Ehun eragileren baino gehiagoren atxikimendua jaso du Harroren manifestazioak

Maite Asensio Lozano.
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Babes handia eta zabala jasotzen ari da LGTB taldeen Harro plataformak larunbatean Bilbon Harro ez da Europride. Gure izenean ez! lelopean egingo duen manifestazioa. 121 eragilek adierazi diote atxikimendua deialdiari; tartean daude, LGTB elkarteak ez ezik (EHGAM, Lumagorri, Medeak, Ozen, Sare Lesbianista, Aldarte, 7menos20...), sindikatuak, alderdi politikoak, talde feministak, gazte erakundeak eta internazionalistak, besteak beste. Era berean, Harrok jakinarazi du elkarlan ildo bat abiatu duela Bizkaiko metalaren sektorearekin; langileek borroka eguna antolatu dute zapaturako: Harroko kideek bertan parte hartuko dute, eta, arratsaldean, metaleko beharginak manifestaziora batuko dira.

Europride jaialdia antolatzeaz arduratzen den elkarteak (EPOA) bilera egingo du Bilbon ostegunetik aurrera, eta hori aprobetxatu nahi dute Harroko kideek halako ekitaldi handiak gaitzesteko, kontuan izanda Bilbora festa hori eramateko asmoa agertu dutela instituzio publikoek. LGTB kolektiboa merkantilizatzea egotzi die Harrok halako egitasmoei: «Badago gure borrokan merkatu hobirik ikusi duenik, gay hotelak eraikiz edo LGTB kolektiboarentzat ekitaldiak antolatuz, esaterako. Hori guztia gure kolektiboa borrokan jaioa eta hazia dela ahaztuz egiten dute». Hartara, dei bat izango da larunbateko mobilizazioa, «gure mugimendua dinamika kapitalistei lotzeari uzteko».

Ostiraletik hausnarrean

Halere, protestaren bueltan egitarau zabala antolatu dute plataformakoek 7katu gaztetxean. Ostiralean hasiko dira, 18:00etatik aurrera, Harroren aurkezpenarekin, eta Bilbao Bizkaia Pride festari buruzko solasaldi batekin. Larunbat goizean, berriz, bi mahai inguru egingo dituzte, 10:30etik aurrera: herri mugimenduen asimilazio prozesuak eta makroekitaldien eragina aztertuko dituzte. Gauean jai egiteko aukera ere jarriko dute: 22:00etan hasiko da (H)Ortz-adarra jo! festa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.