia da juez

egin igual ein zendun

baina gozatu ez. (bis)

Lehen puntua emanda

M. Lujanbio:

Doinua: Haizeak bidali du

Bizitzaren aurrean

baikorra al zara ?

Ni saiatzen naiz irriz

irteten plazara

minek eta tristurek

hamaika pasara

ematen dute baina

pozik bizi gara.

Etorkizunak dakar

hainbeste sorpresa

batzuetan arrosa

besteetan beltza

nahiz eta zilegi den

denontzat ametsa

etorkizun txarrena

etorkizun eza.

Unea bizitzea

genuke onena

adibidez gaur eta

hementxe gaudena

gozatu lagunak ta

ahaztu zure pena

gero etorriko da

gero datorrena.

Hamarreko handia

A. Sarriegi eta M. Lujanbio:

Doinua: Ai gure antzinako

Gaia: Irakasleak zarete. Murrizketak direla-eta, greba egin zenuten atzo ere. Gaur, lanera bueltatu zarete.

A. Sarriegi:

Atzo pankarta atzean

denok indarrean (bis)

lagun bat eskubian

ta zu ezkerrean

azken aldi honetan

gaude beharrean

begiratu gaur ere

muturren aurrean

hogeita hamar ikasle

gela bakarrean. (bis)

M. Lujanbio:

Ta hogeita hamarrekin

ez dakit zer egin (bis)

ze erramintarekin

nola ta zerekin

baina greba bihurtu

dugu ia errekin

kostatuko zaigu lortzen

nahiz joan elkarrekin

hemen ezer berririk

forma hain zaharrekin. (bis)

A. Sarriegi:

Gaur egungo hezkuntzan

horrenbeste hesi (bis)

integraziorako

hamaika gabezi

ta politikariak

gugandik ihesi

ez logopeda eta

ez behar berezi

horrela ezin dugu

gizarterik hezi. (bis)

M. Lujanbio:

Hezkuntzak ez dauka ez

hamaika bertute (bis)

Heziberri ta LOMCE

hortxe dihardute

baina ikaslea dator

zeozerren truke

Pakistan Marokotik

pentsa ze ittute

guk greba egindakoan

nora joan ez dute. (bis)

A. Sarriegi:

Ta gainera bihurtu

gara puntu-mira (bis)

dianan jarri eta

harriak nork tira

hau ez da baldintza ona

egia hori da

eta etorkizunera

jarrita begira

honen ondorioak

antzemango dira. (bis)

M. Lujanbio:

Guk umeak hezi nahi

eta hezi ezin (bis)

nahiz tratatzen ditugun

maiteenak bezin

hezkuntza kondizioz

dago nahiko erkin

baina gizarte hontako

panoramarekin

nork enpatizatzen du

funtzionariekin? (bis)

Kartzelako lana

M. Lujanbio:

Doinua: Zuek famili afari hontan

Gaia: Atetik sartu zarenean, isildu egin dira denak.

Zuek famili afari hontan

gaur bildurik elkarrena

Gabon gaueko betiko ohitura

mingots honek dakarrena

nere aulkirik ez zegon hutsik

ta horixe da txarrena

baina hemen nator alaba ardi beltz

mespretxatua, herrena

aspaldi ikusi ez nauzuena

ez da hori zuen pena

nahiko arazo eman nizuen

esan behar bada dena

ta luzerako alde egin nuen

banun ta aski problema

kasu batzutan ihesa baita

aukera zentzuzkoena. (bis)

Jada ez dira ez larogeiak

baina neri errepara

azala zimel kolore zuri

ai inork ez nau anpara

badakizue ze hauts horizta

sartu ohi den zainetara

haren bila ta harekin beti

berdintsu zein eratara

hainbeste oker egin dut hemen

hau jakina ez al da ba

burua makur ta lotsaz gorri

jo dut etxeko aldaba

amari hainbeste gauza lapurtu

nizkion lehen eta hara

zure pitxirik ez dakart baina

hemen da zure alaba. (bis)

Gaztea nintzen, ederra nintzen

gure herriko erregin

dena lorea behar zuena

bilakatu zen erremin

ta bizioa ta desioa

batzutan bereizi ezin

kontrolatzen dut neuk neurtuko dut

nik neronen baitara zin

baina zorteak bizkarra eman

familiek ere muzin

etxera bueltan gaur umil nator

irribarretsu, atsegin

barkamen eta azalpen beharrik

ez daukazue nerekin

ta neri ere mesedez utzi

isilik geratu nadin. (bis)

ARRATSALDEKO SAIOA

Sei puntuko motza

Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus:

Doinua: Aresoarren bandera

Gaia: Santurtziko portuko zamaketariak zarete. Armaz betetako kontainerrak kargatu behar dituzue atzerrira doan itsasontzi batean. Maialen, uko egitea proposatu dizu Ametsek.

M. Lujanbio:

Ai, gerraren gerizpea

ze bizileku tristea!

Halare zaila dugu gu biok

hori eraistea

txarra dela sinistea

eta liskarra piztea

baino hobea ez ote dugu

begiak ixtea? (bis)

A. Arzallus

Barku horretan sartzean

ta gero bidaiatzean

deskargatuko dira Riaden

nahiz Qatar ertzean

ta gero noraezean

agian geure etxean

ez dezagula eskurik jaso

Parisen lehertzean! (bis)

M. Lujanbio

Nahiz gu gerarazi nahi

inkoherentziak hor darrai

eta Parisen gertatzen bada

gu ez gaude lasai

Siria, Arabia, ai!

Han kargamentu honen zai

nik han gerrarik ez dut nahi baina

etxean jana bai. (bis)

A. Arzallus

Gerra eta gerraondo

itsaso ta itsas hondo

nik gaurko lana ukatzen dut ta

egingo dut tongo

gero Daexeko frango

hemen baitira izango

eta zuk hil da gero ez duzu

zer janik emango. (bis)

M. Lujanbio

Dáesh hainbeste urteko

kontu gordin entzuteko

hori gugana helduko danik

ez dezu usteko

ni kapaza naiz eusteko

ta lanari ez uzteko

horma eraikitzen ari dira ta

hau ez ikusteko. (bis)

A. Arzallus

Ta hola goaz itsutzen

nahiz tantak diren isurtzen

ta nahiz zaila den gure mundua

bi hitzez laburtzen

han zernahi dugu lapurtzen

ta armaz ditugu egurtzen

biktimarena eginez gabiltz

piztia laguntzen. (bis)

Zortziko txikia

Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio:

Doinua: Maritxu nora zoaz I

Gaia: Segurtasun lanetarako kontratatu zaituztete. Herriko plazan jarri duten jaiotza erraldoia zaindu behar duzue gauez.

A. M: Maialen hau lana da

edo ez da lana?

M. L: jaiotza bat zaintzea

ze nolako plana

A. M: ordu luzea bertan

beraz iragana

M. L: Jesusek bi mila urte

holaxe darama.

M. L: Ta hori honezkero

ez da mugituko

A. M: utzita ere ez du

inork lapurtuko

M. L: astoa eta behia

biziak gertuko

A. M: zenbait lan nik ez ditut

inoiz ulertuko.

A. M: Zeinek ikusten du ba

honen arriskua?

M. L: Gabonetan jaiotzan

argia piztua

A. M: zertan deitu gaituzten

ezin sinistua

M. L: San Jose ere dago

dena berriztua.

M. L: Gaur arte argitara

ez zuten atera

A. M: gaur atera dute ba

idiaz batera

M. L: Espiritu Santuaz

lotsatua bera

A. M: hori dator milagro

batzuk egitera.

A. M: Eta San Josek gaizki

begiratzen dio

M. L: amantetzat besteek

ez dute balio

A. M: ume hori jaio zen

hau dela medio

M. L: Ama Birjina isilik

ze erremedio!

M. L: Hori lehen hala zen ta

orain ere hala

A. M: uste al dezu benetan

hau birjina dala?

M. L: sexu harremana izan zen

espirituala

A. M: horren santua bada

aitortu dezala!

A. M: Horrelaxe ikasi

genuen dotrina

M. L: ahaztu ere halaxe

ein zaigu jakina

A. M: onartu behar omen da

aurretik egina

M. L: erne! Mugitzen ari

da Ama Birjina!

M. L: Ta bera mugitu ta

gu guazen hemendik!

A. M: baina beste lau ordu

dauzkagu oraindik

M. L: ta beste izkinatik

ardiak irten dit

A. M: gu inork ikusteko

zai gaudela lehendik.

Bakarka

Maialen Lujanbio:

Neurria: Hamalauko handia

Doinua: Lurraren pean sar nindaiteke

Gaia: Ama izan zara. Denek diote pozik egon behar zenukeela, baina ez zara hala sentitzen.

Gizartearen joera batek

ote nindun hona bultza?

nere bizitzan egiteraino

horrenbesteko doikuntza

ama bakarra izan nahi nuen

eta jaso dut laguntza

tratamentutan nekea eta

osasuna ta dirutza

ta azkenean zabaldu da, ba

nire ametsaren kutxa

ume txiki bat bilakatu dut

nere bizitzaren funtsa

lehen ezaren hutsa nuen ta

gaur izan ondoko hutsa (bis)

Hain pozgarria behar zuena

izan zitekeenik hitsa

bera negarrez, bera oihuka

berak ezpainetan bitsa

eta nik nola ondo ez dakidan

nola den ama langintza

umearekin nabil nolabait

ezin aurkiturik giltza

nere lagunek ta medikuek

ai, ze aholkularitza!

Ia lau urte eta erditan

tratamentuan gabiltza

nik ez dakit ze puntutara arte

behartu behar den bizitza. (bis)

Ez dut esango ume txikiak

egiterik enbarazu

baina batzutan erotzen nau, bai

negar egiten du gartsu

nola liteke izan hain txiki

hain handi ta hain ahaltsu

egunen baten haziko zara

ta egingo didazu kasu

triste ta pozik, pozik ta triste

mila sentipen jo ta su

xiringa baten genea baina

nere aurpegia daukazu

ta luze gabe adiskide izan

beharko gara ni ta zu (bis)

BURUZ BURUKOA

Zortziko handia

Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze:

Doinua: Begiak itxi badator eta (Naiari)

Gaia: Bake artisauak zarete. Lehengo larunbatean, lanean aritu zineten Parisen. Astebete pasatu da, eta etorkizunari begira jarri zarete.

A. Mendiluze

Oraindik hango oihartzun hots bat

besterik ez det aditzen

herriak zerbait behar zuela

lehengo astean argi zen

eta nahiz eta saiatu geran

gu bide hori argitzen

bidea ez zen Parisen hasi

ta ez da amaitzen Parisen.

M. Lujanbio

Parisekoa bakarrik baizen

abiapuntu, pretestu

alderdi danek onartu dute

alderdi danek babestu

baina ez dakit hegoaldean

dauden hontarako prestu

desarmea eskuz egin genuen

ta bakea eskuz esku.

A.Mendiluze

Bidea horrek izan behar du

gure aldetik argi da

beste aldearen joera berriz

atera arren argira

berriz baldintzak, berriz legeak

beti ateratzen dira

baina ez gera eurentzat ari

baizik barrura begira.

M. Lujanbio

Baina barruan ere guztiak

ez dira gure hitzeko

jendea dugu hemen kolore

ta iritzi anitzeko

«ezinezko da» saltzen digute

guk ezer ez ukitzeko

laborariak gai izan gara

bi gobernu mugitzeko.

A. Mendiluze

Bakea baita gure helburu

eta ahalegina arau

bai gobernu bat ta bai bestea

lehengoak lehengoan dirau

baina jendeak konprenitzeko

momentu polita da hau

gu ez gerala, ilusioak

egiten gaitu artisau.

M. Lujanbio

Konpon ditzagun lehengo biktima

ta lehengo bonba zartada

ekar ditzagun behingoz presoak

herrira, euren etxeetara

eta goazen bada bakerantz

ortzemuga den hartara

bakea ez da inoiz helduko

bakea joatea da.

Zortziko txikia

Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze:

Doinua: Maritxu nora zoaz I

Gaia: Zu, Maialen, Aitor sei urteko umearen lagun imajinarioa zara. Gaur esan dizu dagoeneko ez duela zure beharrik.

M. Lujanbio

Adin hontara heldu

ta hau da pikea!

Kostatu zait nor nintzen

ere jakitea!

Uste al dezu zurea

dela agintea?

Orain kostako zaizu

ni desegitea!

A. Mendiluze

Baina ez da alperrik

pasatzen denbora

ia ez zaitut behar

ta ez zaude gustora

sortu zinen begiak

itxi ta gerora

ta berriz zabaltzea

aski izango da.

M. Lujanbio

Pixka bat heldu da ta

harrotu da dena!

Erabat juan zaio

umearen sena

aizu, helduaroa da

denik ta tristeena!

Gero ere beharko dezu

zuk irudimena.

A. Mendiluze

Beti babes aurkitu

ohi da lagunean

baina sobran da adin

gehio degunean

ez naiz bakarra izango

zure jarduean

zenbatgarrena nintzen

curriculumean?

M. Lujanbio

Zu lehenengoa zinen

sinistu benetan

ni fidelena bainaiz

aizu fideletan!

Ez baldin banauzu nahi

zure ondoan, bertan

azalduko natzaizu

amets gaiztoetan.

A. Mendiluze

Lehenago ere ez zaude

gutxi eraginda

ta aurreratzean ez

gehio eragin ba!

Agurtu behar zenuke

gauza bat jakinda:

ez da zure erruz baina

bukatu egin da.

M. Lujanbio

Gero ez zazula ba

malkorikan xuka!

Gero ez zazula izan

lehengoan gomuta!

Pena da bukatzea

eta nola buka

behin horrelako gauza

ederra sortuta!

A. Mendiluze

Pena dela zenion

penaz al zaude zu?

Aurrera begiratuz

asma dezakezu

denei berdin eskaintzen

baldin badiezu

lasai beste lagun bat

aurkituko dezu.

Kartzela

Maialen Lujanbio:

Doinua: Betroiarena A

Hitza: Izerdia

Izerdiak lehenago

fama ona zekarren

pixka bat moteldu da

urteetan barren

lehen lana ta izerdia

zen balore aurren

gaur egunera arte

lagunak elkarren

izerdia zer den

zail da esaten zeren

jai eta astelehen

hartuta atseden

besterenetik asko

bizi da hemen (bis)

Neurria: Hamaseiko berdina, 8 puntuz eta 8 silabaz

Doinua: Norbere mundu intimo

Gaia: Bada ordu-erdi auto bera atzetik duzula.

Esan ziguten hau zala

pagotxaren erresuma

baina gaueko lanean

hemen gabiltza ze suma

negu hotzean jantzi gutxiz

dijoa gure jarduna

lanerako da gaua ta

lanerako da eguna

nolabait salbatzen degu

gure presente zurruna

biharra etorkizuna

guretzat beti lurruna

gizon dijoa txofer

nigatik ordaindu duna

ez dakit bera ala ni

hemen nor den erruduna (bis)

Miribillako rotondan

errekarriz errekarri

bezalaxe egin ditut

mila buelta errukarri

geratzen dira kotxeak

ta guk begira elkarri

beraiek «etorri!» esan

ta guk: «dirua ekarri!»

Nahi bezalako bezero

atseginik ez da sarri

ta askotan gisan orain

autoan estu ta larri

ertzain auto bat atzetik

eta sirenak aldarri

baietz bera libre utzi

ta neri isuna jarri. (bis)

Nerbioi ertza, San Frantzisko

Mercedetik ta Somera

hor doa gure ihesa

ta ihesaren errobera

nere animoak dabiltz

orain gora, gero behera

nere ezkerreko jaunak

ez dirudi oso onbera

ta ertzainak harrapatzen

ez bagaitu ere zera:

pentsa zenbaterakoa

izango dudan plazera!

Horrelakotxea baita

gu prostituton papera

irabazten dugula ere

galtzen ateratzen gera. (bis)

Transkripzioak: Xan Alkhat eta Irati Brabo

Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Pablo Larrainen 'Spencer' filmeko irudi bat. ©Donostiako Zinemaldia

Pablo Larrainen 'Spencer' izango da emanaldi sorpresako filma

Andoni Imaz

Etzi emango dute, 16:00etan, Viktoria Eugenian. Diana Spencer Galesko printzesari buruzkoa da.

Johnny Depp aktorea, atzo, Donostia Saria jasotzeko ekitaldian. ©Gorka Rubio / FOKU

Depp: «Arrazoi bakarrarengatik nago hemen: jendearengatik»

Edu Lartzanguren

Emazte ohiari tratu txarrak eman izanaren salaketa airean egon zen ekitaldian, nahiz eta inork ez aipatu zuzenean.

Thierry de Peretti zuzendaria eta Vincent Lindon aktorea, gaur, Donostian ©Jagoba Manterola / Foku

Droga trafikoaren barrunbeak eta kazetaritza, Sail Ofizialean

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Thierry de Peretti zinemagile frantsesak ‘Enquête sur un scandale d’état’ aurkeztu du Sail Ofizialeko lehian.‘La hija’ erakutsi du Manuel Martin Cuenca zuzendari espainiarrak sail berean, lehiatik kanpo

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna