Francisco Ferrandiz. Antropologoa

«'Lotuta eta ongi lotuta' hitzak ongi irudikatzen dira Erorien Haranean»

Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko lanean ari da Madril. Ferrandizen ustez, ordea, Franco ez ezik, Primo de Rivera ere atera behar da, «nazional-katolizismoaren ardatza» desegiteko.

Iosu Alberdi.
Donostia
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Francisco Ferrandiz antropologoa Donostian da azken egunetan, EHUren udako ikastaroen barruan egin den Gorpu deserosoak: biolentzia masiboa, hobi komunak eta nekropolitika nazioarteko kongresua zuzentzen, Francisco Etxebarria auzi mediku ezagunarekin batera. Ferrandiz Erorien Haranaren etorkizuna erabakitzeko adituen batzordeko kide izan zen; beharrezko ikusten du eremu horrek «monumentu totalitario» izaera galtzea.

Badirudi Espainiako Gobernua Franco hobitik ateratzear dela, eta gaia puri-purian dago. Zure ustez, zer gertatuko da?

Erorien Haranaren inguruko batzordean, Franco hobitik ateratzeko kontakizuna idazten parte hartu nuen. Kontzeptu globala zen monumentuaren hierarkia frankista desegiteko beharra. Francoren hilobitik harago doa. Franco eta Jose Antonio Primo de Rivera ardatza da gakoa; nazional-katolizismoaren ardatza. Franco atera baina Primo de Rivera uzten baduzu, ez zara desegiten ari. Botere politiko handiko figura da hori ere. Ezinbestekoa da biak monumentutik ateratzea, gutxiengo baldintza gisa.

Horrek lagunduko luke haranak duen izaera aldatzen?

Beharrezkoa da, baina ez nahikoa. Monumentua erradikalki eraldatu behar da. Nik teknologia berrien aldeko apustua egingo nuke, haraneko kontakizun hegemonikoa hausteko. Esaterako, wifi sare bat jarrita, bisita errealitate zabalago bat jasota egiteko: nola eraiki zen, preso errepublikanoen inguruko informazioa, zer esan nahi duten ikurrek... Ez izatea benediktinoen ordenak kontrolatutako zerbait, hau da, tranpaz betetako adiskidetze kontakizun frankista bat.

Museo antzeko zerbait bilakatzea gustatuko litzaizuke, beraz.

Museo kontzeptua motz geratzen zait. Harana gordetzea defendatzen dut, ideia faxistak kanpoan utzita. Ondo azalduz gero, balio pedagogiko handia izan dezakeen monumentua da. Horretarako, sinbologia frankistaz hustu behar da. Hustu esatean diot benediktinoei kontrola kentzea; eskuin muturra handik ateratzea.

Zer lortu beharko litzateke aldaketarekin?

Erakutsi nahi da monumentu totalitario bat dela. Bide interesgarri bat sor daiteke, besteak beste, Alemanian Hitlerrek eraikitako hainbat monumenturekin lotuta. Eternitaterako eraikitako monumentuak dira. Egiptoko piramideak bezala, baina era faxistara. Bide berri horrekin, esanahia aldatzen zaie, Europan geratzen diren monumentu faxistak ulermen esparru global batean jarrita. Oso indartsua iruditzen zait, baina ez nago ziur Espainiako Gobernuak zerbait egingo duen legegintzaldi honetan, Franco ateratzeaz gain. Eta, hori, ahal badute.

Ari al dira lanean hori posible egiteko?

Espainiako Gobernua diskretuki ari da lanean. Guk ez dugu inongo informaziorik, eta ongi iruditzen zait. Filtrazioak egon daitezke, eta defentsa bat sor daiteke. Gobernuak ezin du huts egin, Franco ateratzeak atzeraezina izan behar du. Ezin da Sanjurjorekin bezala gertatu, non bat-batean hilobira itzul dezaketela ebatzi duen sententzia batek. Atzerapenaren arrazoia hori dela uste dut.

Franco aterata, zer egin behar da biktimak dauden haraneko hobi komunekin?

Hori ikertu gabe dago. Erorien Haranaren inguruan sekretismo asko dago, apurtuz joan garena. Badakigu 12.000 ezezagun baino gehiago daudela haranean hilobiratuta. Ez dakigu, ordea, zenbat errepublikano dauden. Asko geratzen da egiteko, eta ez da erraza. «Lotuta eta ongi lotuta» hitzak oso ongi irudikatzen dira haranean. Norbait zerbait egiten saiatu denean, atzera bota dute.

Nola da hori posible?

Aliantza bat dago Francisco Franco fundazioaren, Francoren familiaren eta eskuin muturreko taldeen artean. Adiskidetzeaz hitz egiten dute, baina tranpa bat da. Gurutzeaz diote bi Espainiak besarkatzen dituela, munduko bakea besarkatzen duela. Hori erakutsi nahi dute. Francoren heriotzatik 40 urtera kontakizun hegemonikoa bera da.

Gainontzeko hobitik ateratzeek ba al dute eraginik hori aldatzeko?

Hobi komunak lurpetik ateratzeak jarri ditu mehatxupean kolpisten gorpuzkiak. Mola, Sanjurjo, Primo de Rivera eta Franco mehatxupean daude. Prozesu beraren barruan daude bi aldeak. Biktimen gorpuak espazio publikoan ageri dira, eta horrek arriskuan jartzen ditu egileak.

Eta gizarteak nola erreakzionatu du?

Hobitik ateratzeek Espainiako historia aldatu dute. Kongresu honetan fokua ireki nahi dugu. Memoria traumatikoaren kudeaketaz ari gara: gerra zibilak, mundu gerrak, estatu indarkeria, genozidioak... Horiek gaur egun geratzen diren arrastoekin lotuz. Hemen, edalontzi batean itotzeko joera dugu, besteekin konektatzen uzten ez digun diskurtsoekin. Fokua irekitzen dugunean, Perun, Polonian... zer gertatu den ikusita, konturatzen gara; bakoitza bere erara, iragan traumatikoari aurre egiteko prozesu global baten parte dela.

Nola egiten da prozesu hori?

Gertatutakoaren frogak aurkituz eta egileak zigortuz. Espainiako kasuan, ez da hala, denbora pasatu delako, amnistia lege bat dagoelako... Esaterako, Argentinan, jeneralak espetxeratzen ari dira. Bosnian, auzitegi berezi bat egon da. Kasu horiek aztertuz, errazago uler dezakegu hemen duguna. Guk hainbat mailatan egiten dugu lan: biktimekin, eta familiekin hitz eginez; ikuspegi akademikotik, jakituria eraikiz; eta instituzioekin lan eginez, ahotsa izateko memoriaren inguruko politiketan.

Zuen lana gorpuak ateratzea baino zerbait gehiago da.

Oso lan konplexua da. Forentseek gorpuen eta hobitik ateratzeen inguruko debate teknikoak dituzte. Antropologoak, berriz, sinbolismoan, etorkizuneko politiketan... zentratzen gara. Juristek sistema ezberdinak aztertzen dituzte; horiek nazioarteko legedian nola txertatzen diren. Bakoitzak zentzua ematen dio. Memoria digitala ere oso garrantzitsua da, teknologia gizartea ezagutzeko modua eraldatzen ari baita. Memoria eraikitzeko era oso ezberdina da.

Aipatu izan duzu hobitik ateratzeak ez direla berriak, baina aldaketa nabarmenak egon dira.

Gaur egungoak azken hobitik ateratzetzat hartu nahi ditugu, ez aurrenekotzat. Gerra zibilean egon ziren, gerraostean; Erorien Haranera ere milaka gorpu mugitu ziren. Trantsizio garaian ere ugari egin ziren, baina laguntza teknikorik gabe. 2000n errekuperatu ziren, eta sofistikatuz joan dira. Paco Etxebarria gakoa izan da prozesu horretan. Influentzia handia izan du, Espainiako protokolo ofiziala ez baitzen 2011ra arte atera. Etxeberriak bazuen hamar urte lehenago.

Kontakizunen gerraz hitz egiten da. Nola egin aurre horri?

Nik kontakizunen ugaritasunean sinisten dut. Betiere, giza eskubideen barruan. Marra gorria antifaxismoaren eta giza eskubideen barruan dago. Nire ustez, kontakizun bat ezin da dekretuz sortu. Erorien Harana dekretuz eginiko kontakizun bat da. Ni halako memoriaren aurka nago; gizarteak memoria plurala behar du. Hori da demokrazia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.