Aurten, hilero bati tokatu zaio

«Lehendakari gisa nola babestuko gaituzu?», esan dio Etxerat-ek Urkulluri sakabanaketari buruz

Senideen autoaren argazkiarekin, Etxerat-ek atzo Bilbon egindako agerraldia. M. DEL VALLE -ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Sakabanaketak bederatzi auto istripu eragin ditu urteko bederatzigarren hilerako. Presoak ikustera joaten diren senide eta lagunez betetako auto batek izan du istripua hilero, batez beste. Oso larria izan da azkena. Ugaitz Perez presoaren senideek larunbat gauean izan zutena. Jone Artola Etxerat-eko kidea autoan harrapatuta geratu zen. Beste senide batek atera behar izan zuen atzeko leihotik. Alde bateko hiru saihets hautsiak ditu, beste aldeko bat ere bai, humero hezurra hiru lekutatik zatituta eta bularrezurra pitzatuta. Operazio zaila egin beharko diote. Hobeto dago haren bikotekidea, baina ospitalera eraman behar izan zuten herenegun, bigarrenez, ondoezak jota.

«Horrelako istripuak ez dira besterik gabe gertatzen», ohartarazi du Etxerat-ek azken istripua salatzeko agerraldi jendetsuan. «Ez dira kasualitatea, kausalitatea baizik». Presoen senide eta lagunek haien hurkoak bisitatzeko astero ehunka kilometro egin beharrak erantzuleak badituela salatu du. «Mina egin beste helbururik ez duen espetxe politika hau indarrean jarri zutenei dagokie erantzukizun oso-osoa». 16 hildako eragin ditu sakabanaketak.

«Gure eskubideak eta milaka euskal herritarrenak astebururo urratzen dira», esan dute Nagore Lopez de Luzuriagak eta Izaskun Abaigarrek presoen senideen elkartearen izenean. Eta neurriak eskatu dituzte: «Urkullu jauna, lehendakari gisa nola babestuko gaituzu? Sakabanaketak eragindako edozein biktimaz noiz arduratuko zara zuzenean?».

PSE, PP, UPD eta UPN ere aipatu dituzte; baita Frantziako presidentea ere: «Ares jauna, Senper jauna, Maneiro jauna, Barcina anderea eta, jakina, Hollande jauna: zein onura lortzen duzue egoera honetatik? Zergatik tematzen zarete gure sufrimendua mantentzen?».

Jone Artolaren neba Josebak bere senideen egoeren berri eman du, haserre: «Arreba egoera larrian dut, koinatua ere ospitalean, baina hiru hiletari buruz hitz egiten egon gintezkeen». Sakabanaketa «mendeku hutsa» dela salatu du: «Eta ez soilik barruan dauden presoen aurkakoa; baita senideen aurkakoa ere barruan daudenak maitatzeagatik. Hori da sakabanaketa».

Mobilizazio eta protestak

Politika hori salatzeko mobilizazioak egingo ditu Etxerat-ek gaur 12:00etan Bilboko Arriagan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Donostiako udaletxean eta Iruñean, parlamentu aurrean.

Bestalde, Amaiurrek eskubideak bermatze aldera sakabanaketa «bestelako baldintzarik gabe» amaitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Barne ministroari igorritako gutunean.

Bizkaiko Batzar Nagusietako EAJk eta EH Bilduk, berriz, «euskal preso guztiak euskal kartzeletara hurbil ditzatela» eskatu diote Espainiako Espetxe Erakundeari, «oraingo egoerak zigor erantsia ekar ez diezaien ez haiei ezta haien senideei ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.