Erabakitzeko eskubidea itun berrian jaso dadin, akordioa bilatuko dute

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ados daude estatus berriaren alderdi batzuen inguruan

Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeak bilera egin zuen atzo goizean. Otsailean batzartuko da berriro. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean aritzen diren alderdiek dagoeneko aztertu dituzte gainerakoek aurkeztutako proposamenak, eta horietan ikusten dituzten adostasun puntuak zerrendatu dituzte. Legebiltzarrean gehiengoa duten EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos bat datoz ideia nagusi batean: estatus politiko berriak erabakitzeko eskubidea jaso behar duela. Ados daude puntu horretan hiru alderdiak lantaldean, eta, nahiz eta eskubide hori estatus berrian txertatzeko moduaz erabat ados egon ez, ahalegina egingo dute estatutuaren erreforman erabakitzeko eskubidea sar dadin.

Aurrera egiteko urrats garrantzitsua egin du, hortaz, Autogobernu Lantaldeak. Erabakitzeko eskubidea lantaldearen jardunaren erdigunean izango da, nahiz eta PSE eta PP horren aurka egon. Joan den azaroan egindako bileran, bi alderdi horiek proposatu zuten «adostasun nahikorik biltzen ez duten puntuak», eta bereziki erabakitzeko eskubidea, eztabaida horretatik ateratzeko, baina gainerako taldeek atzera bota zuten eskaera. Elkarrekin Podemosek ere erabakitzeko eskubidea lantaldetik kanpo atera eta bigarren mahai batean lantzea proposatu zuen, baina haren eskaerak ere ez du babes nahikorik izan. Nolanahi ere, taldeak esan du «erantzukizunez» jokatuko duela, eta prest agertu da lantaldearen barruan ere erabakitzeko eskubideaz eztabaidatzeko.

Otsailean batzartuko da atzera lantaldea, eta ordurako estatus berriaren «argazkia» eginda egotea espero dute taldeek. Urtarrilaren 31erako talde bakoitzak testu egituratu baterako proposamen bat landu beharko du, babesten dituzten eta adostasun handiena bildu duten oinarriekin. Ondoren, testu horiek guztiak oinarri hartuta, estatus berri baterako txostena landuko dute, eta hori izango da, gerora, autogobernua eguneratzeko eztabaidaren erreminta.

Jeltzaleek uste dute eskubide historikoen eguneraketa «heldulekua» izan daitekeela erabakitzeko eskubidea itun berrian txertatzeko. Joseba Egibar bozeramaileak azaldu du Espainiako Konstituzioa aldatu gabe lor daitekeela, legediak aukera ematen duelako erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, «borondate politikoa» egonez gero. Halaber, jeltzaleak saiatuko dira ados jartzen Euskal Herria «subjektu politiko» gisa definitzeko eta erabakitzeko eskubidea «modu adostuan» txertatzeko.

Buruzagi jeltzaleak argi du erabakitzeko eskubideak estatutu politiko berri baten «motorra» izan behar duela, eta «adostasun zabalena» lortu behar dela hori aurrera eramateko. Gogoratu du 75 legebiltzarkideetatik 57 daudela erabakitzeko eskubidearen alde, eta «PSEk eta PPk hori ulertu eta gehiengoa errespetatu» beharko luketela. Haren iritziz, gaiak ez du zertan arrakalarik sortu Eusko Jaurlaritzako bazkideen artean, gobernu akordioan jasota baitute autogobernuaren inguruan askatasunez jardutea.

Ituna, legealdi honetan

Itun politiko berriaren printzipioak zehazteko fasea amaitzen denean etorriko da testu egituratua definitzeko garaia. Lege proposamen gisa aurkeztuko da estatus berria, eta lege egitasmoen ohiko prozedurari jarraikiz, hilabeteak luzatu daiteke eztabaida. Hala eta guztiz ere, EAJk uste du denbora dagoela legealdi honetan itun berria onartzeko.

EH Bilduk, berriz, aukera ikusten du EAJrekin eta Elkarrekin Podemosekin batera erabakitzeko eskubidean aurrerapausoak emateko eta elkarrekin «bide luzea» jorratzeko. Estatus berriak eskubide hori txertatu dezan eginahalak egin ditu koalizioak, Maddalen Iriarte eledunak ziurtatu duenez. Gainera, ohartarazi du bere taldeak ez duela PSEren eta PPren «betorik» eta «xantaiarik» onartuko: «Oso argi utzi digute erabakitzeko eskubidea planteatzen badugu haien erantzuna 155. artikulua dela».

Elkarrekin Podemosek gizartearen gehiengoa bilduko duen akordio «transbertsala» eta «plurala» nahi du, eta horregatik ez du begi onez ikusten erabakitzeko eskubidea alde bakarreko bidetik jorratzea. Estatutuaren erreforma eta erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaidak banatzearen alde agertu da Lander Martinez eleduna, aurrera egiteko bide bakarra delakoan. Argitasun lege bat garatzea nahiko luke Elkarrekin Podemosek, eta ez du baztertzen bide hori jorratzeko ekinbideak aurkeztea.

PPrentzat, berriz, autogobernuan sakontzeko traba handi bat da erabakitzeko eskubidea. Borja Senper legebiltzarkideak ohartarazi du bide horrek «kale itsu» batera eramango duela euskal gizartea eta «bizikidetza arriskuan» jarriko duela. Senperrek EAJri dei egin dio lantaldearen norabidea aldatzeko, «Kataluniakoa hemen jazo ez dadin».

PSE-EEk komunikabideetara igorritako oharrean ez dio aipamenik egin erabakitzeko eskubideari, baina azpimarratu du estatutuaren erreformak herritarren beharrei erantzun behar diela, «identitate sentimenduak» alde batera utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.