Eremu mistora aldatzeko aukera jarri die laukoak Nafarroako hamabi udali

Euskararen Legea aldatzeko proposamen bat erregistratu dute lau alderdiek parlamentuan
2010ean ere Euskararen Legea aldatu zuten, eremu mistoa zabaltzeko; irudian, parlamentuko bilkura.
2010ean ere Euskararen Legea aldatu zuten, eremu mistoa zabaltzeko; irudian, parlamentuko bilkura. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Mikel P. Ansa -

2017ko otsailak 10
Zonalde ez-euskaldunetik eremu mistora pasatzeko eskariak eginak dituzten Nafarroako 11 udali eta Noaingoari —2010ean abiatu zuen prozesua— aukera emango die gobernuak. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak lege proposamen bat erregistratu dute, Euskararen Legea aldatzeko. Alegia, eremu mistoa osatzen duten herrien zerrenda aldatzeko. Hartara, orain arte zonalde mistora aldatzeko mozioak onartu dituzten edota eskariak egin dituzten 11 udal eremu mistoan sartuko lirateke.

Lizarrako merindadean daude eskariak eginak dituzten udal gehienak: Abaigar, Ameskoabarrena, Antzin, Artazu, Cabredo, Murieta, Villatuerta, Zirauki eta Zuñiga. Mendigorriak (Erriberrikoan) eta Oibarrek (Zangozakoan) ere eskatua dute. 11 udal horietaz aparte, Noaingo Udalak ere galdegin zuen garai batean eremu mistora pasatzea; 2010ean aukera eman zion Nafarroako Parlamentuak, baina orduko hartan atzera egin zuen udalak. Orain, laukoak babestutako gobernuak aukera berri bat eman nahi dio: udalaren gehiengo absolutuak hala eskatzen badu, eta agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako unetik beretik, Noain ere automatikoki pasatuko litzateke eremu mistora.

Laukoak aurkeztu duen lege proposamenak zehazten du 1986an Nafarroa hiru hizkuntza eremutan zatitu zenean —euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna— irizpide soziolinguistiko eta politiko batzuk hartu zirela aintzat. Euskararen Nafarroako Legeak hiru zerrendatan jaso zuen eremu bakoitza zein udalek osatuko zuten. Lege hura onartu eta 30 urte geroago, «Nafarroako lurraldean errealitate soziolinguistikoak garapen bat izan du, eta botere publikoek horri erantzun behar diote», esplikatzen du lau alderdien testuak. Era berean, gogoratzen du azken hilabeteetan udal batzuek gaiari buruz eztabaidatu dutela, eta erabaki dutela euskara ere badela haien herrietako «hizkuntza propioa». Gainera, udal horiek gobernuari eskatzen ari zaizkio, zonifikazioak iraun bitartean bederen, eremu mistora aldatzeko legezko aukera bat. Hortaz, Euskararen Legea errealitate horretara egokitzea erabaki dutela azaldu dute lau alderdiek.

2010ean ere aldaketa

Ez da Euskararen Legea moldatzen den lehen aldia izango. Ildo berean, 2010ean, Aranguren, Beraskoain eta Galar eremu ez-euskaldunetik mistora pasatu ziren. Udalek hala erabaki zuten, eta Nafarroako Parlamentuak bide eman zien eskariei, legea aldatuta. 2015ean, berriz, hezkuntzaren alorrean eman zuten pausoa: D eredua eremu ez-euskalduneko eskola publikoetara zabaldu ahal izateko aldatu zuten araua. Eta orain beste moldaketa bat egiteko aukera ireki du laukoak, eremu mistoa berriro hedatzeko. Alderdiek ez zuten itun programatikoan adostasunik lortu Euskararen Legea berritzeko, baina aipatu zuen legediak ematen zituela bideak euskara garatzeko. Horretan ari da, dekretuak erabiliz.

Praktikan, legeari begiratuta, duela gutxira arte ez zen alde handirik eremu mistoaren eta ez-euskaldunaren artean. Izatez, zonalde mistoan euskara ez da ofiziala, baina eskubide batzuk aitortzen zaizkie herritarrei: besteak beste, administraziora euskaraz jotzeko aukera dute; eremu ez-euskaldunean, berriz, erakundeek erdaraz egiteko eska diezaiekete herritarrei.

Dena den, administrazioan euskararen erabilera sustatzeko gobernuak aurkeztu berri duen dekretuak ekarriko ditu aldaketa batzuk eremu mistora. Euskarazko arreta «bermatzeko neurriak» hartu beharko dituzte erakundeek, besteak beste, herritarrekiko harreman zuzenean zein dokumentazioan. Ikurrak, errotuluak eta bestelako seinaleak ere ele biz jartzeko beharra ezartzen du arauak —eremu ez-euskaldunean, «aukera» baino ez du aipatzen legeak—. Hizkuntza eskakizunak zehazten hasteko bidea ere ireki du dekretu horrek: euskaraz jakitea derrigorrezkoa ez den postuetan, meritu gisa hartuko da kontuan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna